Euskal ilustratzaileen nazioartekotzea sustatu nahi du Irudika topaketak

Ostegunetik larunbatera egingo dituzte jardunaldiak, Gasteizko Artium museoan. Alemaniako, Mexikoko eta Italiako adituak gonbidatu dituzte

Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Artium museoan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Irudigintzaren sektorea indartu eta nazioarteari begira «erakusleiho» bat jarri nahian egin zuten iaz, aurreneko aldiz, Irudika Nazioarteko Ilustrazioaren Topaketa Profesionala. «Arrakasta» haren ondotik, bigarren urtez antolatu du topaketa Euskal Irudigileen Elkarteak. Ostegunean hasiko da aurtengo Irudika, eta hiru egun iraungo du egitasmoak. Iaz egin moduan, Gasteizeko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa izango da ekitaldi ororen elkargune. «Mundura zabaldu» nahi dute aurten; euskal irudigileen nazioartekotzea bultzatu, Elisabeth Perez Euskal Irudigileen Elkarteko lehendakariaren hitzetan: «Munduan aritzeko aukera zabaldu nahi dugu, mundua bera Gasteizera ekarrita».

Izan ere, garrantzitsua da euskal irudigileek tokiko merkatuan lan egiteko aukera izateaz gain mundu zabalean aritzeko aukera ere izatea, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen arabera. Eta «maila nahikoa, kalitatea sobera» dute horretarako, haren esanetan. «Orain urte batzuk ez genuen imajinatuko horrelako maila egongo zenik, ez eta horrelako gogorik egongo zenik ere irudigileen aldetik mundu mailan aritzeko. Eta ez genuke irudikatuko horrelako topaketarik egin ahal izango genukeenik Euskal Herrian. Bigarren urtea du Irudikak: errealitate hori gorpuzten ari da, beraz».

Nazioartera begira jartzeko aukera emango die Irudika jardunaldiek euskal sortzaileei, hain zuzen. Atzerriko adituekin aurrez aurre egon, eta bestelako merkatuetarako sarbidea erraztuko dieten aholkuak jasoko baitituzte hiru egunez. Atzo eman zituzten egitarauaren xehetasunak egitasmoaren antolatzaileek, Artiumen bertan egindako agerraldian. Bertan izan ziren, Euskal Irudigileen Elkarteko kideez gain, topaketa babestu duten erakundeetako ordezkariak ere: Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, alegia.

Hitzaldiak eta tailerrak

«Indar handiagoz» itzuli da Irudika aurten, Perezen hitzetan. Izan ere, hiru egunekoa izango da egitaraua: ostegunean hasi, eta larunbatera bitarte izango da topaketa. Hori da aurtengo berritasunetako bat. Bestea, ilustrazioaz elikatzen diren bestelako sektoreei eskainitako jardunaldia: zinemaren, animazioaren, musikaren, diseinu grafikoaren eta bideo jokoen sektoreetako adituen hitzaldiak izango dira, besteak beste. Jardunaldi irekia izango da, eta 400 lagunek izango dute parte hartzeko aukera. Ane Pikaza, Juanma Latorre eta Arturo Monederok bideo jokoak, musika eta ilustrazioa lotuko dituzte lehendabizi; eta Christina Rosenvinge, Eider Corral, Susana Blasco eta Anna Romeuk, diseinu grafikoa eta musika ondoren.

Gainerakoan, hitzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak izango dira aurten ere. Munduari begira jartzeko xede horretan, halere, Alemaniara, Mexikora eta Italiara hurbilduko da topaketa. Nazioartean izen handikoak diren Frankfurt Buchmesse, Mexikoko FIL eta Bolgna Children's Book Fair liburu azoketako ordezkariak Gasteizen izango dira datozen egunetan. Hiru herrialde horietako bakoitzeko argitaletxe bat ere izango da, Pamiela euskal argitaletxearekin batera. Eta hiru aldizkari ere gonbidatu dituzte: Graffica, Lamono Magazine eta Yorokobu. Irudigileek haiekin elkartzeko aukera izango dute, horrenbestez, portfolioak hobetu, zalantzak argitu nahiz lan akordioak egiteko.

Hitzaldiak eta tailerrak emango dituzten gonbidatuen artean daude, besteak beste: Leire Urbeltz, Iban Barrenetxea, Katrin Stangl, Gabriel Pacheco, Anna Castagnoli, Peggy Espinosa, Arianna Squilloni eta Monika Bilstein. Orotara, 125 lagunek izango dute jardunaldietan parte hartzeko aukera, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Interneten, www.irudika.eus webgunean.

Ilustrazio lehiaketa bat eta animazioko beste bat ere antolatu dituzte, sorkuntza bultzatzeko. Animaziokoan, Espainiakoautoreek izango dute parte hartzeko aukera; ilustraziokoan, nazioarteko edonork. Egonaldi artistiko bana irabaziko dute sarituek, Gasteiz, Bilbo eta Anguleman.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.irudika.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.