Euskal komikiaren ardatzean

Bihar eta etzi lehen Hernanikomik azoka egingo dute Hernanin. Ekintza ugari daude

Astiberri komiki argitaletxearen postua, Durangoko Azokan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskarazko komikia ardatz izango duen azoka egingo dute bihar eta etzi Hernanin (Gipuzkoa): Hernanikomik. Lehen aldia izango da, eta euskal komigintzari plaza bat eman eta hura bultzatzeko asmoz antolatu dute. «Komiki azoka bat izango da, komikia ospatzeko eta erakusteko jaialdi bat; saltokia ere bai, baina egitarau sozialarekin», azpimarratu du Dani Fano komikigileak. Antolaketa lanetan aritu da, beste hainbat eragilerekin batera. Hernaniko Udalak sustatu du.

Fanoren arabera, azken urteetan «loraldia edo pizkundea» izan du euskal komikigintzak, eta horren erakusle izan nahi dute. Egitarau oparoa atondu dute: besteak beste, komiki aurkezpenak, musika eta proiekzioak izango dira. Postuetan, berriz, berritasunak ere bilduko dituzte; horien artean, Astiberriren, Harrieten, Xabiroiren, Elkarren, Gaueko komiki dendaren, Dobera Euskara Elkartearen, Gureberriak, Jo Ta Ke Ekoizpenen eta Nabarralderen lanak. Atsegindegin egingo dute azoka, eta hainbat sortzaileren topagune bihurtuko da plaza. Artisten prestutasuna nabarmendu du Fanok. Han izango dira Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Susanna Martin, Eider Eibar, Asisko Urmeneta, Ainara Azpiazu Axpi eta beste.

Fanok uste du nahitaezkoak direla halako guneak: «Egiten duzun horren alde publikoak azoketan hartzen du gorputza. Arlo humano ezinbesteko bat ematen dio kultur sorkuntzari». Jaialdiaren ezaugarri bereziena da euskal ikuspegitik eraikitakoa dela; izan ere, 2014tik 2018ra Parrapean komiki azoka egiten zen Bilbon, euskarazko komikia ardatz, baina ordutik ez dago arreta euskal komikigintzan jarria duen egitasmorik. Nolabait, hari segida eman eta «erreleboa» hartuko diote, beraz.

Irakurleekin harremana izateko tokia ez ezik, azoka sortzaileen arteko sarea indartzeko gunea izan daiteke: «Sinergia berriak sor daitezke, elkarlan berriak». Eta, hain zuzen, hala antolatu dute azoka hau ere: elkarlanean. «Komikigintzako leku ezberdinetan mugitzen diren hainbat buru egon dira euren nahiak eta beharrak adierazten, eta guztion elkarlan hori gorpuztuko da asteburuan». Hala, Hernanikomik ez da «saltoki huts bat» izango. Jendea animatzeko deia egin du.

Hobetzen ari den esparrua

Euskal komikigintzaren egoeraz galdetuta, «hobetzen» ari dela erantzun du Fanok: «Urtero berritasun garrantzitsu eta adierazgarriak ateratzen dira, eta hori bada osasun baten adierazle. Nire ibilbidean ezagutu dudan garairik oparoena da». Eskaintza zabala dagoela adierazi du, askotariko proposamen artistikoekin. Baina argi utzi du: egile gisa, beste kultur esparruetan bezala, prekaritatea da nagusi: «Eta gainera komigintzaz ari bagara... sotoan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.