Sei urte dira Miarritzeko udak musikaz betetzen dituen Big Festival jaialdia antolatzeari ekin ziotenetik. Aurtengoa, beraz, seigarren jaialdia izango da, eta uztailaren 16tik 20ra bitarte egingo da. Lickshot promotorako zuzendari Sebastian Farran arduratzen dajaialdia antolatzeaz, eta, hark azaldu duenez, jaialdiak duela sei urteko espiritu eta antolakuntza talde berarekin jarraitzen du. Era berean, Miarritzeko Michel Veunac alkatearen eta Michel Pouyets alkateordearen laguntza eskertu du. Hala, antolatzaileen asmoa da askotariko publikoa aintzat hartuko duen jaialdia egitea.
Aurreko bost ekitaldietan bezala, aurten ere egokitutako lau gunetan arituko dira 40musika taldetik gora: Atabalen, Iratin, Aguileran eta Cote Des Basquesen, hain zuzen ere. Hala, helburua kontzertuak hiri osora zabaltzea da. Modu horretan, jaialdiari etekin handiena ateratzeko asmoz, autobus bat jarri dute antolatzaileek gune batetik bestera erraz mugitu ahal izateko.
Asmo handiko jaialdia
Aurtengo jaialdiaren programazioa «interesgarria» dela azaldu dute antolatzaileek. Bertan, Euskal Herriko zein atzerriko hainbat musika talde arituko dira. Euskal Herrikoen artean, Belako eta Smile talde bizkaitarrak eta Willis Drumond baxenabartarrak arituko dira. Kanpoko artisten artean, berriz, honako hauek ariko dira, beste batzuen artean: Stromae, jotzen duen leku orotan sarrera guztiak amaitzen dituen musikari belgikarra; Placebo Londresko taldea, milioika disko saldu dituena; eta Metronomy, musika ingelesean elitea dena. Hala ere, izenek baino, ugaritasunak garrantzi handiagoa duela azaldu du Iñigo Argomanizek, jaialdiaren antolakuntzaz arduratzen den Get In beste promotoraren zuzendariak. Garrantzitsuena «mestizajea» dela azpimarratu du Argomanizek. Haren iritziz, salto handia izan da iaztik hona talde nagusiak aukeratzeko orduan. Izan ere, joan den urtean Neil Young musikari kanadar beteranoa izan zen buru, eta aurten, berriz, Stromae izar berria.
Ugaritasunaren ildotik jarraituz, jaialdian talde ezagunez gain, berriki sorturikoek ere aukera izango dute milaka pertsonaren aurrean aritzeko.
Aipatutako talde horiek, baina, ezagunenak besterik ez dira. Izan ere, estilo askotako 40 talde baino gehiago arituko dira Miarritzen lau egunez. Jaialdian estilo askotako artistak bildu nahi izatearen ondorioz, musika elektronikoa, rocka eta folk doinuak izango dira entzungai. Argomanizen hitzetan, horrek egiten du festibala Euskal Herriko musika jaialdirik garrantzitsuenetakoa. Ildo berari jarraituz, marka guztiak hautsi eta sarrera guztiak saltzeko asmoz azaldu dira antolatzaileak. Izan ere, bidea ez da makala izan; Michael Pouyets Miarritzeko alkateordearen hitzetan, Big Festivalek sei urtean gainerako musika jaialdi esanguratsuek hamar urtean lortu duten ospe bera eskuratu du.
Uztailaren 16ko gauean hasiko da jaialdia, eta Jamaica taldea izango da taularatzen lehena. Gainerakoan, musikaz blaituko da Miarritze lau egunez, eta uztailaren 20an amaituko da jaialdia, hondartzan antolatuko den festa handian. Kontzertuak ez ezik, familientzako doako planak ere izango dira lau egunetan.
«Euskal Herriko musika jaialdirik garrantzitsuena da Big Festival»
Uztailaren 16tik 20ra bitarte egingo da seigarren jaialdia.Metronomy, Stromae, Placebo, Belako eta Willis Drummond ariko dira, bestek beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu