Euskal Herriko hamabi konpainia izango dira dFeria jaialdian

Martxoaren 13tik 16ra egingo dute festibala, baina asteburu honetan ere izango dira emanaldiak

Euskal Herriko konpainiek dFerian erakutsiko dituzten lau lanen aurkezpena, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Fake leloa jarri diote aurtengo dFeriari. Izan ere, antolatzaileen arabera, gezurraren aroan «benetakotasuna» ekarriko du 29. Donostiako Arte Eszenikoen jaialdiak: «Teknologia berrien bidez, eta espiritu kritikoa apaldu denez gero, jendea manipulatzeko ahalmena gero eta handiagoa da, informazioa esponentzialki zabaltzea zeinen erraza den ikusirik».

Hilaren 13tik 16ra egingo dute festibala, baina abiatu baino bi egun lehenago ere, asteburuan, izango dira zenbait ikuskizun; tartean, Belgikako Peeping Tom konpainiaren Diptich: The missing room and The lost room ikuskizuna.

Hamabi dira, guztira, dFerian parte hartuko duten Euskal Herriko konpainiak —haietatik bi dira euskaraz—, eta horiek emango dituzten lau obra aurkeztu zituzten atzo, Donostiako Viktoria Eugenian.

ANTZ3ERKIZ
'LA CELDA SIN NOCHE'

Noiz: martxoaren 12an (17:00), 13an eta 14an (16:30).

Non: Viktoria Eugenia antzokian.

Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren istorioa kontatzen du La celda sin noche obrak. 24 urte daramatza preso Istanbul hegoaldeko (Turkia) segurtasun goreneko kartzela batean. «Ideologiarengatik espetxeratzearen sinbolo gisa hitz egin behar da kasu honi buruz, eta Ocalanentzat berarentzat garrantzitsua da hari buruz hitz egiten ari direla jakitea», azaldu du Mireia Gabilondo zuzendariak. Kartzela bat irudikatu dute antzezlanean bertan, publikoa istorioan murgildu dadin.

K PRODUCCIONES
'EL NADADOR DE AGUASABIERTAS'

Noiz: martxoaren 15ean (18:30).

Non: Antzoki Zaharrean.

Emazteak berarekin zuen harremana eten zuenetik, depresio sakon batean murgilduta dago Nilo (Markos Marin). Pentsamendu autosuntsitzaileak besterik ez darabil buruan. Walrusi esker (Adolfo Fernandez), familia trauma bat ezkutatzen duen igerilari aditu bati esker, 48 urterekin ikasiko du igerian Nilok, eta bere bizitzako ikasgairik garrantzitsuena jasoko du bide horretan. 70 minutuko lan bat da.

«Drama dago antzezlanean, baina baditu umore dosiak ere». Hala deskribatu du obra Fernando Bernues zuzendariak. «Elkarren aurrean biluzten diren bi gizonezko dira Nilo eta Walrus», gaineratu du Fernandez aktoreak. «Obrak erakusten du gizakiok gizakia behar dugula».

ON DO KO
'EL ELOGIO SOBRE LA VEJEZ'

Noiz: martxoaren 15ean (17:45) eta 16an (17:30).

Non: Viktoria Eugenia antzokian.

«Ezohiko» antzezlan bat da Mafalda Saloio zuzendariaren Un elogio sobre la vejez. 25 antzezle oholtzaratzen ditu lanak, 72 urtetik gorakoak denak. Hala azaldu du zuzendariak: «Bidaia sentsorial eta emozional bat proposatzen du. Zahartzeak esan nahi duenaren ikuspegi estereotipatuak nola eraiki, betikotu eta desafiatu ditzakeen planteatzera gonbidatuko du ikuslea».

Donostiako Egia auzoko adinekoak dira protagonistak, eta, haiekin batera, gorputzaren, ahotsaren, musikaren eta emozioen bidez, adinari buruzko aurreiritzirik gabeko ikuspegia lantzea bilatzen duen talde sorkuntzako prozesu baten emaitza da.

LED SILHOUETTE
'LOS PERROS'

Noiz: martxoaren 16an (11:00).

Non: Gazteszenan.

Los perros dantza ikuskizunak «oso eszenografia indartsua eta bisuala» eskainiko dio publikoari, Marcos Morau zuzendariaren arabera. Bi txakur irudikatuko dituzte Martxel Rodriguez eta Jon Lopez dantzariek beren gorputzen mugimenduen bitartez. «Antzezlanak erresistentzia egoera bat proposatzen du: dantzan dabiltzan txakurrak bezala, zaunka egiten duten txakurrak bezala...», azaldu du Rodriguezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.