Zinemaldia

Euskal Herrian ekoitzitako hamazazpi film izango dira ikusgai aurtengo Zinemaldian

Hamazazpi filmetatik hamahiru dira erabat –edo hein batean– euskaraz

Donostiako Zinemaldin egongo diren euskal ekoizpenen aurkezpena, Tabakaleran. JON URBE
Miren Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 26a
14:16
Entzun

Hamahiru film luzek eta lau film laburrek osatzen dute Euskal Herrian ekoitzitakoen zerrenda Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan. Hamazazpik, orotara. Hamahiru dira, ordea, euskara hutsean, edota, hein batean, euskaraz direnak.

Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran eta Euskal Zinemaren Galan eta EiTB Galan egongo dira banatuta film guztiak. Antolatzaileek atzo aletu zuten zerrenda osoa, Donostiako Tabakaleran egindako aurkezpen jendetsuan.

Edizio honetan, fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film izango dira Zinemira sailean. Horietako lau, Zinemaldian mundu estreinaldia izango dutenez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira. Hain zuzen, Jabi Elortegiren El vasco filma, inaugurazio ekitaldian proiektatuko dena; Izaskun Arandiaren My Way Out; Xuban Intxaustiren Gesto, eta Ander Iriarteren Karpeta Urdinak.

Horiez gain, Sail Ofizialean jada iragarrita zeuden bi film ere izango dira Irizar saria eskuratzeko lehian. Hala nola Mikel Gurrearen Suro eta Fernando Francoren La consagración de la primavera. Zuzendari Berrien sailean, aldiz, Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto filma, eta, azkenik, Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena. Hamar ekoizpen lehiatuko dira, beraz, 20.000 euroko saria lortzeko.

Irailaren 20an, Euskal Zinemaren Gala izango da Victoria Eugenia antzokian. Bertan, Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean opera prima estreinatuko da. Eta handik egun batera, berriz, Fermin Aiok zuzendutako Kepa Junkera berpiztu, 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren errekuperazio prozesuaren eta hark utzitako ondarearen gaineko dokumentala.

Lehiatik kanpokoak

Zinemira sailaren programazioa beste hiru filmek osatuko dute: Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos, hainbat zinema jaialditan hautatua izan eta Málagako jaialdiko sari nagusiak irabazi ondoren Espainiako Akademiak Oscar sarietan parte hartzeko finalista izendatu berri duena; 918 gau, Arantza Santestebanena, Ikusmira Berriak egoitzan garatu eta WIP Europatik igaro ondoren, Lisboan eta Torinon saritua izan zena; eta Jon Mikel Fernandez Elorzen Bi arnas, torturen ondorioak jorratzen dituena Iratxe Sorzabalen eta haren amaren istorioaren bitartez. Lehiaz kanpo arituko dira horiek, ordea; Donostiako emanaldien aurretik estreinatu baitira.

Bestalde, Kimuak programako bi film labur izango dira Zabaltegi-Tabakalera sailean: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas.

Lehendabizikoz, Nest-en, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen egongo dira: EHUko Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi eta Elias Kerejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen Noizko basoa.

Izango diren filmak

Oraindik proiektu izateko bidean dauden euskal lan batzuk ere izango dira Zinemaldian; aurrerago izango diren filmak, alegia. Esaterako, Nosotros, Helena Tabernarena; Karmele, Asier Altunarena; Una ballena, Pablo Hernando Esquisabelena, eta Baleazaleak, Baltasar Kormakurrena. Gainera, Irati Gorostidik bere proiektua aurkeztuko du, Anekumen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.