Euskal Herria zelta balitz

Musika zelta hartu du abiapuntutzat Xabi Aburruzaga trikitilariak bere laugarren diskoko kantak sortzeko. Nazioarteko folk zirkuituko izen handi batzuk bildu ditu lanean

Musika zelta izan du inspirazio iturri Aburruzagak bere ibilbideko laugarren diskoa sortzeko. ASIER BASTIDA / LA CAJA GRISSLU.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Buruan nerabilen asmoa nire lagunei kontatzen nienean, esaten zidaten musika zeltarekin disko bat egiteko ideia hori ez ote zegoen jada oso ikusia, eta uste dut igual baietz erantzun behar niela, baina nik egin dudana beste gauza bat izan da: nik kanta berriak sortu ditut, eta instrumentazio zehatz batera egokitu ditut gero». Oraingoan musika zelta eta tresna zeltak izan ditu inspirazio iturri Xabi Aburruzaga trikitilariak (Portugalete, Bizkaia, 1978), eta hala sortu du bere ibilbideko laugarren diskoa. Horregatik deitu du Keltik (DNDiskak). Baina tradizio hori oinarri hartu duen arren, konposizio propio eta berriak dira diskoko hamalau kantetako hamabi, eta kanta herrikoien moldaketak dira beste biak. Eta, beraz, Joxanton Artzeren poema ezagunak labur dezake Aburruzagaren asmoa: «Iturri zaharretik edaten dut,/ ur berria edaten,/ beti berri den ura,/ betiko iturri zaharretik». Berri baita Aburruzagaren musika.

Aurrez ere bazuen harremanadoinu zeltekin. 2014an, esaterako, Galiziako Ortigueira herriko jaialdia irabazi zuen Geure diskoarekin, eta kartelburu izan zen Cristina Pato eta Sharon Shannonekin batera. «Sorpresa handia izan zen, benetako saria han egotea baitzen guretzat, 5.000 entzuleren aurrean jotzen». Eta, dioenez, azken urteetan inguruan izan dituen musikari zeltekin zerbait egin nahiak bultzatu du Keltik sortzera orain. Luzea da, horregatik, Aburruzagaren diskoan parte hartzen duten kolaboratzaileen zerrenda, eta izen handiak dira haietariko asko: Alasdair Fraser biolin jotzaile eskoziarra, Natalie Haas txelo jotzaile estatubatuarra, Carlos Nuñez gaita jotzaile galiziarra...

Trikitia da protagonista, halere. «Haren indarra ez da galtzen. Eta nahiz eta musika zelta izan, Euskal Herriko trikitilari baten ikuspegitik eginda dago». Maestro Zubeldia abestiarekin hasten da diskoa. Trikitiak protagonismohandien duen abestiarekin zehazki, eta nahasiz doaz gero bateko eta besteko eraginak.

Fandangoa, zelten erara

Fandankeltik izeneko abestia izan daiteke Aburruzagak egin duen fusioaren adibide. Fandango erritmoa du oinarri abestiak, baina hots zelta du kantak. Trikitia eta biolinak uztartu ditu horretarako, panderoa eta bodhrana, irrintzia eta fiddlea. Baina fusio orok dakar egokitzapen beharra. Irribarrez eman du azalpena: «Musikari zeltei oso gauza arraroa egiten zaie hiruko denboran hain azkar jotzea. Biko denboretan munduko azkarrenak dira, baina hirukoetan, fandangoarekin... ez dute ulertzen zergatik jotzen dugun hain azkar».

Mundua gurutzatu dute Aburruzagaren abestiek. Kolaborazioz kolaborazio, eta estudioz estudio joan dira abestiak forma hartuz. «Kantak lehenengoz paperean idazten ditut, mugikorrarekin ideiak grabatzen ditut gero, eta pisua hartzen dutenean ordenagailura joan eta pistak sortzen ditut. Trikiti bat hemen, gitarra akustikoa han, erritmoa... geruzaz geruza eraikitzen dut, eta musikari lagunei kanta heltzen zaienerako ja badu itxura bat, eta horren arabera grabatzen dute haiek, batzuetan nik eskatzen nienaz haragoko ekarpenak ere eginez. Oso polita izan da». Hala, Eskozian grabatu dute biolin bat, Galizian gaita, Euskal Herrian txalaparta, eta Madrilen, Asturiasen, Ingalaterran nahiz Irlandan ere egin dituzte grabazioak.

Getxo Folk jaialdian emandako kontzertuan jo zituen jada diskoko kanta batzuk, eta beste zenbait herritan ere aritu da. Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere jotzea da bere asmoa, baina kanpora ere joan nahi du gero. «Nazioarteko musika zeltaren zirkuituan sartzea da asmoa».

Biziak dira diskoko kanta gehienak, erritmikoak, eta ez da kasualitatea. «Aurreko diskoetan egin ditut kanta erritmikoak ere, baina zuzenekoetan kanta indartsuen falta sumatu dut, jaialdietan jotzeko horietarikoena. Jo beharreko kanten zerrenda egiterakoan beti arazo hori izaten nuen. Eserita dagoen jendearen aurrean jotzen duzunean kanta lasairen bat, igual gozatzen daude, baina sentsazioa izaten duzu askotan egurra dela benetan behar dutena. Kanta gutxi izan ditut halako indarrarekin, eta aurreko lau diskoekin sortutako errepertorioa osatzen du Keltik-ek». Bizitasun hori dute, esaterako, Fandankeltik, Lilly's Reel eta (Des)berdinak gara abestiek.

Folkaren aberastasuna

Bada diskoaren nortasun bidaiaria laburbiltzen duen kanta bat ere: Tutti. Herri zelta guztiak jarri ditu bertan kantuan Aburruzagak, bakoitza bere hizkuntzan. Entzun liteke gaeliko irlandarra, gaeliko eskoziarra, asturiera, galiziera, ingelesa, bretoiera, eta baita euskara ere. «Euskal Herria ere herri zelten artean sartu dut, eta diskoan dauden herrialdeei keinu bat egitea izan da nire asmoa», azaldu du. Bakoitzak berean, baina guztiek mezu berarekin. «Ez gara izango munduko aberatsenak, baina folka jotzen dugu denok, gure kultura bizi dugu, eta hor dago aberastasuna».

Aburruzagak berak sortutako DNDiskak zigiluarekin kaleratu du diskoa musikariak, eta Elkar dendetan dago jadanik salgai. Horrez gainera Durangoko Azokan erakusmahai bat ere jarriko du propio, eta azaldu duenez, binilo formatuan ere kopia batzuk egingo dituzte. Musikaria bera aritu da diskoaren ekoizle lanetan ere. «Urteekin eskarmentua hartu dut, eta ez da azkena izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.