Nola izan daitekeen arrats normal bat burgesen artean, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 80.000 euroan balioztaturik hastapenean, 5 minutu eta 11 segundo iraun du zeingehiagokak. Enkante emaileak horretan utzi du antzerki eszena; eskuan duen mailuak mahaia jo du. 190.000 euroan erosi du norbaitek, eta beste 40.000 euro ordainduko du xahubide gisa. Horra, zer balio duen 1934an tindaturiko Ramiro Arrueren (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1971) Besta bat Euskal Herrian eta dantzari bat soineko gorri batekin izeneko margolanak, 2020ko abuztuaren 8an.
Arte obrak zer balio duen —zenbat idatzi behar da?—, zertarako egiten den eta zein irizpideren arabera prezatzen den. Galdera horiei erantzuteko, Arrueren ibilbidea bera ikustea aski daiteke. Eta non bere obrak ikusi nahi, han eta Baionako Euskal Museoan. Enkantearen bezperan.
«Hemen sartzen dena bere etxean da», irakur daiteke harreran. Phillippe Veirynek, William Boisselek eta Arruek berak zuten Euskal Museoa sortu, 1923an. Arruek marraztu zuen harrera mezua. Lehen begi kliska.
Urrats batzuk aitzinera, eta Arrueren margolanak non aurki daitezkeen galdetzean, «Arrue? Hiru ditugu Arruerenak. Baina, zer egin behar duzu horrekin? Biziki kario saltzen da orain!», erantzuten du langile batek. Biziki kario saltzen dela. Oihartzun berezia hartu du kario hitzak.
Euskal Herria tindatzen
Segi zuzen, eskailerak igan, etabigarren estaian ikus daitezke Arrueren bi obra. Bat, euskal dantzari buruzko gela berezian. Dantzaria edo fandangoa. «1962an Miarritzeko Bar Basque ostatuaren apainketaren parte izanikoa, omen», azalpen gisa. Bertan, soinulari bat eta lau dantzari ikus daitezke. Bi emazte eta bi gizon. Gibelean, mendiak, eliza eta etxeak.
Ondoan, Zuberoako dantzei buruzko bideo batek atentzioa ematen du, eta gela guztian entzuten da bideotik eskapatzen den txirula soinua. Inguruko margolanetan, denetan, dantzariak. Arrueren horrek, usaian tindatu dituen paisaia bertsuak oroitarazten ditu. «Arrue estiloa», xuxurlatu du bisitan etorrita horri begira dagoen ondoko emazteak.
Arrue estiloa, hain zuzen ere, erraz identifika daiteke azpiko gelan ikus daitekeen beste margolan batekin. Baserritar eta arrantzale du izena olio margolanak, eta 1927an egina da. Argazki bat dirudi. Margotu zuenean Euskal Herriaren definizio bat eman nahi izan balu bezala.
Hamarkada hartan zuen arrakastarik handiena izan Arruek; 1905ean Bilbotik Parisera joanik, han trebatu eta garatu zuen gerora aplikatu zuen teknika. Ondoan zeuzkan Pablo Picasso, Ignacio Zuloaga eta Jean Cocteau artistak. Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, eta hemengo paisaiak eta pertsonak tindatuz egin zen ezagun. Dantzariak, baserritarrak, arrantzaleak, pilotariak... Karta postaletan ikusi ziren irudi haiek. Bada, Euskal Herria modan zen garai hartan, eta, horren irudikatzeko, hainbat eskaerari erantzun zien margolariak. Horien artean, 1926an, Francis James idazleak eskaturik, ilustrazio bat egin zuen Le Mariage Basque (Euskal ezteiak) libururako, eta, urte bat geroago, 1927an, Pierre Lotik idatzitako Ramuntcho liburuarentzat beste ilustrazio ezagun batzuk egin zituen.
Hala, hainbat artista Euskal Herria ikuspegi erromantiko batetik idazten edo margotzen ari zirela, Ziburun (Lapurdi) bizitzen egon zen Arrue, Suzanne Blancherekin. Urte arrakastatsu horietan, Bederatziak taldea sortu zuten Arruek eta beste zortzi artistak. Veiryn, Henri Godbarge eta Pico Ribera zituen lagun, eta, estilo figuratiboa landuz, Euskal Herriaren iruditegi bat sortu zuten denen artean. Hainbat erakusketa egin zituzten Europan zehar, eta Hego Ameriketara ere joan zen Arrue.
Ekonomiaren menpe
1920ko eta 1930eko hamarkadetan izandako arrakastak gain behera egin zuen 1940tik goiti. 1943an, alemanek preso sartu zuten Arrue, Donibane Garaziko zitadelan, espainiar nazionalitatea zuelakoan. Gerratik landako garaietan, mikaztu zitzaion fama. Isilpean bezala pasatu zituen bizitzako azken urteak, margolanak geroz eta gutiago salduz.
Enkantean saldu duten haren azken margolana komentatzean, larunbatean, hala adierazi zuen enkante emaileak: «Sosik batere gabe, Donibane Lohizuneko herriko etxeak pagatzen zizkion bazkariak eguerdietan, eta Maitena trinketean jaten zuen, margolan honi so, arrakasta urteei pentsatuz». Saltzeko argumentua ote zen edo ez pentsatzen hasi gabe, haren bizitzako azken urteetan bizi izandakoak ongi erakusten du arrakasta ezagutu duenak ere ekonomiaren esklabo segitzen duela.
Eta museoan, «hiru ditugu, Arruerenak», dio museoko langileak. Inguru-minguru, hirugarren hori non ote den galdezka, ezustean agertu da. Pilotari buruzko gelan, hortxe, Mus partida. Parean du Gustave Colinek margotutako Hondarribiko harresipeko pilota partida erraldoia. Pilotariak margolan guztietan ageri dira; denetan, zuriz, dotore, azkar eta lerden. Zer ari da, hor, Mus partida? Gizonak baizik ez direla margotuak, hori luke puntu komun bakarra. Eta kuriositatea pizten du margolanaren ondoan den azalpenik ezak. Datarik ez. Hitzik ez. «Olio-margolana». Besterik deus ez. Arrueren azken urteak islatuko balitu bezala.
Kolore hotzez egina da, eta giro berezi bat islatzen du irudiak. Isiltasuna, hor ere. Lau gizon dira jarririk, mahai inguruan. Lehen biak bizkarrez, ikusleari jokoa gordez. Murruetan eta mahai gainean, deus ez da ageri. Hutsa da; apainketarik ez, eta mahai gainean edaririk ez. Gizon gorputz horien artetik, postura markatu horietatik, jokoaren seriostasuna eta jokoaren isila baizik ez da ikusten. Agian, Arruek berak ezagutu zuen garai bateko isiltasuna.
'MUS PARTIDA'
Egilea. Ramiro Arrue Valle.
Urtea. Ezezaguna.
Lekua. Baionako Euskal Museoa.
Artearen lekuak. Baionako Euskal Museoa
Euskal Herria nola saltzen den
Ramiro Arrueren izenak oihartzun handia du azkenaldian; enkantean saldu berri dituzte haren hainbat obra. Baionako Euskal Museoan haren hiru lan ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu