Euskal diaspora aztergai

Etxeparek Jon Bilbao katedra berria sortu du, eta AEBetako euskal kultura ikertuko du Pedro J. Oiarzabalek

Pedro J. Oiarzabal, eskuinetik hasita bigarrena. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Euskal diaspora ikertzeko eta bertako kulturaren artxiboa sortzeko helburuarekin, Etxepare Euskal Institutuak Jon Bilbao katedra berria sortu du. Historialari eta biografoaren mendeurrena gogoratzeko asmoarekin erabaki dute katedra haren izenarekin bataiatzea. Hala, aurtengo ikasturtean Pedro J. Oiarzabal Deustuko Unibertsitateko doktorea (Bilbo, 1971) AEB Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan izango da, euskal etxeekin elkarlanean, hango euskaldunen testigantzak jasotzeko. Ikerketaren lehen faseak bi urte iraungo du, eta MemoriaBizia: euskal diasporaren oinordetza biziari buruzko proiektua izena jarri diote. Jon Bilbao katedra berriarekin batera, Etxeparek martxan jarriko ditu urteroko beste lau katedra: Koldo Mitxelena, Eduardo Txillida, Bernardo Atxaga eta Manuel Irujo katedrak. Euskararen suspertzea, euskal artea, literatura eta hizkuntzalaritza eta erbestea ikertuko dituzte katedra horietan.

AEBetan dauden euskaldun belaunaldiak desagertzen ari direnez, ikerketak «presa» daukala azpimarratu du Etxepareko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregik. Dena den, ikerketa hangoek eskatu eta bultzatu dute, haren esanetan. «Katedra hau sortzea pentsaezina izango litzateke NABO North American Basque Organizations taldearen babesik gabe». Hala, elkarteak Jon Bilbao Visiting Research Fellow iker-keta beka sortu du, urtero edobi urtetik behin berritzeko asmoarekin. «Garrantzitsua da euskal diasporaren testigantza jaso-tzea, kultura eta hizkuntzaren bilakaera aztertzeko balioko duelako».

Belaunaldien testigantza

Katedra berriari Jon Bilbao izena jarri izana «ohorea» da Oiarzabalentzat, profesional moduan ikertzearekin batera bere familia ezagutzen duelako. Hain zuzen ere, historialaria Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Liburutegiaren eragilea izan zen, eta unibertsitateko ordezkariek eskatu dute proiektua, euskal etxeetako kideekin batera. Eskaera hangoek egin izana proiektuari zentzu berezia ematen dio, Oiarzabalentzat: «Hau ez da hara joan eta datuak biltzeko ekimen soila. Hango euskaldunen belaunaldiek dute historiaren zati hori gorde eta erabiltzeko borondatea, eta hori oso garrantzitsua da, haiek izango direlako protagonistak». Proiektuaren lehen fase honetan, ikertzaileak taldeka bilduko ditu boluntarioak, eta elkarrizketak antolatuko ditu.

Helduenei lehentasuna emango diete, belaunaldi horiek «desagertzeko zorian» daudelako. Oiarzabalek bi urte igaroko ditu testigantzak jaso, elkarrizketak antolatu eta taldeak egiten. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak antolatutako euskal etxeen laguntza jasoko du ikertzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.