Aizpea Otaegi alkateak ekarri du irudia: Musikastek «euskal konpositoreen hiriburu» bilakatuko du Errenteria (Gipuzkoa) ostera datozen egunetan. Herriko Andra Mari abesbatzak eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak antolatu ohi dute jaialdia, «euskal musikaren astea», eta urteetako eskarmentuaren bermearekin baina ildo berritzaileetan arreta jarriz ondu dute programa berria, 49.a. Bihar abiatuko da, urriaren 23ra arte; bederatzi emanaldi, denera. 19:00etan izango dira, eta sarrerak eskuragai daude dagoeneko.
Garai guztietako euskal konpositoreen lana ezagutaraztea. Hori izan da Musikasteren motorra ia mende erdiko ibilbidean: antzinako musikatik autore klasikoen lanetara helduz eta egungo konpositoreei bultzada berezia emanez. Aurtengo erronken artean, emakume konpositoreen obrak goratu nahi izan dituztela aipatu du Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak, baita espazio berri baten berritasuna nabarmendu ere:aurrenekoz helduko baita Musikaste maiatzean ateak ireki zituen Lekuona fabrikara.
Hasteko, kontzertu bikoitza izango da biharko inaugurazio egunean. Dantza izango da bietako bateko protagonista, Leiñenaren arabera, gero eta leku gehiago egiten saiatzen ari baitira diziplinari euren jardunean. Alain Maia dantzari errenteriarra, Garikoitz Mendizabal txistularia eta Gorka Hermosa akordeoi jotzailea arituko dira Niessen kulturgunean. Ordu berean izango da eguneko bigarren saioa: Naroa Intxausti sopranoak eta German Ormazabal pianistak egile ezagun batzuen lanak interpretatuko dituzte, Jesus Aranbarri, Emilio Arrieta —haren jaiotzaren berrehungarren urteurrena da— eta Emiliana Zubeldiarenak, besteak beste.
Larunbatean, ganbera musikari eskainitako egunean, Sarasate bikotea arituko da Magdalena ermitan, Jonathan Mesonero biolinean eta Mercedes Madina pianoan. Hainbat euskal konpositorek biolinerako idatzitako errepertorioa errepasatuko dute, Enrique Fernandezekin hasi, Cesar Figueridorekin, Pablo Sorozabalekin eta Maria Isabel Garmendiarekin segitu eta Pablo Sarasateren Capricho vasco-rekin ixteko.
Igandea Musikasteren «egun herrikoia» izendatu du Leiñenak, eta zehaztu du hor aurreikusten dutela aurtengo «une hunkigarrienetako bat». Dianaren ostean eta txistu eta banda emanaldien aurretik, Junkal Guerrerok Arimen besarkadan estreinatuko baitu, COVID-19aren pandemian hildakoei idatzitako obra.
Bi eguneko atsedenaren ostean, asteazkenean «mugarri batekin» itzuliko da jaialdia, Leiñenaren hitzetan. Asier Lopez Iraolak Simone de Beauvoir idazle eta filosofo feministaren Bigarren sexua lan entzutetsua egokitu du izen bereko obra batera, eta haren estreinaldia izango da, Bilbo Sinfoniettaren bidez. Aurrez, Niessenen hori ere, mahai inguru bat izango da, eta Irene Arrarats itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko arduradunak, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak, Lopez konpositoreak eta Iker Sanchez musika zuzendariak hartuko dute parte.
Jazzarentzat izango da ondoko eguna, eta Angel Unzuk disko berria aurkeztuko du: Orain. Alboan izango ditu Gonzalo Tejada (baxua), Juanma Urriza (bateria) eta Andrzej Olejniczak (saxoa eta klarinete baxua). Azken-aurreko eguna, berriz, koruena izango da, eta horrekin helduko da jaialdia Lekuona fabrikara. Lau abesbatza ariko dira kantuan —Eragiyok, Donosti Ereski, Landarbaso eta Andra Mari—, eta uztartuko dute, besteak beste, Luis Aranburu, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Laura Jekabsone, Maddalen Dorronsoro, Mikel Laboa, Iñaki Casali eta besteren musika. Lekuonak hartuko du, halaber, jaialdiaren itxiera kontzertua, Euskal Herriko Gazte Orkestrarena.
Elkarlanean sustatua
Beste urte batez, hainbat erakundek babestu dute Musikasteren edizio berria, eta horien ordezkariak ere izan dira prentsa agerraldian: Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Arantxa Arzamendi Andra Mari Abesbatzako lehendakaria. Emanaldietarako edukiera osoa berreskuratu izana ospatu dute, eta Luis de Pablo konpositore zendu berriari eskaini dio azken hitza Leiñenak: «Iaz etortzekoa izan zen Musikastera; baina azkenean ezin izan zuen, eta kontzertu monografiko batekin omendu genuen; eskura dago webgunean».
«Euskal konpositoreen hiriburua» elkartuko du berriz 49. Musikastek
Bihar hasiko da «euskal musikaren astea», Errenterian, urriaren 23ra arte. Bederatzi kontzertu izango dira denera, eta emakume konpositoreen lana ezagutarazten segitzeko «erronka» nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu