Euskal kantuaren sekretuez

Euskal kantuaren berezitasunak aurkitu nahian tesia egin du Marie Hirigoien-Bidartek, azkenaldian galtzen ari den kantuaren jatorriko askatasunak baloratuz bide batez; ostiralean mintzaldia dauka Hazparnen

Hemen ageri den Oldarra abesbatza bezala, koru praktikak euskal kantua zabaldu badu, nota formateatuetatik kanpoko askatasuna mugatu du. B.EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Jean-Michel Bedaxagarrek«makur» kantatzen duelakoan daude batzuk azkenaldian. Bedaxagarrek bizi damu horrekin bururatzen du bere tesia Marie Hirigoien-Bidartek. Makur kantatzen duela, ezetz, inondik ere, baina agian, belarriak ez direla gehiago gai entzuteko bere kantu hori, bere ñabardura eta askatasun horiek. Tesiarekin, euskal kantu horren balioaz jabetzea ere badu xede Hirigoien-Bidartek, hain zuzen. Irailean aurkeztu zuen Le chant basque monodique (1897-1990) : analyse musicologique comparée des sources écrites et musicales (Euskal kantu monodikoa (1897-1990): musika iturri eta iturri idatzien musikologia analisi konparatua). Izenburu luzea, lan luzearen lekuko, Eusko Ikaskuntzak Baionako hiriarekin saritu ziona. Ostiral honetan Hazparnen azalduko du 20:30ean, Eihartzea etxean, izen bereko elkarteak gonbidaturik. Eta preseski, Jean Mixel Bedaxagar kantaria izanen du lagun, baita kantatzeko askatasun horren lekuko den hazpandarra ere: Beñat Loiatho.

Ez bada lehena izan Hirigoien-Bidart euskal kantua ikertzen, bere berezitasuna da, orain arte egin dena berriz hartu izana, garai bakoitzeko idatzia zegozkion soinu grabatuei konparatuz, ahal zenean. Eta hori, musikaren ikuspegitik, musikologiak gaur egun eskaintzen dituen tresna zehatzak lagun. Objektibotasun bat helburu. Eta horrelakorik ez zen nehoiz eginik izan, hain sakon.

Hori bai, beti aspaldiko galdera buruan: zer ote euskal kantua? Berezitasunik ba ote? Edo, Hirigoien-Bidartek, laguna duen Pantxix Bidart kantariarekin egin zenbait gaualditan galdetzen duen bezala, Madonnak euskaraz kantatzen duelarik, euskal kantua ote? Euskarak egiten du euskal kantua? Ala ba ote da besterik? Galdera horiei erantzun zenbait aurkitu dizkie Hirigoien-Bidartek. Baina oraindik anitz ikertzekoa badela argi du ikerlariak, bereziki hizkuntza eta kantuaren arteko lotura horietan. Nola hizkuntzak eragiten duen ahotsaren tinbrean eta. Horri begira, artxibatze lan bat abiatua du ikerlariak, Baionako Iker zentroarekin, besteak beste.

Erantzun berrien zain, orain arte jakin dena eta Hirigoien-Bidartek tesian berresten duena da XIX. mendetik gaur egun arte, hots, beti azpimarratua izan dela euskal kantuan tonu laurdenak daudela. Tonu laurdena, erran nahi baitu, piano bat hartu eta, tekla zuriaren eta beltzaren arteko nota hori, bien erdian litekeen hori, agertzen ez dena pianoan. Pianoak, beste instrumentu anitzek bezala, nota finkoak baititu, gama jakin baten lekuko.

Norma erabaki zenetik

Musika ez baita beti gama finko bakar batean oinarritu. Erdi Arotik Sebastian Bach (1685-1750) arte, nonbait han, musika gama anitz zegoela gogoratzen du Hirigoien-Bidartek: «Nehor ez zen doinuan ezarria, herri batetik bestera ere ez». Eta ondorioz, elkarrekin musika jotzeko, doinuan ezartzeko bazuten lan. Bachen garaian, Pianofortea asmatu zuten, ordea, nota guztiak jotzekoa ematen zuena, beste guztiekin doinuan ezartzeko gisan: «Ideia bikaina zen, baina une baten buruan, erabakitzen dute hori izanen dela norma, eta ez besterik».

Eta horretan gaude oraindik. Normak baldintzaturik, nonbait. Baina berez, nota finkatu horiek baino nota gehiago dago: «Ahantzi, galdu direnak, usatu baikara tresna modernoekin». Eta horiek dira gaur egun oraindik noiztenka entzuten euskal kantarien artean, eta delako belarri batzuentzat «makurrak» direnak. Baina alta, zuzenak direla erakusten du Hirigoien-Bidartek. Tesirako analizatu kantuetan nota berezi horiek beti berak direla aurkitu du: «Gradu mugikorrak dira, gaurko musikak nahi lituzkeen notak baino apalago edo gorago direnak. Baina ez dira makurrak, instalatuak dira. Transmisio bat badago. Nota horiek ez dira kasualitateak. Fenomeno berak aurkitzen dira Euskal Herritik kanpo ere bai. Beti gradu berak dira aurkitzen direnak tradizio hori atxiki duten kulturen baitan». Arabiar kantuetan, adibidez. Non, ahozkotasuna eta nota finkorik ez duten instrumentuekin ari baitira. Eta Euskal Herrian ere, zehaztekoa da, bide beretik, nola txirula, gero eta nota finkatuagoak emateko gisan fabrikatzen duten, instrumentuaren eta horrek laguntzen duen askatasuna, nonbait, mugatuz. Ber gisan, euskal koruek, kantua baloratu, maitatu eta maitarazten badute, koruaren baitako harmonia beharrak, ahotsaren askatasun indibidual horiei atea hetsi ere egiten die, nota formatuetatik ateratzeko aukerak kenduz.

Burmuinak bere musika du

Burmuinek belarriei eragiten diela berresten du Hirigoien-Bidarten lanak: «Gure burmuinak soinuak interpretatzen ditu. Entzun dezakezu bibratoaren behereko nota edo gainekoa. Zure burmuina kapaz da soinua egokitzeko gaineko notara, zuk gaineko nota hori entzun nahi duzulako. Hori frogatua da». Bibratoa, hau da, ahotsa nolazpait dantzatzen delarik nota bat luzatzerakoan. Gure burmuina daukagun kulturak eragiten du, baita zer emoziotan gauden ere, egun txarra, egun ona, iratzarria, akitua...

Eta euskal kantuaren ikerketaren historian hori ere agerian dago. Hirigoien-Bidartek, 1900, 1913, 1927, 1947, 1960 eta 1990 urteetako ikerketak hartu ditu mugarri. Aldi bakoitz, lan sakon eta baliosak egin baziren, inpresioak ziren notatuak, jakinez garai anitzetan grabaketarik ez zutela: «1900. urtean entzuten zutena egokitzen zutela erraiten zuten. Pentsatuz kantaria nahasi zela, eta, beraz, aldatzen zioten nota. Beren kulturaren arabera pentsatzen zuten ez zela posible horrela kantatzea, orduan, segur aski beste hori nahi izan zuela kantatu pentsatzen zuten». Gehiago dena, ikerketak beti izan dira garaiari erabat errotuak: «Testuinguru politiko eta kulturalen arabera euskal kantuaren kontzeptua erabili da gauza batzuen erraiteko». Adibidez, XX. mende hasieran euskal musika bat bazegoela zuten xedea. 1917-1920 inguruan, euskal musika zinez biziki originala zela zuten frogatu nahi.

Hirigoien-Bidartek berak ez du horrelako xederik izan, baina halere, burmuinaren eragin horren arazoari behar izan dio aurre egin, kantu zaharrak entzuten ari zela eta, egin behar izan duen transkripzioa «amets gaiztoa» izan dela aitortu du. Kontserbatorioko irakasle batek lagundurik alta: «Belarri absolutu bat duena. Baina nota bat hartzen duelarik kantariak, emeki-emeki apaltzenduena, hasieran fa bat bezala entzuten genuen hori, fa diesea gisa ere entzun genezakeen azkenean».

Baina fa diesearen edo beste ororen gainetik, Hirigoien-Bidartek nahi duena da sinpleki, galtzear dagoen praktika hori baloratu eta askatasun indibidual horren itzulera laguntzea, kantua bereziki «joko» bat dela oroitaraziz. Hala dihardu Pantxix Bidartekin kantaldietan. Tesiko teoriak praktikan jarriz, arriskuak hartuz, probokatuz, beren burua bustiz, eta bide batez publikoarena ere bai, batzuetan harridura sortuz, eta anitzetan plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.