Euskal Herriko sei talde eta bi DJ ariko dira V. Big Festivalen

Antolatzaileek esan dute Miarritzekoa «mugaz haraindiko Europako lehen jaialdia» dela

Big Festivalen izango diren Euskal Herriko taldeetako kideak, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Anai-Arrebak, John Berkhout, Tric3ps, Odei, The Dedicated Nothing eta Grises taldeak eta Alex del Toro eta 2 Lovers DJ's disko jartzaileak izango dira Miarritzeko Big Festival musika jaialdian parte hartuko duten Euskal Herriko ordezkariak. Uztailaren 17tik 21era izango da jaialdia, eta sarrerak salgai daude www.bigfest.fr webgunean. 20 eta 59 euro artean balio dute egun baterakoek, eta 41,90 eta 94,30 artean egun guztietarako bonuek, gunearen arabera. Hiru gune antolatu dituzte aurten: Big Village Euskaldunen Kosta hondartzan, Big Live Aguilera errugbi zelaian eta Big Boite Halle d'Iraty aretoan.

Neil Young & Crazy Horse, Wu-Tang Clan, Gary Clark Jr. eta George Clinton & Parliament Funkadelic dira Miarritzen ariko diren beste taldeetariko batzuk. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, herenegun Neil Youngek bi orduko kontzertu «arrakastatsua» eman zuen Parisen, eta Miarritzen Parisko kantu zerrenda berbera jotzeko tartea eskatu du.

«Big Festival Euskal Herriko festibal bat da, ezta soilik Iparraldekoa», Michel Poueyts Miarritzeko auzapezordearen arabera. Sebastien Farran eta Iñigo Argomaniz antolatzaileekin batera eginiko agerraldian esan du Miarritzeko Herriko Etxeak «hazten ari den» jaialdi bat «asmatu» duela. Donostia eta Miarritzeren arteko erlazioa eta elkarlana ere aitatu ditu: «Bi hiriak Euskal Herriko bitxiak dira, eta aberastasun handiak dauzkate biek ala biek. Horrela, baliabide ekonomikoengatik egiten dugu borroka, baina are gehiago giza baliabideengatik». Donostia 2016ko Europako kultur hiriburuaren harira, urte horretan Big Festivalen egunetariko bat Donostian egiteko asmoa daukatela aipatu du. Garrantzitsua deritzo taldeen %20 euskal lurraldekoak izateari, eta aurten 30.000 edo 40.000 pertsona espero dituztela ere adierazi du.

Argomaniz Donostiako programatzaileak garrantzitsutzat jo du elkarlanerako aukera: «Beti goretsi izan dugu Ipar Euskal Herriko jendea, gure kontzertuetara etortzearren». Hori ez dela alderantziz gertatzen uste du, eta Bi g Festival abagune aproposa iruditzen zaio horri buelta emateko. Miarritzeri leku egokia deritzo horrelako jaialdi bat egiteko, «beharrezko guztia» daukalako. Jaialdiaren bosgarren aldia da aurtengoa: «Horrelako jaialdi batek sei edo zortzi aldi behar ditu finkatzeko», haren ustez.

Hego Euskal Herriko jendea hara joateko, Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik autobusak antolatuko dituzte Miarritzera. Iruñetik ez da horrelako zerbitzurik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.