Eskulturaren eta gizartearen arteko lotura berpiztea du helburu Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak. Euren webgunean zehaztu dutenez, eskultura izan da, haien ustez, «euskal gizarteak eman duen forma artistikorik garrantzitsuena», eta, egun, bestelako gizarte batean egonik, euren burua berrasmatzen ari direla onartuta ere, berriz ere eskultura lehen lerrora eramatea da haien erronka. «Eskultura ezin hobeto egokitzen da euskal herritarren izateko moduarekin». 2022an sortu zuten erakundea, eta 140 artista inguru biltzen ditu egun. Haietako askoren lanak biltzen zituen erakusketa erraldoia antolatu zuten abenduan Durangon (Bizkaia), azoka egunetan hasita, eta, orain, elkarteko hogei kideren lanak biltzen dituen beste erakusketa bat zabaldu dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan. 20 eskultore izendatu dute, eta Bizkaian sortutakoak dira bertan parte hartu duten artista guztiak. Egungo euskal eskulturaren aberastasunaren lagin moduko bat eskaintzen du bildumak, antolatzaileen ustez. Otsailaren 21era arte egongo da irekita.
«Eskulturaren berrazaleratzea» gertatzen ari dela azaldu du Guillermo Olmo Eskuahaldunak elkarteko lehendakariak. Horixe bultzatu nahi du elkarteak, eta, azaldu duenez, antzeko egitasmoak bultzatzen ari dira Bizkaian ez ezik beste herrialdeetan ere, «eskulturak aurreko hamarkadetan gizartean izan duen lekua berreskura dezan».
«Etorkizuneko euskal artea emakumezkoa izango da, beraz, nolabait ere iraganeko sasoiak konpentsatzeko»GUILLERMO OLMOEskuahaldunak elkarteko lehendakaria
Emakumeek azken urteetan egin duten lana ere nabarmendu du Olmok. Haren hitzetan, aurreko hamarkadetan ez zen ikusgaitasunik zuen ia emakumezko eskultore bakar bat ere, eta gaur egun aldatzen ari da egoera. Bilboko erakusketa aipatu du horren frogatzat, gainera. Bertan parte hartu duten hogei artisten artean erdiak emakumezkoak baitira, eta gizonezkoak beste erdiak. Eta etorkizunean proportzioa emakumezkoen alde lerratuko dela uste du. Eskulturan dabiltzan artistarik gazteenen artean ere, dioenez, «erdiak baino gehiago» dira emakumezkoak. Olmo: «Etorkizuneko euskal artea emakumezkoa izango da, beraz, nolabait ere iraganeko sasoiak konpentsatzeko».
Aterpe bat
Mariemi Otaola da erakusketan parte hartu duten artistetako bat. Korten altzairuz sortutako eskultura abstraktu bat jarri du aretoan. Maketa moduko bat baino ez da, ordea, piezaren ondoan jarritako giza figura batek erakusten duenez. Eta piezaren gainean ikus daitekeen argazki muntatzeak ere indartzen du ideia hori. Bilboko Moyua plaza ikus daiteke bertan, baina Otaolaren eskultura ikus daiteke haren bihotzean, justu gaur egun bertan dagoen iturriaren lekuan. Zergatik ez? jarri dio izena lanari.
«Elkarrekin gustura eta elkarrizketan egon ahal izateko lurralde komun bat edukitzea oso ideia ona izan da, eta, jende askok lagundu duen arren, nagusiki Guillermo Olmori zor diogu hori»MARIEMI OTAOLAArtista
Otaola duela hiru urte egin zen Eskuahaldunak-eko kide. Dioenez, «aterpe» moduko bat eskaini die elkarteak orain artean «sakabanatuta» lanean ari ziren artistei. Kideen zein haien eskultura ulertzeko moduen «aberastasuna» nabarmendu du artistak. «Elkarrekin gustura eta elkarrizketan egon ahal izateko lurralde komun bat edukitzea oso ideia ona izan da, eta, jende askok lagundu duen arren, nagusiki Guillermo Olmori zor diogu hori».
Dora Salazar artistak puntetan behatzen forma duten bi zapata takoidun jarri ditu ikusgai erakusketan, eta animalia isats bat ere gehitu dio haietako bati. Estela bat eraman du Ana Herranzek. Eta Michel Ruiz artistak zazpi egur puska elkarri lotuz osatu du erakusketan ikusgai jarri duen eskultura abstraktua. Batasuna deitu du lana, eta, hain justu, irudi hori hautatu dute erakusketaren kartel modura.
«Alemanian, Herbehereetan, New Yorken eta Madrilen ere ibili naiz orain artean, eta beti bakarrik»JOSE ANGEL UBEROAGA 'UBE'Artista
40 zentimetro inguruko arrautza bat irudikatzen du Jose Angel Uberoaga Ube artistak erakusketara eraman duen piezak, bizarra egiteko xafla batek erdibituta. Zilbor hestearen heriotza XII. deitu du pieza, eta, azaldu duenez, serie zabalago baten parte da obra. Gizakiok sortzear den guztia nola hondatzen dugun adierazi nahi izan duela azaldu du artistak. Esan duenez, elkartasuna da berak ere Eskuahaldunak elkartean gehien eskertzen duena. «Alemanian, Herbehereetan, New Yorken eta Madrilen ere ibili naiz orain artean, eta beti bakarrik». Elkarrekin indarra egiteko aukera egon daitekeela uste du sortzaileak. «Pixka bat ahaztuta gaudelako».
Erraldoi sentitu
Olatz Peredak 2016an bukatu zituen arte ikasketak EHUn, eta elkartea sortu zenetik izan da bertako kide. Zurezko moduluz osatutako pieza bat jarri du ikusgai erakusketan, Eta orain ERRALDOI izan nahi dut izenekoa. «Harreman erromantiko batean zaudenean, egun batean ikusten duzu galduta zaudela, ez zarela zu, oso txiki egin zaituztela, eta horretaz ohartzen zaren momentuan hartzen duzun indar hori islatu nahi du piezak, erraldoi sentitzen hasi nahi duzun une hori».
Erakusketak «euskal eskulturaren ikuspegi eguneratua» ematen duela azaldu du Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, eta gehitu diziplina esanguratsua izan dela Euskal Herrian. «Eskulturak betidanik izan du garrantzi berezia gure herrialde honetan».
aRTISTAK