Donostiako Musika Hamabostaldiak opera antzeztua berreskuratuko du aurten, bi urtez egitarautik kanpo utzi ondoren. Gaetano Donizettiren La Fille du Régiment lana taularatuko dute, baina «Euskal Herrira egokituta». Bel cantoaren piezarik esanguratsuenetako bat da, eta Elena Sancho-Pereg sopranoak eta Xabier Anduaga tenorrak antzeztuko dute. Operaren bi emanaldi izango dira Kursaalean: bihar izango da lehena, eta igandean, bigarrena.
Guillermo Amaya eszena zuzendariak egokitu du obra. Testuingurutik atera eta XIX. mende hasierako Napoleonen Gerratik urruntzen den bertsio bat proposatu du, istorioa «Euskal Herrira hurbiltzeko asmoz». Elkarrizketak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta Tonio, protagonistetako bat, tiroldar mendizale gazte bat izan ordez, euskal mendizale gazte bat izango da. Jatorrizko bertsioan frantsesez emandako operaren zati kantatuak ere euskarara eta gaztelaniara itzuliko dira.
Pertsonaien arteko «komikotasuna» sustatuko duen ekintza eszeniko arin bat landu du Amayak, baina baita gerraren aurka egiten duena eta kritika soziala azaleratzen duena ere. Maitasun istorio bat da oraindik, nolanahi ere.
Eszena zuzendariak azaldu duenez, Donizettiren operak hiru ezaugarri berezi ditu: batetik, oso komedia «dibertigarria» dela; koruak «funtsezko» rola jokatzen duela —pertsonaia bat gehiago delako, finean—; eta, azkenik, elkarrizketek «garrantzi handia» dutela istorioaren garapenean.
Horrez gain, pertsonaia nagusien «saio ikusgarriak» ditu: Marie (sopranoa) eta Tonio (tenorra) dira. Elkar maite duten bi gazte dira, baina Mariek, une oro inguruan izango ditu Frantziako 21. erregimentuko gizonak; izan ere, haiekin hazitakoa da. Tonio, bestalde, armadan sartuko den gaztea da, eta Marieren eskua erregutuko die gainerakoei, haien onarpena lortu arte. Orduan abestuko du abeslariak bere Ah, mes amis aria aski ezaguna.
Donizettik 70 opera baino gehiago idatzi zituen; tragediak nahiz komediak landu zituen, eta horiek egin zuten ezagun bereziki konpositorea. Haren komedia ezagunen artean, bi italieraz dira (L'elisir d'amore eta Don Pasquale), eta bakarra da frantsesez: La Fille du Régiment, hain zuzen, 1840an Parisen estreinatu eta opera comique gisa idatzia izan zena.
Ibilbide luzeko gazteak
Elena Sancho-Pereg sopranoa eta Xabier Anduaga lehen aldiz ariko dira elkarrekin oholtzan. Sopranoak urteak daramatza etorkizun handiko nazioarteko ibilbidea egiten, eta liriko arinerako rolikadierazgarrienetako batzuk abestu ditu Europako antzoki nagusietan. Gainera, Rhineko Operako ahots ezagunetako bat da. Anduagaren ibilbideak ere etengabe egin du gora 2019an Operalia lehiaketa irabazi zuenetik, eta dagoeneko bel cantoari eskainitako opera tenplu eta jaialdi esanguratsuetan aritu da.
Sancho-Peregek aitortu du «erronka handia» dela opera taularatzea: «Komedia bat bada ere, musika oso bertutetsua dauka; oso zorrotza da, eta erronka handia izan da hain egun gutxitan musika zein eszena prestatu eta taularatzea. Atzo bertan, entseguan, ahots gora esan nuen txundituta nagoela nire kide guztien talentuarekin, bai eta nota guztiak zein azkar barneratu ditugun ikustearekin ere».
Bi abeslariek Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza izango dituzte lagun oholtzan, beste hainbat abeslarirekin batera. Eta Lucas Macias izango dute zuzendari lanetan, azken 20 urteetan oboe bakarlari garrantzitsuenetako bat bezala ezaguna denak. Lehen aldiz arituko da lan horretan, ordea.
Haren lana goraipatu du Anduagak: «Lucas maisuaren lana nabarmendu nahi nuke, zati garrantzitsua baita niretzat. Bel cantoan oso garrantzitsuak gara abeslariak; baina, gidarik eta eramango gaituen norbait ez badugu, ezinezkoa dela uste dut; garrantzitsuena egiten dugunarekin gustura eta lasai sentitzea baita».
Euskal erako Donizetti bat
Gaetano Donizettiren 'La Fille du Régiment' egokitu bat taularatuko dute bihar Kursaalean. Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga lehen aldiz ariko dira elkarrekin oholtzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu