Literatura

Euskal ipuingintzaren ertzak aztertu dituzte adituek Gasteizen

Ignacio Aldekoa ipuin literarioen nazioarteko jaialdiaren lehen aldia hasi da gaur. Marijo Olaziregiren, Irati Majueloren eta Nagore Fernandezen iritziak aditzeko eta haiei galderak egiteko aukera izan dute entzuleek.

Aldekoa jaialdia
Irati Majuelo, Marijo Olaziregi, Nagore Fernandez eta Mikel Aierbe, gaurko solasaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko martxoaren 13a
16:55
Entzun

Ignacio Aldekoa ipuin jaialdia martxan da, eta martxoaren 13tik 16ra Araba ipuin literarioaren «erreferente» bihurtzeko asmoa izango du. 11:00etan bildu dira hainbat lagun —gehienak EHUko ikasleak— jaialdiaren lehenengo ekitaldian, Arabako campuseko Micaela Portilla ikergunean. Bertan zituzten zain Iban Zaldua idazle eta jaialdiaren zuzendaria, Marijo Olaziregi irakasle eta ikerlaria, Irati Majuelo eta Nagore Fernandez ikerlari eta BERRIAko literatur kritikariak, eta Mikel Aierbe irakaslea, Euskal ipuingintza: genero nagusia, ala bazterreko praktika literarioa? galderari erantzuteko prest. Ekitaldiari hasiera eman dio Zalduak, eta, solasaldiaren izenak berak iragarria zuenez, euskal ipuingintzari buruz aritu dira ia bi orduz. «Askoz ordu gehiagoz ere egon gintezke ipuinei buruz hitz egiten», aitortu du, hala ere, Aierbek.

Aurkezpenen ondotik, Majuelok hartu du hitza, eta bere tesiari buruzko gogoeta egin du, nahiz eta hura eleberrigintzan oinarrituta dagoen. Izan ere, ipuingintzan eta eleberrigintzan igarri daitekeen hutsune handi bat aztertu du Euskal eleberrigintza urbanoaren irakurketa feminista bat tesian: espazioa. BERRIAri urtarrilean eskainitako elkarrizketan egin zuen bezala, gaurko mahai inguruan ere adierazi du literaturari buruzko ikerketetan ez dela espazioari buruz hitz egiten: «Badirudi espazioa hor dagoen zerbait dela, atzean, eta ez da horrela. Espazioak istorioan duen eragina aztertu behar da, bai eleberrietan, baina baita ipuinetan ere».

Marijo Olaziregik, berriz, konplexuen eta epaien gaiari heldu dio. «Euskal literaturan konplexuz beteta gaude». Ziurtatu duenez, literaturari buruz hitz egitean, «daturik gabe» hitz egiten da sarri, eta horrek irakurleak bultzatzen ditu «gezurra diren aurreiritzi batzuk» sinistera. «Horrelako mahai inguruak garrantzitsuak dira belaunaldi ezberdinetako jendea bildu eta datuak mahai gainean jartzeko». Adibide batekin osatu du hipotesia Olaziregik: «Askotan esaten da eleberriak aurrea hartu ziola ipuinari, baina, datuak begiratuz gero, ikusiko duzue euskal literaturaren internazionalizazioa ipuingintzaren bidez egin zela».

Fernandezek hartu dio lekukoa Olaziregiri, eta iritziak datuetan oinarritu behar direla aldarrikatu du berak ere. Horixe da oraindik amaitu ez duen —baina esku artean duen— Euskal ipuingintza garaikidea: genero politika, memoria eta subjektibitate ereduak tesiaren helburua: baieztapenak egiaztatzeko, datuetan oinarritzea. 15.000 sarrera baino gehiago arakatu ditu lana egiteko, eta, oraindik emaitzak aztertzen ari bada ere, dagoeneko baieztatu dezake ipuingintzak «kuantitatiboki aurrea hartu diola» eleberrigintzari. Alderdi kuantitatiboa ez ezik, ipuingintza garaikidearen alderdi kualitatiboa ere aztertzen ari da, eta genero ikasketak baliatu ditu horretarako: «Interesgarria da aztertzea pertsonaien sexualitatea, horien deskribapen fisiko zein afektiboa, partekatzen dituzten espazioak pribatuak edo publikoak diren, eta bakoitzak bere rola nola bizi duen».

«Interesgarria da aztertzea pertsonaien sexualitatea, horien deskribapen fisiko zein afektiboa, partekatzen dituzten espazioak pribatuak edo publikoak diren, eta bakoitzak bere rola nola bizi duen».

NAGORE FERNANDEZ Ikerlaria eta literatur kritikaria

Zer eskatu ipuin bati

Hizlari bakoitzaren gogoeta pertsonalaren ostean, Mikel Aierbek beste galdera bat plazaratu du: «Zer bilatzen duzue ipuinetan?». Majuelo izan da erantzuten bizkorrena: «Jolasa». Adierazi du ipuinek, beste genero batzuek ez bezala, «irakurketa aktiboa» eskatzen dutela: «Gustatzen zait ikustea zein elementu erabili den irakurlearen konfiantza lortzeko, eta seguruenik, gero, hura traizionatzeko».

«Gustatzen zait ikustea zein elementu erabili den irakurlearen konfiantza lortzeko, eta seguruenik, gero, hura traizionatzeko».

IRATI MAJUELO Ikerlaria eta literatur kritikaria

Ipuinek «ezinbestean» behar duten elementu bat azpimarratu du Olaziregik: harridura. «Genero laburrak dira zailenak, baina erraz antzeman daiteke ipuin bat ona dela, ezustekotasuna eta kontentzioa dituenean». Fernandezek aurreko bi hizlarien hitzak jaso ditu, eta bere iritzia osatzeko erabili: «Ipuinak irakurketa aktiboa eskatzen dizunez, tentsioan jartzen naiz irakurtzen dudan bakoitzean. Tentsioa da ipuin bati eskatzen diodana».

«Genero laburrak dira zailenak, baina erraz antzeman daiteke ipuin bat ona dela, ezustekotasuna eta kontentzioa dituenean».

MARIJO OLAZIREGI Irakaslea eta ikerlaria

Aierbek entzuleen interesa piztu duen hausnarketa batekin amaitu du solasaldia. «Berrirakurtzeko erraztasuna ematen dute. Baliteke ipuin bat ez ulertzea, eta hura urte batzuk geroago irakurri behar izatea. Eleberri bat berriro irakurtzea, berriz, zailagoa da. Badakizu orrialde batzuk saltatuko dituzula. Baina ipuin batekin ez, ezin duzu ezer utzi, irakurtzen ez duzun paragrafo horretan egon baitaiteke istorioa ulertzeko esaldia, hitza edo gakoa. Ipuin onak ez dira inoiz bukatzen».

«(Ipuinak irakurtzerakoan) ezin duzu ezer utzi, irakurtzen ez duzun paragrafo horretan egon baitaiteke istorioa ulertzeko esaldia, hitza edo gakoa. Ipuin onak ez dira inoiz bukatzen».

MIKEL AIERBE Irakaslea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.