«Liburu hau, azken finean, nire antologia bat bezalakoa da». Justu elkarrizketa amaitutzat emandako unean bertan bota du Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— lanaren definizioa Angel Erro idazle eta BERRIAko zutabegileak (Burlata, Nafarroa, 1978). Baina segundo bakarrera gehitu dio ñabardura. «Nire porroten antologia bat bezalakoa». Hamazazpi urte ziren bere aurreko poema bilduma, Gorputzeko humoreak (Alberdania), argitaratu zuela, eta, onartu duenez, urteotan guztiotan hasi bai baina bukatu gabe utzitako hainbat poema libururen naufragioen arrastoekin osatu du argitalpen berria. XIV. Blas de Otero-Angela Figuera Poesia Lehiaketa irabazi zuen hari esker, eta Ereinek eman du orain argitara. Haren literaturan bezala, haren diskurtsoan ere etengabe nahasten dira umorea, ironia eta erudizioa, eta duela hiru urte argitaratutako Lerro etena (Elkar) memoria eta apunte liburuaz hizketan hasita egin du autorretratua: «Euskal kultura taberna bat balitz, irudi batean emateko, nik atetik gertu egon nahi nuke, zerbait eskatu ahal izateko, baina erretzera atera ahal izateko, edo kanpoan daudenekin ligatzera».
Euskal Herrian hirugarren poema liburua ateratzea zaila dela diozu. Zergatik?
Lehenengoa ateratzen duzunean oso harrera ona izango duzu. Euskal literatura hain da ahula, ze egile berri guztiei egiten diegu kristoren ongi etorria: promesa bat dela, ze gauza berria, hemen inoiz ez da egin horrelakorik eta ez dakit zer. 2002an atera nuen lehenengoa [Eta harkadian ni, (Elkar)] eta bigarrena [Gorputzeko humoreak (Alberdania)] handik hiru urtera, neurri batean aurrekoaren bultzadan. Hori ere ongi hartu zela uste dut, baina gerta daiteke ume txikiekin bezala, adin batetik aurrera jadanik ez dietela zure txantxa guztiei irririk egiten. Poetei gertatzen zaigu hori: adinarekin, igual ez zaigu grazia guztia joaten, baina jadanik gure txantxa guztiek ez dute grazia bera egiten.
Sasoi hartan hasi zinen zutabegile BERRIAn eta Argia-n, eta, paradoxikoki, poesia argitalpenik gabeko urte horietan idatziko zenuen inoiz baino gehiago.
Prentsan publikatzeak badu bestelako berehalakotasun bat. Beste droga klase bat da. Egun batean idatzi eta hurrengoan etorri daitezke erantzunak. Horrek ego egarria ase ahal dizu. Poesiak beste erritmo bat du; luzeagorako da.
Diozunez, argitaratzera iritsi ez ziren hainbat liburu daude liburu honen barruan.
Besteak beste, horregatik jarri nion titulu neutro xamar bat. Hainbat poema liburu idazteko ideia izan ditut tarte horretan. Amari izeneko poema bilduma bat zen haietako bat, kirolariei eskainitako oda olinpikoekin osatutako beste bat...
Eta zergatik jarraitu duzu, halere, poesia idazten?
Ez daukat oso argi, baina poema liburuen proiektu horien porrotarekin deskubritu dut nik ez dudala balio zertaz idatziko dudan aurrez programatzeko. Beharbada zutabegintzan edo ipuinekin edo nobelekin egin daiteke hori, baina poesian ez zait gertatzen. Eta saiatu naiz, e. Egingo dut poema bat honetaz edo hartaz. Edo idazteko momentuarekin ere gertatzen zait gauza bera. Jarri bilera luze batean paper batekin han, apunteak hartzen bezala, baina ez zait ezer etortzen burura, edo idazten dudanak ez du balio.
Eta orduan, nondik datoz poemak?
Ez dakit ziur. Bidera agertzen zaidan zerbait da. Orain denok eskuko telefonoarekin gabiltzan garai hauetan, bazoaz kalera, ikusten duzu harrapatu nahi duzun zerbait, ateratzen duzu telefonoa eta foto bat egiten diozu. Ba gauza bera egin daiteke poesiarekin, momentu bat edo pentsamendu bat harrapatzeko. Jainkozko inspirazioa noizbait existitu bazen, horrelako zerbait izango zen: badatorkizu, baina ez dakizu oso ongi nondik. Beste gauza bat pentsatzen zabiltza, beharbada, eta etorri egiten zaizu lehenengo esaldi bat, eta bultzada horrek asko balio du. Aurkezten zaizun zerbait da.
Liburuko kontrazaleko testuak dio poesiak hitza denboran geldiarazten duela.
Halako zerbait esan zuen Antonio Machadok: poesia zela hitza denboran. Hori besterik ez. Hitzezkoa dela argi dago, hori da bere materia, baina denboraren faktorea ez da ahaztu behar. Iraganetik datoz hitzak, proiektatu egin nahi dituzu. Eta nire poema batzuetan ere bi momenturen arteko talka bat deskribatzen da: ni idazten ari naizeneko momentuaren eta irakurlea irakurtzen ari deneko unearen artekoa, adibidez. Poesia tranpa bat izango balitz bezala, berez atzeraezina dena geldiarazteko, bi denbora desberdin elkartzeko... Baina hori ez da aldez aurretik daukadan ideia bat poemetan azaldu nahi dudana; nire kezka bat da, antza denez, agertzen zaidana.
Oinazea eta plazera dira zure testuen motor nagusiak. Esate baterako, zure amaren heriotzak pisu handia du azken bi liburuetan, baina, horrekin batera, ez dira gutxi kirolari ederrek piztutako desirari buruzko poemak ere.
Edertasuna eta mina ere lotuta daude. «Edertasunak tristetu naroa», dio nire poemetako batek. Ikusten duzu zerbait edo norbait oso ederra eta eskuraezina, eta tristatu egiten zaitu. Ematen dizu min bat, denbora badoalako eta gauza horiek. Eta egia da liburuan ere amaren min horrek presentzia handia duela, baina nire gaurko bizitzan ez hainbeste.
Eta plazerarena?
Izan daiteke inskribatuta nagoen linean hori ere badagoelako.
Zein da linea hori?
Gorputzaren zelebrazioarena. Gorputza ospatu behar baduzu, eta maitasuna ere bai, eta, gainera, maitasun desberdinak, hori ezin da egin beti minetik. Erabakigarria da idazteko bultzada zer momentutan pizten zaizun ere. Liburuko poemetako batean, adibidez, ni diskoteka batean nago, gizon ederrez inguratua, eta ni eszena horretatik kanpo nago. Noski, barruan egongo banintz, igual poema hori ez litzateke sortuko. Baina, agian, suarentzat mina pizgarri hobea da plazeraren bustidura baino.
Plazer eskuratua akaso beregaina delako?
Eta, beharbada, hor ere injustuak gara. Ni bikote harreman lasai batean nago oraintxe, eta horrek oso pizgarri gutxi ditu. Beharbada neure burua behartuko nuke eguneroko maitasun apalaren defentsan ateratzeko, baina ez dakit.
Hain justu, eguneroko apal horren gorazarre moduko bat dira zure liburu guztiak.
Bai, baina hori ere poemak pizten zaizkidan momentuarekin lotuta dago; paseoan agertzen bazaizkit ez ditudalako egingo ideia handi baten inguruan.
Ez da hori baino gehiago? Eguneroko hori arakatzeko nahi bat dago zure poemetan.
Egunerokotasuna erabiltzearena, irudi oso argiak hautatzea... Ez dakit hori programa literario bat den edo nire gabezia bat. Ezin ditut metafora ulertezin gehiegi jarri bata bestearen segidan, argitasuna behar dut: eguneroko hori pixka bat limatu eta dirdirarazi, ahal den neurrian. Espero ez zenuen zerbait aurkitzeko hor.
Zure lehen liburuan atera zen, nolabait, zure poemarik arrakastatsuena. «Oro errana da, aspaldidanik. / Oro errana dela ere errana da. / Oro errana da, bada, ezinbestean. / Oro errana da, baina ez nik». Ia hogei urte joan dira ordutik. Zama zaizu?
Ezta batere. Ez naiz Shakira, eta ez didate egunero eskatzen poema berriz errezitatzeko. Buruz dakidan nire poema bakarra ere bada, bestalde. Nik uste poema ona... Bueno, poema ona den edo ez den ez dakit, baina beharbada hor dago nire poesiaren programa literarioa. Nire poesia da zaharra egitea berriz, ez berri, ze ez dago berri egiterik, baizik eta berriz. Eta programa horrek behartzen zaitu apala izatera. Ezin dut esan gauzak apurtzera datorren norbait naizenik, ez, gauzak berriz esatera natorren bat naiz. Oraindik ere hori da nire programa poetikoa, eta nik, politikoek ez bezala, beteko dut.
Kirolariei eskainitako oda batzuk ere baditu liburuak. Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileari eskainitako bat ere bai tartean, eta, sare sozialei esker, gainera, badakizu Odei Jainagak ere irakurri duela poema hori.
Ze lotsa.
Benetan?
Bueno. Poema horretan, zehazki, Lauaxetak palankari bati eskainitako poema bat dago oinarrian, eta hori gaurkotzea izan da nik egin dudan bakarra, nire programari jarraikiz. Eta, beraz, Lauaxetak esaten dizkio poemako gauza horiek, nire bitartez. Neurri batean, aitzakia hori sinetsarazi nion neure buruari, poema irakurri eta gainera Instagramen konpartitu zuenean lotsa gehiegi ez pasatzeko. Eta pixka bat parodikoa ere bada poema, bestetik, berez errimatzen ez duten errimaz osatuta dagoelako, zeren eta «akatsik ez» eta «likes» hitzek bakarrik errimatzen dute baldin eta gaizki esaten badituzu.
Oso literatura autokontzientea da zurea, eta azken liburuaren titulua horren adibide argia da: Poema liburu bat —irakurtzeko argibideak—. Eta poemetan ere maiz bistaratzen dituzu idazketaren eta irakurketaren ekintzak. Zerk eramaten zaitu gehienetan jakintzat ematen diren gauza horiek esplizituki erakustera?
Postmodernitatea famatu zenean eta izen txarra hartzen joan zenean, ni aztoratu egiten nintzen, nik postmodernitatea zentzu horretan ulertzen nuelako, eta ez hainbeste programa politiko modura, zeinak proposatzen baitu gauzetan ez sinestea. Nik sinesten dut gauzetan, baina ez markoan, eta poema marko bat da. Ikusarazi dezakezu. Eta jendeari ikusarazi diezaiokezu ez dela pentsamendu bat presentziatzen ari, baizik eta poema bat, eta oraindik hobea izan daitekeela, edo momentu batean ez duzula aditz egokia topatzen. Hau ez da arimen arteko elkarketa purua, elkarketa mediatua da, denbora bereizietan ematen dena, eta, gainera, hitzek ere mediatzen dute. Bi horiek direlako poemaren materia: denbora eta hitza; horietaz egina dago, baina, era berean, traba bat ere badira: denborak herdoiltzen dituelako poemak, hitzak ere nahasmenera eraman ditzakeelako pentsamenduak, eta irakurleak nik pentsatutakoaz bestela jaso ditzakeelako nire hitzak. Eta hori ikusaraztea izan daiteke modu bat esateko bestela ere izan zitekeela hau edo hura.
Lerro etena apunte liburuan diozunez, hautatu ez dituzunen artean, gay izatea da gertatu zaizun gauzarik onena, eta euskara ikastea aipatzen duzu, berriz, hautatu ahal izan dituzunen arteko onena. Izan zitekeen hori ere horrela ez izatea. Beraz, zergatik jarraitzen duzu euskaraz idazten?
Erantzun posible asko ditu galdera horrek, eta nik oraindik ez dakit haietako zein den benetakoa. Izan zitekeen konpromisoagatik, eta hori da erantzun polit bat; edo izan daiteke inertziagatik, eta hori da erantzun ez hain polita, baina ulergarria; edo eman dezaket erantzun folklorikoa eta esan neure irakurleei zor natzaiola; edo izan daiteke erantzun koldar bat ere, ez naizelako ausartzen beste merkatu batera salto egiten eta nire ama hizkuntzan idazten... Ez daukat oso argi zein den erantzuna. Ez dut uste honek euskaltzain urgazle izatera eramango nauenik.
Liburu horretan erretratatzen duzun euskal kultura aldi berean da babeslea eta itogarria.
Beharbada horrela delako. Eta nire euskalduntzea ere izan den bezalakoa izan delako ere izango da hori beharbada; ni irakurriz euskaldundu naizelako batez ere, baina ez dudalako sekula egin kuadrilla euskaldunik. Atarian banengo bezala sentitzen dut. Kanpoan hotz dagoenean sartu bezala egiten zara, baina egurastera ere atera zaitezke. [Irribarrea piztu zaio] Euskal kultura taberna bat balitz, irudi batean emateko, nik atetik gertu egon nahi nuke, zerbait eskatu ahal izateko, baina erretzera atera ahal izateko, edo kanpoan daudenekin ligatzera. Ez naiz jarriko komunaren edo sukaldearen ondoan. Baina hori ez da berez gauza ona, atxikimendurik ez sentitze hori.
Txomin Badiola artistak dioenez, maitasun eskari bat dira artelanak. Zure poemen ironia horren guztiaren azpian ere ez ote dago halako zerbait?
Ruper Ordorikak badu kanta hori, Zaindu maite duzun hori, aipatzen duena munduko arazo larriekin bera nola ibili ote daitekeen maite kontuetan eta bertso txikietan. Pentsa daiteke maitasun kontuez idaztea ez ote den pixka bat dekadentea, erredundantea, poetikoegia, baina, gaur egun, edozertaz idazten duzula ere, gai guztiez idazten ari zara. Dena politikoa dela esaten da, eta zerbait politikoa ez dela esatea bera ere bada politikoa. Eta, hala bada, beraz, ez dago inongo arazorik nik maitasunari buruz bakarrik idaztearekin, ze maitasunaz idaztea ere politikoa da. Eta esaldi mota bera egin daiteke maitasunarekin ere, edo pultsio sexualarekin behintzat, maitasuna den hitz handi hori albo batera uztearren: dena da pultsio sexuala, baita pultsio sexuala ez omen dena ere. Beraz, bai, edozertaz idatzita ere gauza guztiez idazten ari naiz.
Angel Erro. Idazlea
«Euskal kultura taberna bat balitz, nik atetik gertu egon nahi nuke»
Aurreko poema liburua atera zuenetik hamazazpi urte joan direnean kaleratu du Errok 'Poesia liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—'. Maitasuna da gai nagusietako bat, baina, dioenez, gai guztiez aritzeko modu bat da hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu