Euskal eszenako 'outsider' bat

Igor Arzuaga musikariak 'Nire begiak' disko berria kaleratu du. Gaur arteko ibilbide emankorrean garatu duen berezko estiloarekin ondu du lana, pianoa eta ahotsa ardatz

13 urte zituenean hasi zen kantuak sortzen Igor Arzuaga. JASH PHOTOGRAPHY.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Egunez liburu denda batean lan egin, eta gauerdiko orduak gordetzen ditu sormenerako Igor Arzuagak (Laudio, Araba, 1967). Bi maskara dituela iruditzen zaio hainbestez. «Bada goizeko hiruretan esnatzen nauen indar ikusezin bat; ordu horietan ez dago zaratarik, ematen du mundua geldi dagoela, eta bakarrik sentitzen naiz, baina oso bakardade gozoan. Baserri batean bizi naiz, gainera, eta ordu horietan pianoa jota ez dut inor gogaitzen. Neurria hartu diot horri: nire denbora nire sorkuntza beharretara egokitzeari». Gauerdian esnatzen duen indar horrek ekarri du Arzuagaren azken diskoa: Nire begiak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu duena.

«Doinu sakonak, harmonia oso bilatuak eta apaingarri gutxikoak» dira diskoa osatzen duten bederatzi kantuak, egilearen arabera. Pianoa eta ahotsa uztartzesoilarekin ondu ditu. Arzuagak dio ez duela gustuko «intimista» terminoa, baina onartzen duela inork hala definitzea bere azken lana. «Kanpoan ikusten dudanari buruz hitz egiten dut; ez dut nire emozioen baldintza adierazterik nahi, horrek errealitatean eragiten duena baizik», zehaztu du. Azken diskoa duela lau urte kaleratu zuen —Llegará izenekoa, Nieves Arilla abeslariarekin—, eta,ordutik kantu asko bilduz joan den arren, ez ditu gustukoenak aukeratu disko honetarako, egin berrienak baizik. «Batzuetan, loreak eskuetan zimeltzen zaizkigu, eta estudiora gauza berri eta fresko batekin joan nahi izan dut».

Sormen lanak betebehar batzuk eskatzen dituela uste du Arzuagak, eta bizitzaren aurrean norberak duen jarreraren araberakoa dela artistari «ateratzen zaiona». Bere kasuan, «burua eta bihotza bizi-bizirik» sentitzen duenean ateratzen zaizkio lanik interesgarrienak. Argi dauka: «Errutinak harrapatzen zaituenean hobe da uztea».

13 urterekin hasi zen bere lehen kantu propioak sortzen, eta 18 urterekin Gernikako kaleetan trikitia jotzen zebilela fitxatu zuten Exkixu taldekoek. Bide hori agortuta, Mikel Urdangarinekin batera aritu zen. «Oro har, pianoa jotzen nuen, baina garai hartan Mikelekin jotzea nahiko anarkikoa zen; kontzertu batean baxu jotzailea falta bazen, baxua jotzen nuen, gitarra falta bazen, gitarra», gogoratu du. Hori utzita hasi zuen bakarkako bidea, eta 25 urterekin plazaratu zuen lehen diskoa, Argi izpi bat izenarekin. Ordutik, diskografia aberatsaosatu du: Smog (2004), El perro corredor (2007), Lagun eroa (2008), Unibertsoa gu (2008), Una cabra en la escalera (2009), Encima del caballo (2009), Mara Mara (2011) —Luis Vil musikariarekin—, Experience (2013) eta Llegará (2013). Bakarrik aritzearen alde onak azpimarratuta, sarri zaila ere egiten zaiola aitortu du laudioarrak; taldean aritzeak «kontrastatzeko tartea» utzi, eta horrek beti norberaren lana elikatzen duelako.

Mara ere Arzuaga da

Baina Igor Arzuaga ez da beti Igor Arzuaga agertokian; badu hirugarren maskara bat: Mara. «Komiki bateko pertsonaia da jatorriz, eta nik pertsonaia teatral bat bihurtu dut. Agertokian oihukatzen du Marak, dantzatzen du, jendearen begietara begiratzen du, abestien azalpen absurdoak egiten ditu...». Finean, Arzuagak sortutako abestiak interpretatzen dituen pertsonaia da Mara. Arzuagak disko berriak ateratzen jarraitzen duen arren, Marak zortzi urte daramatza errepertorio bera interpretatzen: «Beti da ikuskizun bera, ez daukat aldatzeko gogorik». Batik bat, El perro corredor, Lagun eroa eta Unibertsoa gu diskoetako abestiak erabiltzen ditu Marak.

Ikuskizun horrekin publikoan eragin nahi du musikariak, sortzailearen eta entzulearen arteko hesiak apurtzea. Ez du agertokia bere mundu propioan sartzeko espaziotzat ikusten, inguruan direnekin konektatzeko unetzat baizik. «Jendeak flipatzen badu, nik flipatzen dut».

Probokazioa

Komunikaziorako tresna du musika Arzuagak, eta probokazioa du horretarako bide askotan. «Jendearen keinuek, barreek... ematen didate gertatzen ari denaren neurria. Ordaintzen duen dirua amortizatzera joaten da jendea kontzertuetara, eta ez zait batere gustatzen hori; gustatzen zaidana da interpretea publikoaren erreakzioarekin konprometituta ikustea».

Dioenez, ez da politikoki zuzena denaz hausnartzen aritzen. Euskal eszenako outsider baten definizioa ikusi behar izaten du bere lanaren azalpen lerroetan maiz, eta, hein batean, ulergarria zaiola dio. «Satelite izate horrek ere badu geografikotik; hau Araba da, oraintsu arabar batek irabazi du Bertsolari Gazteen Txapelketa, eta albistea hori izan da: arabarra dela. Outsider bat naiz dagoen panoraman ez naizelako irabazlea, baina ez dut hala izan nahi; gozatzen dut musika egiten, lagun minak ditut musikari asko, eta outsider-a izan arren haien artean, maitatua sentitzen naiz».

«Libre sentitzearen beharretik» sortzen da Arzuagaren unibertso propioa; gauerdian ernatzen dena, konplexurik gabeko estilo bat ontzeko. «Gauzak nire erara esaten ditudanean sentitzen naiz ni aske, ez dogmatikoki edojoera bati jarraikiz esatean. Nire eraginak badakizkit zeintzuk diren, baina ez naiz horien atzetik abiatzen; sortzen dudanean, haietaz ahaztu beharra dut. Ez dut esango sortzea terapia bat denik, baina, bai, bizirik sentitzeko modu handi-handi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.