Musika

Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko topaketari ekingo dio etzi

Brahmsen 4. Sinfonia eta Rossinoren 'La Gazza ladra' operaren obertura joko du Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, Unai Urretxoren zuzendaritzapean.

(ID_13454397) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2023-12-28, Donostia. EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra
EGOko musikariak entseguan, Musikenen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 28a
16:47
Entzun

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak etzi ekingo dio neguko topaketari, Tolosan (Gipuzkoa), Leidor antzokian. Jarraian helduko dira Arabako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eskainiko dituzten kontzertuak ere. Hurrenez hurren, urtarrilaren 2an Donostiako Viktoria Eugenian, 3an Gasteizko Principal antzokian eta 4an Bilboko Euskalduna jauregian. Unai Urretxo zuzendari gonbidatuaren batutapean arituko dira, berak hautatutako bi obra eskaintzeko. Batetik, Rossinoren La gazza ladra opera erdi komikoaren obertura joko dute. Obra aski ezaguna da, soinu banda askotan erabili izan delako zineman, esate baterako, Stanley Kubrick zuzendariaren A clockwork Orange eta John Hustonen Prizzi’s Honor filmetan. Bigarren obra, berriz, Brahmsen 4. Sinfonia izango da. EGOko koordinatzaile nagusi German Ormazabalen ustez, «Requiemarekin batera, Brahmsek helduaroan sortutako lanik esanguratsuena» da. Bi obra horiek estreinakoz interpretatuko ditu EGOk.

Urretxok tronboi solista gisa ezagutu zuen EGO, lehen promozioko musikarietako bat izan baitzen, 1997an. Gerora, ikasketak egin, eremua zabaldu eta zuzendari gisa aritu da, besteak beste, Hego Koreako hainbat orkestratan eta Bilboko nahiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoetan. Urteotan sona handia erdietsi du nazioartean, bai zuzendari gisa egindako ibilbideari esker, bai eta opera munduan egindako ekarpenagatik ere.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politkako sailburu Bingen Zupiriaren aburuz, «ezingo litzateke irudi hoberik aurkitu EGOk bete behar duen funtzioa adierazteko». Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren estrategiaren barruan, «talentua identifikatzearekin edo ateratzen laguntzearekin eta profesionalizatzeko bidean bultzada ematearekin» du zerikusia EGOk.

Konpromisoa ezinbesteko

Urretxoren arabera, aukera hauek ez dira «ezerezetik» sortzen, eta «konpromisoa eta laguntza» ezinbestekoak dituzte. EGOren kasuan, asmoa German Ormazabali eta Mari Karmen Garmendiari esker mamitu zela nabarmendu du. Ormazabal, EGOko koordinatzaile nagusia gaur egun, Euskadiko Orkestrako kudeatzailea zen 1997ko hartan, eta Garmendia, berriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua.

Lehen promozioko kide izan zeneko hartaz, Juanjo Mena zuzendaria ekarri nahi izan du gogora, baita lehen promozioa osatu zuten gainontzeko musikariak ere, «gaur egun profesionalak baitira horietarik asko, hemen jasotakoari esker». Bere esperientzia «oso ederra» izan zela nabarmendu du Urretxok, «nazioarteko profesionalen eta bertako irakasleen aholkua eta eskola» jaso zuelako. Alde horretatik, itzultzea eta «Ormazabalekin berarekin topo egitea are ederragoa» izan dela esan du.

Ormazabalek esker ona erakutsi die, batetik, BBK, Kutxa eta Vital fundazioari, «hasiera-hasieratik izan direlako alboan»; bestetik, Bingen Zupiriari, «laguntzeko modu asko izan dituelako, ez soilik ekonomikoa»; eta bereziki Musikene ikastegiari, «topaketak, entseguak eta gainerakoak halako baldintza onetan egiteko parada, benetako luxua» jarri dielako eskura. Bestalde, oso momentu berezia dela azpimarratu, eta poza azaldu du Urretxok «gonbitari baiezkoa» emateagatik, eta EGOk markatutako «helburuak eta misioa betetzen ari direlako».

Azken bi urteetako jarduna ere goraipatu du Ormazabalek. 2022koa jarri du etsenplu, EGOren 25. urteurrena izanik, estreinakoz beste orkestra batekin —Kanarietako Gazte orkestrarekin— aritu zirelako, «eta ez nolanahi», Mahlerren Hirugarren sinfonia interpretatu baitzuten.

2023ko erronken artean, Donostiako Jazzaldian parte hartu dute, «EGOren egiteko nagusietako bat ere badelako ohiko bide sinfonikoetatik ateratzea eta beste estetika edo lengoaia musikalei heltzea», Ormazabalen hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.