Euskal Herrian irakurtzeko zaletasun handiagoa dago Europan baino

Kulturaren Euskal Behatokiak kultura kontsumoari buruzko lehenengo inkesta egin du, zazpi herrialdeak kontuan hartuz

2008ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Musika entzutea eta liburuak irakurtzea dira Euskal Herriko biztanleen kultur ohituren artean ohikoenak. Hori da Kulturaren Euskal Behatokiak zazpi herrialdeetan egindako lehenbiziko inkestatik atera daitekeen ondorioa. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek 2007-2008ko Kultura Ohiturei, Jardunbideei eta Kontsumoari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu ditu Bilboko Euskalduna jauregian. Behatokiak 6.785 laguni egin die inkesta, «sexua, hizkuntz gaitasuna eta bizilekua» irizpidetzat hartuta. Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin egindako azterketan «zentzuzko» datuak lortu direla ziurtatu du Azkaratek. EKEko kide Pantxoa Etxegoinek ekimen bateratua egin izana goraipatu du: «Herrialdeen artean norabideak eta kultura politikak finkatzen lagunduko du».

Musika nagusitu da jarduera kulturalen artean, eta adin guztietako lagunak hartzen ditu. Izan ere, hamar biztanletik zazpik gehien kontsumitzen dutena da. 15 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, %85ek entzuten dutemusika egunero. Horrek zuzeneko emanaldietako publikoaren igoera ekarri du, batez ere rock kontzertuetan. Azkarate baikor azaldu da euskal musikaren egoeraren inguruan: «Badago zer hobetu, baina oraingoz esan dezakegu herritar elebidunek euskaraz egindako musika erosteko ohitura dutela».

Inkestaren emaitzek paradoxa sortu dute irakurketaren arloan. Kasu horretan, Euskal Herrian Europako estatuetan baino aisialdirako liburu gehiago irakurtzen diren arren, Europak liburutegietara doazenen portzentaia handiagoa dauka. Hala ere, euskal herritarrek alde nabarmena atera diote komunikabideen inguruan duten interesari dagokionez. Eguneroko prentsaren irakurketan, Euskal Herriko batez bestekoa Europakoa baino 11,1 puntu handiagoa da. Behatokiko zuzendari Ramon Zallok komunikabideen betebeharra azaldu du: «Hedabideek iritzi publikoa eratzen laguntzen dute, eta hori argi ikusten da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan».

Hala ere, komunikabide guztien erabilera ez da berdina. Euskal Herrian Espainian baino telebista gutxiago ikusten da. Egunero 2,4 ordu ematen ditugu batez beste telebistan. «Hamar ikusle elebidunetik zazpik baino gehixeagok euskaraz ikusten dute momenturen batean», azaldu du Azkaratek. Biztanleen laurdenek, berriz, irratia nahiago dute; lanegunetan entzuteko ohitura daukate, 2,5 orduz batez beste.

Zinemak, ordea, biztanleriaren %40 erakarri du. Herri handietan zinemareko ohitura handiagoa dago, «eskaintza zabalagoaren ondorioz». Hori argi ikusten da Araban. «Arabarrek gainontzeko herrialdeetakoek baino denbora gehiago ematen dute museoetan, zineman eta antzerkian, herrialde horretako biztanleriaren gehiengoa Gasteiz inguruan pilatu delako». Hala, herrialde bakoitzaren ezaugarriek baldintzatu dute kultur eskaintza. «Iparraldean, etxeko jarduerak hobesten dituzte. Nafarroan, berriz, nahiago dute kalean eta taldean aritu», Zalloren aburuz.

Arabako egoeraz gain, arte eszenikoetan Euskal Herrian azken urtebetean ikuskizunetara joan direnen ehunekoa (% 21,9) Europakoa baino apur bat txikiagoa da (% 32). Antzerkia ikusteko ohitura handiagoa igarri dute Iparraldeko eta Nafarroako biztanleen artean. «Azken urtean antzerkia ikustera joan diren biztanle elebidunen %88,8k euskarazko antzerkia ikusi dute. Lapurdin, berriz, portzentaia %95,5ekoa izan da», argitu du Etxegoinek. Eusko Ikaskuntzako zuzendari Josemari Velez de Mendizabalek «ohitura mantentzeko antzerki eskolek egin duten lana» azpimarratu du, Nafarroaren kasuan.

Galdeketak agerian utzi du bertsozaleen leialtasuna: «Saioetara joateko ohitura dutenak, batez beste 2,3 aldiz joan dira azken hiruhilekoan». Biztanle elebidunen %18,1 zuzeneko bertso saio batean izan dira azken urtean, eta %8,7 azken hiruhilekoan. Bertsolaritzak Gipuzkoan eta herri txikietan du jarraitzaile gehien, eta gizonezko gazteak dira interes handiena erakusten dutenak.

Teknologia berriek ere kultura helarazteko moduan eragin dute. Euskal Herriko biztanleen %41,4k Internet erabili ohi dute. Hala ere, gazteak dira sarerako zaletasun handiena erakusten dutenak. Elebidunen artean, ordea, erdiek euskarazko edukiak kontsumitzen dituzte. Sarea dokumentazioa eta musika eskuratzeko, blogak irakurtzeko edota foroetan parte hartzeko aukera zabaldu du euskaldunon artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.