Bertsolaritza

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile nagusi izendatu dute Oier Iurramendi

Elkartea koordinatzaile nagusirik gabe izan da azken bi urteotan, eta hutsune hori beteko du Iurramendik. Elkarteko sustapen eragile lanetan aritu da 2019tik eta orain arte.

Oier Iurramendi, Euskal Herriko Bertsozale elkarteko koordinatzaile nagusi berria
Oier Iurramendi Etxeberria, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile nagusia. BERTSOZALE ELKARTEA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko ekainaren 25a
14:11
Entzun

Oier Iurramendi Etxeberria (Donostia, 1990) izanen da aurrerantzean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile nagusia. Hemendik aitzinera, haren ardura izanen dira, besteak beste, kanpo harremanei loturiko zenbait funtzio; bera izanen da elkartearen «erreferentziazko pertsona» halakoetarako. Eta Iurramendiren erantzukizun nagusia izanen da, batik bat, «elkartearen hezurdurak ongi funtzionatzea». Nabarmendu dutenez, ordea, ez da bakarrik arituko horietan guztietan. Are gehiago, Bertsozale Elkarteak taldean jardun du koordinazioan azken bi urteotan, eta, diotenez, manera horretan ere ongi funtzionatu dute; izanen da elkarlanik, beraz. Ordea, elkarteak aurten egin duen berregituraketa prozesuaren emaitzetako bat da koordinatzaile nagusiaren postua sortu izana. Argudiatu dutenez, horrela hobeki erantzuten ahalko diete «epe ertain eta luzeko erronkei». Iurramendik «ilusioz» hartu kargua.

Bertsozale Elkarteak webgunean plazaratu du, hain justu, koordinatzaile nagusi izendatu berriari eginiko elkarrizketa bat. Bertan, Iurramendik nabarmendu du postua sortu izana aberasgarria izanen dela, batez ere aukera emanen duelako hurrengo pausoei erneago begiratzekoa. «Koordinazio postuak eguneroko lanetatik begirada altxa eta hurrengo pausoetara begira jartzeko aukera ematen du», adierazi du. Gainera, dauden egitekoei buruz mintzo, esplikatu du elkarteak baduela zeri erreparatu. Gogora ekarri du 2018an gogoeta prozesu sakon bat egin zutela, zeinetan 220 lagunek hartu zuten parte, eta orduko hartan hiru zehar-lerro zehaztu zituztela: «Feminismoa, lurralde artekotasuna eta belaunaldi artekotasuna».

Iurramendik dagoeneko badu eskarmentua Bertsozale Elkartean. 2019tik, sustapen eragile lanetan aritu da, eta koordinazio taldean ere izan da 2022tik hona, bata eta bestea uztartuz. Iradoki duenez, ardura berriak dakarren lanaren jakitun da. «Bolumen izugarria duen proiektua da, eta bizi propioa duena. Ardura, indar eta konpromiso handiarekin heltzen diot talde izaera duen funtzio berri honi», esan du. Bertso munduan 1998an hasi zen, Hernaniko (Gipuzkoa) bertso eskolan. Geroztik, ikasle zein irakasle aritu da bertan.

Lehendakaritzari dagokionez, Bertsozale Elkarteak joan den martxoan iragarri zituen aldaketak. Batzar Nagusia egin, eta ondotik jakinarazi zituzten hiru izendapen: Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979), Ainhoa Urien (Abadiño, Bizkaia, 1995) eta Sustrai Colina (Urruña, Lapurdi, 1982) lehendakaritzan dira ordutik. Ez dira bakarrik, ordea, karguan: Xabi Igoa ere ari da taldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.