Ehun urte igaro dira Francisco Escudero (Donostia, 1912-2002) jaio zenetik, eta konpositoreak sortutako musika aitzindaria da oraindik ere. 1912ko abuztuaren 13an jaio zen, Donostian; Zarautzen igaro zituen bizitzako azken urteak, eta 2002an zendu zen, duela hamar urte, hain zuzen ere. Euskara eta Euskal Herria ardatz izan ziren Escuderoren lan guztietan; doinu folkloriko eta tradizionalak oinarri hartuta, obra berritzaileak eta ausartak egin zituen, denetan nortasun propioa agerian utzita. Escuderok maila goreneko musika sortu zuen euskal doinuekin; Euskal Herriko musikaren arima islatu zuen bere lan guztietan. Lurrarekin eta historiarekin lotutako piezak sortu zituen, betiere, berezkoa zuen estiloa zainduta.
Etengabeko langilea izan zen Escudero, bai sortzaile, bai irakasle gisa. Musikari eta jaioterriari estuki lotuta eman zuen bizitza, eta horren emaitza dira Pinceladas vascas (1948), Illeta (1953), Aranzazu poema sinfonikoa (1959), (Fantasía geosinfónica (1974) obrak, baita Gernika (1985) eta Zigor (1963) operak ere. Zigor eta Gernika operak Bilbon estreinatu ziren, arrakasta handiarekin. Gernika Bilboko abesbatzak eskatuta sortu zuen Escuderok, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren omenez.
Donostian bertan egin zituen musika ikasketak, udal musika eskolan. Beltran Pagola izan zen haren irakaslea. Hamasei urterekin musikarako ezohiko dohainak zituela erakutsi zuen, eta 1931n Madrilgo Conrado del Campo kontserbatorioan onartu zuten. Kontserbatorioan, biolina, txirula, oboea, tronpa eta beste hainbat instrumenturen erabilera ikasi zuen. Ordurako, musikari argia eta azkarra zen Escudero, baina aurrera egiteko aukera bakarra bekak lortzea zen. 1932an, oposizio batzuei esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta San Fernando Arte Ederren Errege Akademiaren bekak lortu zituen. Horri esker, konposizioa, zuzendaritza eta armonia ikasketak egin zituen Frantzian eta Alemanian, Paul Dukas, Paul Le Flem eta Albert Wolf irakasle izan zituela. Escuderoren aurreneko lanak zinemarako egindako doinuak izan ziren, hala nola Jose Luis Saenz de Herediaren Diez fusiles esperan filmeko musika. Gero, 1934. eta 1937. urteen bitartean, lehen sinfoniak sortu zituen; esate baterako, Sinfonía en Sí Bemol, Trío bucólico eta Cuarteto en Sol. Hain zuzen, Cuarteto en Sol obrak Espainiako Nazioarteko Musika saria irabazi zuen, eta irratiz eman zuten.
Musikagilea Euskal Herrira itzuli zen 1945ean, eta Bilboko abesbatzaren zuzendaritza hartu. Garai hartakoak dira, besteak beste, Misa en Re, Himno a San Mamés eta Chimberianas. 1947an, Manuel de Fallaren oroimenez egindako konposizio lehiaketa irabazi zuen, Concierto Vasco obrarekin.
Maisu onenarekin ikasiz
Escuderok Donostiako musika kontserbatorioko armonia katedra lortu zuen 1948an, eta Pagola irakasle ohiaren postua bete zuen. Garai hartan hasi zen irakasle moduan, eta urte luzez irakatsi zuen Donostian; gaur egungo kontserbatorioko irakasle gehienen maisu bilakatu zen. Haren ikasle izan ziren, besteak beste Javier Jacinto, Jose Luis Marco, Ramon Lazkano, Alberto Iglesias eta Anjel Illarramendi. Illarramendik samurki gogoratzen du Escudero maisua: «Irakasteko baliabidez beteta zegoen Escudero; denetik zekien. Gogoan dut maisu atsegina eta eskuzabala zela. Escuderok gauza asko irakatsi zizkigun, baina ekarpenik handiena askatasuna izan zen. Ikasleoi sortzeko, egiteko erabateko askatasuna eman zigun».
Irakasle moduan langile nekaezina zela gogoratu du Illarramendik: «Eskola asko ematen zituen. Luxua ziren haren irakaspenak; gertaera politenen artean Zarautzera elkarrekin egiten genituen autobus bidaiak gogoratzen ditut. Eskola amaitu eta behin baino gehiagotan harekin bueltatu nintzen etxera; bidaia erabat entretenigarriak izaten genituen. beste lezio baten modukoa zen».
Illarramendiren ustez, Escuderoren oinordekotza jaso du bere lanetan: «Artista askoren musikatik edaten dut, baina Escuderoren oinordekotza guztiona da, eta hark jarritako eredua beti egongo da bertan». Escuderoren musikak nortasun propioa du, Illarramendiren esanetan: «Oso berea da Escuderok sortutako musika. Ez zen euskalduna, baina bai euskaltzale amorratua, eta haren lan guztietan nabari daiteke hori. Garai hartako konpositoreak abangoardia batean edo bestean mugitzen ziren, baina Escuderok bide propioari jarraitzen zion, nortasun handiko musikaria baitzen. Sailkaezina da».
Euskal musika ulertzeko eta interpretatzeko modu propioa zuen Escuderok. Hainbat kritikariren esanetan, XX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenen artean dago musikaria. Dena den, garai hartako Espainiako kultur eskaintza ez zen egokiena konpositorea ezagutarazteko, eta haren musikak ez zuen behar bezainbesteko oihartzuna izan nazioartean. Illarramendiren arabera, beharrezkoa da Euskal Herriko musikarien lana ezagutaraztea. «Escuderoren lana ez da askorik zabaldu hemendik kanpo, baina ziur nago urteekin gero eta ezagunagoak izango direla hark sortutako obrak. Gustatuko litzaidake Gernika opera agertokian ikustea; oraindik ez dute inoiz egin». Hain zuzen ere, azken urteetan hainbat jaialditan Escuderoren argitaratu gabeko piezak estreinatu dituzte, musikariaren oinordekotza ezagutarazteko asmoarekin. Bilboko eta Galiziako orkestra sinfonikoek hainbat obra jo dituzte, esaterako, eta Donostiako Musika Hamabostaldiak leku berezia eskaini dio, musikariaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakiarekin.
Euskal doinuen arimarekin jolasean
Bihar mende bat beteko da 'Gernika' eta 'Zigor' operen sortzaile Francisco Escudero musikagile zarauztarra jaio zelaDoinu folkloriko eta tradizionalak oinarri hartuta, oso obra berritzaileak sortu zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu