François Sureau idazle frantziarrak (Paris, 1957) idatzitako euskal iheslari baten istorioa azaltzen duen liburua itzuli berri du Maite Berrogain Ithurbidek: Zurrunbidea. Kontakizun laburra da, 60 bat orrialdekoa, «kolpez irakurtzen den liburua», Berrogain Ithurbidek berak azaldu duenez.
Sureauren beraren bizipen bat da liburuan kontatzen dena. Estatu Kontseiluko kide izandakoa, euskal iheslari batekin izan zuen arazoa dakar azalera liburuak. Parisen dago girotua, 1980ko hamarkadan. Errefuxiatuak hogei urte daramatza han bizitzen diskretuki, eta ez du etxera itzuli nahi. Frantziari babesa eskatuko dio, itzuliz gero hilko dutela uste baitu. Sureau da, hain zuzen, erabakia esku artean duena. Eta horrek aztarna sakona utzi dio kontzientzian. Horra liburua idaztearen arrazoia.
Eta zergatik Zurrunbidea izenburua? Liburuaz pistaren bat eman dezakeen hitza da, eta arrotza suerta daitekeela aipatu du Berrogainek. Bide horretatik iragaten omen dira hildakoen gorpuak.
«Ezin ahantzizko liburua da», Berrogainen aburuz. Itzulpena egin izan nahi du garrantzitsua iruditzen zaiolako horrelako istorioak ahalik eta gehien zabaltzea. Frantsesez soilik egonik, zailagoa iruditzen zitzaion Hegoaldekoengana heltzea.
Sureauk Estatu Kontseiluko kide izateari utzi ziola azaldu du Barrogainek, «kontzientzia arazoengatik». Orduan abokatu izatera igaro zen. Idazle bezala beste hainbat liburu argitaratu ditu.
Zurrunbidea eta Nina Waita. Arupu baten azpian Utriusque Vasconiae argitaletxeak plazaratu ditu, Egunero Irakurtzen Direlako sailean.
Euskal iheslari bati eskaera ukatzeak utzitako orbain sakona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu