Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak izan daitezkeenak topatu dituzte Karrantzan

Adituen kalkulurik zuhurrenen arabera, gutxienez 150.000 urte dituzten 18 giza fosil topatu dituzte, baina ezaugarri morfologikoek iradokitzen dute 200.000 edo 300.000 ere izan ditzaketela. Hezur guztiak emakumezko berarenak direla uste dute.

Asier Gomez Olivencia ikerketaburua —eskuinetik lehena— 'Andere' deitu duten neandertalaren fosilak aurkezteko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Asier Gomez Olivencia ikerketaburua —eskuinetik lehena— 'Andere' deitu duten neandertalaren fosilak aurkezteko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 12a
13:24
Entzun

Andere deitu dute. Euskal Herrian topatutako giza aztarnarik zaharrenak izan daitezkeenak aurkeztu dituzte gaur Bizkaiko Arkeologia Museoan. Gutxienez, duela 150.000 urte inguruko 18 giza fosil topatu dituzte arkeologoek Karrantzako El Polvorin koban (Bizkaia), eta, adituen ustez, litekeena da guztiak gizaki bakarrarenak izatea. Emakumezko batenak, seguruenik. Andererenak, alegia. Asier Gomez Olivencia Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia saileko irakasle eta ikerlariak zuzendu du ikerketa, eta, haren hitzetan, «kontserbadorea» da oraingoz jakinarazi duten datazioa, fosilak are zaharragoak izan daitezkeela iradokitzen baitu hezurren morfologiak. Dioenez, Atapuercan (Espainia) Sima de los Huesos gunean topatutako preneandertalen erradioaren antza du Andereren erradioak ere, eta, horren ondorioz, 200.000 edo 300.000 ere izan ditzakeela uste dute. Zuzenean datatu ahal izateko moduko fosil gehiago agertu artean, ordea, hipotesi bat baino ez da oraingoz.

«Hezur guztiak dira heldu batenak, eta gutxi gorabehera tamaina koherentea daukate. Horregatik uste dugu gizaki bakarrarenak direla».

ASIER GOMEZ OLIVENCIAEHUko Geologia saileko ikerlaria

Jose Miguel Barandiaranek egin zituen lehen indusketak kobazuloan, 1931n, eta maiz jo dute bertara ikerlariek eta espeleologoek geroztik. Anderen lehen arrastoak, hain zuzen ere, 1983an egindako bilketan batu zituzten, eta 2000. urtean bildutakoak dira beste arrasto batzuk. Bizkaiko Arkeologia Museoan egon dira azken urteetan, kobazuloan topatutako leize hartz eta hienen hezurrekin batera. 2020an hasi zen Gomezek gidatutako ikerlari taldea El Polvorineko aztarnategian bildutako faunaren fosilak aztertzen, eta orduan egin zuten aurkikuntza. «Sorpresa ikaragarria izan genuen, fosil horien artean giza fosilak aurkitu baikenituen».

Orduan erabaki zuten kobazulora itzultzea. 2021ean hasi zituzten ikerketak bertan, eta giza aztarna gehiago eta datazioan lagungarri izan zitezkeen bestelako elementu batzuk ere topatu zituzten.

Andere izeneko neandertalaren fosilak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Andere' izeneko neandertalaren fosilak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hemezortzi aztarna dira guztira, oraingoz. Museoan identifikatu zituzten haietako bederatzi, eta beste bederatziak, berriz, 2021. eta 2022. urteetan egindako indusketa lanetan topatu zituzten. «Momentuz hezurrak ez dira errepikatu, guztiak dira heldu batenak, eta gutxi gorabehera tamaina koherentea daukate. Horregatik uste dugu gizaki bakarrarenak direla, eta, beste aurkikuntzekin egindako konparazioak eginda, uste dugu emakume batenak direla».

Dataziorako zailtasunak

Datazio zehatza egiteko zailtasunak dituzte, halere. Gomezek azaldu duenez, giza aztarnak ez ezik, haiek topatutako eremuari buruzko informazioa ere behar izaten da hezurrak zehatz datatu ahal izateko, eta, oraingoz, ezinezkoa zaie hori.

Konparazio bidez egin dute hurbilpena oraingoz. Eta horrexegatik jokatu dute «kontserbadore» hezurren adina proposatzean. Ziurtzat baitaukate 150.000 urte inguru badituztela. Zaharragoak ere izan daitezkeela uste dute, ordea. Topatu duten erradioaren formak pentsarazi die hori. Haren morfologiak Atapuercako Sima de los Huesosen topatutako giza aztarna preneandertalen antza du hezur horrek, adituen hitzetan, eta, hipotesi hori baieztatuko balitz, horrek esan nahi luke are zaharragoak izan daitezkeela aztarnak. Gomez: «Gure lan hipotesia da 200.000 eta 300.000 urte artekoa dela, baina, hori baieztatzeko, datazio zuzenak egin behar dira. Eta, horretarako, testuinguru arkeologikoa ere sakonago aztertu beharko da».

«Gure lan hipotesia da 200.000 eta 300.000 urte artekoa dela, baina, hori baieztatzeko, datazio zuzenak egin behar dira».

ASIER GOMEZ OLIVENCIA EHUko Geologia saileko ikerlaria

Hezur gehiago topatzeko esperantza azaldu du, dena dela, Gomezek. «Uste dut aztarnategi honek sorpresa asko emango dizkigula».

Baina kobazuloaren testuinguru geologikoa «oso konplexua» dela ere azaldu du Gomezek. «Aztarnategira heltzeko bidea ez da batere erraza. 50 metroko bidea egin behar duzu, 7 metroko sima bertikal bat jaitsi behar duzu, eta 30 metroko arranpa bat dago gero». Horregatik, zientzialariek alboan izan dituzten espeleologia taldeen laguntza eskertu du arkeologoak. «Lehen urtean, bi ordu behar genituen simara heltzeko, baina, lotune batzuk lekuz aldatu ondoren, orain ordubetean egiten dugu bidea».

Laster, ikusgai

Orain arte, Arrasaten (Gipuzkoa) Lezetxikin topatutako humero osoa izan da Euskal Herrian topatutako giza aztarnarik zaharrena. Kasu horretan, gainera, hezurra zuzenean datatzeko aukera izan dute adituek, eta gutxienez 164.000 urte dituela zehaztu dute.

Litekeena da, ordea, Karrantzan topatutako hezurrak zaharragoak izatea, baina denbora beharko da hori baieztatzeko. Eta pazientzia eskaera bat gehituta aurkeztu du horregatik Andere Gomezek aurkikuntza zabaltzeko antolatutako prentsaurrekoan. «Neandertalik zaharrena da Andere, 1,50 eta 1,60 metro ingurukoa, heldua, eta lotsati xamarra ere bai, eta, horregatik, atalka bakarrik joango zaigu bere sekretuak aurkezten».

Bizkaiko Arkeologia Museoan jarriko dituzte ikusgai fosiletako batzuk aurki, neandertalei eskaini asmo dieten behin-behineko erakusketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.