Joan den abuztuan, Lizarrako jaietan (Nafarroa), udalak txosnagunea lekualdatzea erabaki zuen, eta herritarrak harritu —azken 28 urtetan leku berean jarri izan dituzte: autobus geltokiaren alboan—. Hori aski ez, eta, gainera, herriko La Bota peñari festetan izaten zuen espazioa hartzea ere debekatu zioten. Horrek harrabotsa sortu zuen herrian, eta ez ziren gutxi izan erabakiaren kontrako aldarriak. Horietako bat izan zen Raimundo el Canastero taldearen Beef D'Alda kantua —Marta Ruiz de Alda alkateari (UPN) erreferentzia eginez—.
Abestia kaleratu eta segituan etorri ziren erreakzioak. UPNk salaketa jarri zion taldeari, alkatearen kontrako «irainak» eta «mehatxuak» egotzita. Horretaz gain, Ruiz de Aldak ezohiko bilkurara deitu, eta Raimundo el Canasteroren aurkako mozioa onartu zuten UPN, PP eta PSNren babesarekin. Horren harira, antzeko mozioak aurkeztu eta onartu zituzten Nafarroako beste herri batzuetan.
Orain, ordutik sei hilabete pasatu direnean, taldeko bost kideek epaitegietara joan beharko dute, kanta horretako hitzen bidez irainezko eta mehatxuzko delitua egitea egotzi baitiete. Datorren asteazkenean joan beharko dute epailearen aurrean deklaratzera. Hori dela eta, Euskal Herriko 237 musikarik haien aldeko manifestu bat sinatu dute. Horien artean dira, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Ibil Bedi, Benizze, Tatxers, Anari, Gari eta J Martina.
Kritikatzeko «eskubidea»
Talde nafarrak jasandako ondorioak gaitzetsi dituzte sinatzaileek: «Taldea zentsuratu dute hainbat ekitalditan; hedabideek, morboz eta faltsukeriaz, kriminalizazio kanpaina bat hasi zuten taldearen kontra». Gainera, horrelako auziak «ohikoak» bihurtzen ari direla aipatu dute. Izan ere, iazko martxoan Yakovlev 42 Oiartzungo (Gipuzkoa) taldea ikertu zuten ustez gorroto delituak egiteagatik, eta Black Marfil rap kantariari ere kartzela zigorra ezarri zioten bere abesti bateko hitzengatik.
Hiru kasuak «adierazpen askatasunaren kontrako erasoak» direla azpimarratu dute: «Zilegi da musikaren bidez instituzioak eta boterea kritikatzea». Are, manifestuan parte hartu duten musikariek uste dute musika «erreminta indartsua» dela kritika sozial eta politikorako; «badugu kritika horiek egiteko ardura eta betebeharra».