Euskal galeria bakarra izango da Arcon

Gaur hasiko da arte azoka, Madrilen, eta igandean bukatu. Carreras Mugica izango da euskal ordezkari bakarra topaketetan

Hainbat lagun Dani Umpiren obra bat ikusten, iaz, Arcon. EMILIO NARANJO / EFE.
Maider Galardi
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta igandera bitarte, 29 herrialdetako 208 galeriaren erakustoki bilakatuko da Madrilgo Ifema gunea. Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak eguerdian irekiko ditu ateak, eta galerista, bildumagile eta komisarioen topagune izango da bost egunez. Euskal Herriko ordezkaririk ere izango da tartean: Carreras Mugica Bilboko galeria. Bertan, besteak beste, Eduardo Txillidaren, Itziar Okarizen eta June Cresporen zenbait obra erakutsiko dituzte.

50 lanetik gora izango dira ikusgai galeriaren pabiloian.Bertako arduradunetako batek, Ignacio Mujikak, Madrildik azaldu dio BERRIAri «gogotsu eta grinez» prestatu dutela aurtengo erakustokia: «Ilusio berezi bat nabari da. Uste dut iaztik aurrera baikorrago gaudela». Izan ere, krisi ekonomikoak azoka ahuldu zuen. Mujikak argi adierazi du beherakada: «Duela bost urte, zazpi ziren Euskal Herritik bertara joaten ziren galeriak; egun, gu bakarrik etortzen gara».

Gaurko eguna da galerien jabeentzako garrantzitsuena; izan ere, orduan joaten dira arte komisarioak eta bildumagileak Arcora. «Piezarik onenak nahi dituzte», dio Mujikak. Ondoko egunak bisitarientzat izan ohi dira, eta asko dira azokak antolatutako ekitaldiak. Besteak beste, komisarioekin eta galerien jabeekin egindako topaketak izango dira, baita haurrentzako tailerrak ere. Baina antolatzaileek profesionalen topaketetan jarri dute indarra nagusiki. Aurtengo helburu nagusia da bildumagile gazteak erakartzea.

Mujikak ere azpimarratu du gazteengana heldu beharra. Gainera, uste du horretarako erakusketa erakargarria prestatu dutela: lehenengoz izango dituzte Angel Badosen eta June Cresporen obrak. «Nolabait, euskal eskulturagintzaren belaunaldi berriko kideak dira biak; bata lehen arokoa da; bestea, egungo ordezkari nagusietako bat». Nazioarteko bezeroak eskuratzea ere badute asmoa.

Hain justu, Txillidaren obra preziatu batzuk ere izango dira Carreras Mugica galeriaren erakustokian. «Garai oso konkretu batekoak dira lan horiek: 1950 ingurukoak. Oso erakargarria da eskaintza». Raul Dominguezen obra txiki bat izango dute salgai preziorik baxuenean; 300 eurotan. Garestiena, berriz, Richard Serrarena izango da, eta 700.000 euro balio du. Galeriako kideek jakin badakite ez dela erraza azokaren kostuari aurre egitea, baina baieztatu dute apustu bat dela, eta erronkari heldu diotela.

Emakumeen presentzia

Azokaren antolatzaileen beste erronketako bat da emakumeen presentzia handitzea. Hori dela eta, topaketetako programetako komisario guztiak andrazkoak izango dira lehenengoz; tartean izango dira Chus Martinez eta Elisa Lammer, esate baterako. Gainera, azaldu dute helburua dela emakume artisten «lan bikainei» ikusgaitasuna ematea.

Mujikak ere bat egin du azokaren eskakizunarekin, eta azaldu du haien erakustokian ugari direla andrazkoen lanak: «Gurean andrazko artista zoragarriak ditugu, eta naturaltasun osoz izango dira gurean». Sarri egin omen dute ariketa, ea galerian erakusgai dituzten artisten artean zenbat diren emakumeak. Azaldu duenez, ia gehienetan dituzte haien obrak, eta datorren denboraldia ere Susana Tavaresek irekiko du. Bien bitartean, Arcon ahalik eta arrakastarik handiena lortzen ahaleginduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.