Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga

Euskal Herriaren izatearen aldeko mezua zabaltzen hasi da koloretako txoria

Gernika 1937-2012 taldekoek atzo ekin zioten bonbardaketaren urteurreneko egitarauari, 'Gernika' margotuz

Hiru lagun ari dira Gernika margotzen Gernikako Foru plazan. IZARO MENDIETA.
Gernika
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Duela 75 urte Gernikako zerua zeharkatu eta herria suntsitu zuten hegazkinen ordez, «Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubideak» aldarrikatzen dituen txori koloretsuaren alde egin du Gernika 1937-2012 taldeak. Koloretako txori horrek «Euskal Herriaren aitorpenaren, existentziaren eta etorkizunaren alde» egiten duela nabarmendu dute taldeko kideek.

Apustu horri helduta, Bakea, askatasuna, Autodeterminazioa lelopean prestatutako egitaraua hasi zuen atzo Gernika 1937-2012 taldeak, Foru plazan. Euri zaparrada indartsuak ez ziren oztopo izan Gernika-Lumo «Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburua eta bozgorailua bilakatzea» helburu duten jarduerak hasteko. Hala, aterpean egin zuten hasiera ekitaldia, atzean Gernika marrazten ari ziren bitartean. Joserra Unanue artista gipuzkoarrarekin batera, Maialen Muruetagoiena eta Markel Urrutia gernikarrak Gernika margotzen hasi ziren atzo Foru plazan. Gernikako bonbardaketaren argazkia irudikatzen hasi dira artistak. Aurrealdean emakume bat eta haren bi alabak ageri dira, bonbetatik ihesean. Goialdean, ostera, Autodeterminazioarantz leloa idatzi zuten. Margolana biharko prest izatea espero dute. Bitartean, Foru plazan egongo da ikusgai. Arratsaldean, berriz, Euskal Herria Aro modernoaren hasieran mahai ingurua izan zen, eta, Zine Klub elkartearen eskutik, La guerra civil en Euskadi eta Zerutik sua dator filmak ikusi ahal izan zuten.

«Gernikatuak»

Gernika behin eta berriz erraustu dutela gogora ekarri zuten atzo. «Hainbat izan baitira Gernikatuak izan diren herriak», azaldu zuen Xabier Jauregizarrek. «Zer da Gernikatua, ez bada erraustua, sarraskitua, ukatua, isilarazia, gutxiagotua, zapaldua?».

Aurtengo urteurrena testuinguru berezi batean dagoen heinean testuinguru horrek sorrarazi dituen «baldintzak indartu, egonkortu eta optimizatu» egin behar direla uste dute Gernika 1937-2012 taldearen sustatzaileek, «herrien erabakitzeko eskubideak nazioarteko agenda politikoan zentralitatea irabaz dezan».

Bada, elkarlanaren fruitua den egitarau bat dakar egunotarako Gernika 1937-2012k: «herritarra eta parte hartzailea, aldarrikapen politikoekin batera kultur jarduera ugari eskaintzen dituena». Gaur bertan, adibidez, Gernikako bonbardaketa: Historia, Oroimena, Eztabaida mahai ingurua izango da 18:00etan Elai Alai aretoan. Iñaki Egaña eta Iñaki Goiogana historialari eta ikerlariak izango dira hizlariak.20:00etan, berriz, Zeruari kea dario emanaldia izango da Merkatu plazan. Zine Klubaren eskutik,Ikuska 3 eta Aterpe barikfilmak ikusteko aukera egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.