Filosofia

Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea eratzeko prozesua abiarazi dute: Txinparta

Sarea ehuntzeko prozesuak urtebete iraunen du. Haren bultzatzaileen arabera, sarearen helburua izanen da «filosofia gizarteko eremu guztietara helaraztea». Maiatzaren 22an bilerak eginen dituzte zenbait hiriburutan, informazioa zabaltzeko.

'Filosofiatik ezabatutako emakumeak' izeneko mahai ingurua egin zuten 2021ean Eibarren. GORKA RUBIO / FOKU
'Filosofiatik ezabatutako emakumeak' izeneko mahai ingurua egin zuten 2021ean Eibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko martxoaren 21a
09:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Agora filosofia elkarteak antolatzen duen Pentsatu jaialdian piztu zen txinparta, 2024ko azaroaren hondarrean. Hartan, besteak beste, gaur egun filosofia non dagoen eta hari nola erreparatzen zaion aztertu zuten hainbat herritarrek, eta honako hau ondorioztatu, gutxi-asko: ez dute nahi filosofia soilik testuliburuetan eta unibertsitateko ikasgeletan gorde dadin, hermetiko. Muga horietatik kanpo nahi dute sentitu, eta ikusi «plazara, kalera, egunerokotasunera» aterea dela, «bizitzaren erdigunera». Urgentziazko premia baten gisara irudikatu dute filosofia gizarteko zirrikitu guztietan kabiaraztea. Eta, hain zuzen, helburu hori erdiesteko makineria bat jarri dute martxan orain: Txinparta izeneko prozesua hasi dute, Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea eratzeko.  

Prozesuaren bultzatzaileen esanetan, gaur egungo gizartea «azalekotasunaren eta pentsamendu sinplearen mende» dago, eta horrek zera dakar, besteak beste: «Ezarrita dagoena galderarik egin gabe onartzea». Joera horri kontra egiteko, filosofia da erreminta eraginkorrenetako bat. «Hemen eta orain, filosofia berreskuratzea ez da aukera bat, beharra baizik», azpimarratu dute sarearen sustatzaileek berriki plazaratutako komunikatuan. Webgunean ere ikusgai da dagoeneko

Zer da, baina, Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea zehazki? Eta nola nahi dute eratu? «Filosofia maite, praktikatu eta zabaldu nahi dutenen sare» gisara definitu dute egitasmoa, eta hau erantsi: «Filosofiazale guztiak, beren ezaguerak eta esperientziak partekatuz, proiektu honen parte izan daitezke». Hain zuzen ere, sarea «irekia» dela, horixe da egitasmoari gehien aitortu dizkioten ezaugarrietako bat. Haien aldarri batekin egiten du bat, neurri handi batean: «Filosofia ez da jakintza elitista bat izango, baizik eta guztiontzat irekia eta eskuragarria den praktika bat».

Sarearen parte izateko ez da exijituko inolako titulu akademikorik; «zaletasuna» da baldintza bakanetakoa. Webgunean zabaldu dute aukera egitasmoarekin harremanetan jartzeko. Hori bai, hizkuntzari dagokionez, ohartarazpena egin dute: «Sarea euskalduna izango da». 

zehaztutako lan lerroak

  1. Sarearen autoeraketa, egituraketa, artikulazioa, hedapena eta trinkotzea.
  2. Filosofiazaleen artikulazioa komunitate gisa, eta elkar trinkotzea.
  3. Filosofia goxatzeko eta zabaltzeko estrategia komunak adostea eta lantzea.
  4. Filosofiarekiko atxikimendua eta motibazioa indartzea.
  5. Filosofiaren inguruko material eta errekurtsoen kutxa sortzea —material didaktikoak, erreferentziak eta baliabideak biltzeko—.
  6. Filosofia hedatzeko material gaurkotu, erakargarri eta inspiratzaileak sortzea.

Bestalde, etorkizunean antolatu nahiko lituzketen hainbat jardueraren zerrenda ere plazaratu dute, eta haien artean dira, besteak beste, podcastak, bideoak —filosofiari buruzko galderak argitzeko azalpen motzekin—, zinema foru filosofikoak, bazkariak eta laborategiak. 

Edonola ere, sustatzaileek azpimarratu dute bidea «poliki-poliki» eginen dutela. Hain zuzen ere, asmo horrekin abiarazi dute aurrez Txinparta prozesua, sarea guztiz eratu arte eginen dituzten urratsen sorta biltzeko. Aurreikusten dute urtebeteko prozesua izanen dela, eta urtaroka antolatu dute; udaberriko ekintzak daude iragarrita oraingoz. Hau nabarmendu dute, batik bat: maiatzaren 22an bilera irekiak eginen dituzte Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baionakoa 17:00etan izanen da, eta besteak, 19:00etan. 

Gainera, gogora ekarri dute ekainaren 26an eta 27an Filosofo Euskaldunen II. Bilkura eginen dutela Iruñean, UEUk antolatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.