Euskal Herrian musika garaikidearen erakusleihorik handienetariko bat bilakatu da Musikagileak elkarteak antolatzen duen izen bereko zirkuitua. Bost hilabete iraungo du egitasmoak, irailaren 26tik otsailaren 27ra bitarte, eta hamabi kontzertu antolatu dituzte haren barruan. Nazioarteko artistak Euskal Herrikoekin nahasiko dira, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kontzertuak eskaintzeko.
Hamabosgarren urteurrena dute aurtengoa, eta, urtero bezala, musika garaikidea pertsona orori hurbiltzeko helburua izango dute. Aurreko urteetan egin den moduan, Bilboko Orkestra Sinfonikoak ireki zuen zirkuitua, aurreko astean, Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta gaur izango da bigarren emanaldia. Esti Oraa (biolontxeloa), Ander Telleria (akordeoia) eta Pilar Fontalba (oboea) Musikeneko ikasleek beren piezak estreinatuko dituzte Donostiako Musikenen.
Zikloan zehar hainbat pieza berri estreinatuko dituzte, 21 zehazki, hainbat konpositorerenak, hala nola Garazi Zabaletarenak, Abel Paulenak, Iñaki Carcavillarenak eta Fran Barajasenak. Zabaletaren obrak aurreko astean izan zuen estreinaldia, zirkuituko lehen emanaldian. Zabaletak GoierrikoHITZA-ri adierazi zion «oso pozik» zegoela, eta «amets bat» zela horrelako aukera bat edukitzea.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat taldek ere egingo dituzte emanaldiak. La Pamplonesa banda sinfonikoak emango du Iruñean egingo den kontzertu bakarra, otsailaren 9an, Gaiarre antzokian. Kontzertu horretan, bertako hainbat konpositoreren obrak entzun ahalko dira. Easo Abesbatzak ere bere txanda edukiko du: Donostiako San Telmo museoan eskainiko du kontzertua, azaroaren 16an.
Donostian izango dira zirkuituko kontzertu gehienak, Musikenen eta San Telmo museoan zehazki. Viktoria Eugenian kontzertu bat emango dute, Bilboko Guggenheim museoan beste bat, eta Gasteizko Artium museoan beste bat. Guggenheimen Trio Zukanen eta Emilie Girard-Charesten elkarlanaz disfrutatzeko aukera izango da, urriaren 12an, eta Kataluniako Kebyart Ensemble musikari taldea arituko da abenduaren 20an, Artiumen.
Schallfeld Ensemble (Austria), Cikada String Quartet (Eskandinavia), Ryoko Aoki (Japonia) eta Emilie Girard-Charest (Kanada) izango dira Euskal Herrian beren musika garaikidea erakutsiko duten nazioarteko beste musikari batzuk. Gazteek ere haien eskarmentua erakusteko aukera izango dute. Gaurko emanaldia izango da horren frogarik argiena.
Hitzaldiak
Emanaldietatik kanpo, urtero bezala, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Eskola magistralak egingo dituzte, eta Joan Magranek konposizio ikastaro bat emango du. Horrez gain, musikariak elkartzeko asmoz, Musi Meet topaketa egingo dute urriaren 20an San Telmo museoan. Musikariak ez ezik, kultur arloko hainbat protagonista ere gonbidatu dituzte, eta mahai inguru eta hitzaldiak egingo dituzte.