Euskal Herriko lau antzerki talde izango dira Gijongo Feten azokan

Gorakada, Panta Rhei, Markeliñe eta Teatro Paraisok aurkeztuko dituzte antzezlanak, hilaren 25ean eta 26an

Erredakzioa
2013ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko lau antzerki konpainiak erakutsiko dituzte lanakGijongo (Espainia) Feten azokan: Gorakadak, Panta Rheik, Markeliñek eta Teatro Paraisok. Umeentzako antzerkiaren nazioarteko azoka da Feten. Hala, herri askotako 68 konpainiak parte hartuko dute, hilaren 24tik martxoaren 1era bitartean. Austriako, Frantziako, Erresuma Batuko, Italiako, Herbehereetako, Zeelanda Berriko, Kataluniako, Portugalgo eta Euskal Herriko taldeak bilduko ditu aurtengo ekitaldiak. Horien artean izango dira Gorakada, Panta Rhei, Markeliñe eta Teatro Paraiso. Hilaren 25ean eta 26an egingo dituzte emanaldiak.

Gorakadak Jules Verneren klasikoan inspiraturiko Munduari itzulia aurkeztuko du. Bestelako gaiak jorratuko ditu Panta Rheik,Eginaren eginez, auzokidea antzezlanaren bitartez. Gizartearen aniztasuna erakusten duten istorioak kontatuko dituzte lau pertsonaiak. Ezinezko maitasunez, helduek haurrenganako duten babeskeriaz eta hirian aktibismo ekologikoa sustatzeko premiaz jardungo dute, besteak beste.

Halaber, Markeliñek kaleko obra batekin parte hartuko du Fetenen. ZooZoom du izenburu, eta hainbat animaliaren artean ipuin klasikoen arteko joko bat planteatuko du. Hodietatik irtengo dira zizareak; xafletatik karramarroak; eta oihaletatik elefanteak. Gainera, beste hainbat materialekin joango dira sortzen, emeki-emeki, animalia itxurako izaki ugari. Eta, denen artean, ipuin tradizionalei errepaso bat egingo diete, hala nola Txanogorritxo-ri, Ahate itsusia-ri...

Horrez gain, Teatro Paraisok Kubik emango du Gijongo azokan. Aktoreen gorputz espresioan oinarritutako lana da. Forma, bolumen eta kolore askotako orbanak sortuko dituzte atzealde zuriaren gainean, eta, unibertso sentsorial aparteko bat osatzeko. Emozioen oihan bat eratuko dute tarteka; irudien museo bat, marteka. Argiekin eta itzalekin, irudi zehatzak zein paisaia abstraktuak sortuko dituzte umeei eta helduei eskainitako lan horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.