Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak egindako galderak gidari zituztela, filosofia kontuak aipatuz hasi ondoren, politikara lerratu ziren batik bat Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941) eta Andoni Olariaga (Berriz, Bizkaia, 1984) idazle eta pentsalariak atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean buruz buru egin zuten saioan, eta independentziaz, euskal estatu baten beharraz eta katalanen bideaz mintzatu ziren, besteak beste. Jakin Fundazioak eta Martin Ugalde Foroak antolatu zuten hitzaldia. Aurrerantzean gisa bereko hitzaldi gehiago antolatzeko asmoa dute, «formula bera erabiliz», Agirrek ekitaldiaren aurkezpenean adierazi zuenez.
«Gaur egun ezin da planteatu gure independentzia XIX. mendeko kontzeptuekin pentsatuz», ohartarazi zuen hitzaldiaren une batean Azurmendik, lehen zurrunak ziren kontzeptuak gaur oso aldakorrak direla argudiatuz. «Oso ondo definitu beharko genuke zer nahi dugun lehenengo epe batean, eta alde horretatik irakurri dudan testurik borobilena eta egokiena, zenbaiti harrigarria irudituko baldin bazaio ere, [Juan Jose] Ibarretxeren programa da nire ustez. Independentzia nahi badugu, lehenengo formulatu behar duguna ez da azkeneko unean independentzia zer izango litzatekeen, une honetan posible genituzkeen independentzia mailetara iristeko urratsen planifikazio bat baizik». Utopia argi gidari bat izan badaiteke ere, begien ondoan jarriz gero itsutu egiten duela ohartarazi zuen Azurmendik.
Urratsen planifikazioari dagokionean, katalanek «lezio handi bat» eman dutela uste du Azurmendik, eta horretan harekin bat dator Olariaga.«Katalunian 2009an galdeketak egiten hasi zirenean, askori norabiderik gabeko estrategia iruditu zitzaigun, baina gero jabetu gara oker geundela», aitortu zuen Olariagak. «Ibarretxeren planaren antzeko bat aurkeztu eta atzera bota zietenean, irainduak sentitu ziren katalanak, eta gero jakin dute irainduaren sentimendu hori kudeatzen, guk Euskal Herrian ez bezala. Tamalez, gehiengoari erakutsi egin behar zaio praktikan zein dependenteak garen, zein lotuta egon daitekeen behar praktikoen konponbidea independentziarekin».
Katalunian, gainera, auzia ez dago «identitatean ardaztua», Euskal Herrian bezala. Ildo horretatik, kaltegarritzat du abertzaletasunaren sinbologianbeti Bizkaiko eta Gipuzkoako elementuak erabiltzea, Euskal Herria Bizkaia eta Gipuzkoa baino ez balitz bezala. Horrez gain, Katalunian herritarrak «beren kasa» mugitzen ari direla uste du Olariagak, eta ez aurretik markatutako estrategia bati «monitorizatuta» jarraituz.
Estatu baten balizko beharraz ere mintzarazi zituen Olariaga eta Azurmendi Agirrek. Estatu baten alde agertu zen Azurmendi, «euskal botere baten alde» dagoelako. «Baina ez dago zertan Frantziaren edo Israelen estatu eredua jarraitu», argitu zuen, badirelako bestelako ereduak, hala nola Suitza, Danimarka edo Norvegiakoa, besteak beste, beren barruko gutxiengoak eta nazionalitate txikiak zapaltzen ez dituzten ereduak. «Jarrera anarkista batetik badago esaterik boterea gaizki dagoela eta ez dugula estaturik nahi, baina nik neuk behintzat euskal botere bat nahi nuke, nahiz eta jakin horrek zer arrisku dituen».
Estatua eta bere arriskuak
Ephrain Nimmi Queen's unibertsitateko irakasleak BERRIAk joan den asteartean argitaratutako elkarrizketan adierazitakoak gogoratu zituen Azurmendik, hark esandakoari umore tanta batzuekin erantzuteko: «Estatu bat izatera pasatuko bagina, nazio zapaldua izatetik beste nazio batzuen zapaltzaile izatera pasatuko ginatekeela dio Nimmik. Ez dakit noiz iritsiko ginatekeen, iristekotan, horretara. Oraingoz ez. Boterea izaterakoan, orduan hasi beharko dugu botere horren arriskuen aurkako borrokan. Baina mundua ez da gurekin bukatuko eta hurrengoei ere utzi beharko diegu lan pixka bat».
«Euskarak hizkuntza nazional bat izan beharko luke» balizko euskal estatuan, Azurmendiren ustez, «guztiok jakin beharreko hizkuntza. Hortik aurrera, uste dut ez garela inoiz herri monolingue bat izango, eta gainera ez zaigula komeni».
Euskararen gaiari heltzerakoan, Olariagak adierazi zuen kontuz ibili behar dela euskararekin eguneroko lotura esturik ez dutenen sentsibilitatearekin, eta egin behar ez denaren adibide gisa Nafarroa Oinezen iazko ekitaldian, Tuteran, ikusi zuen pintada bat ekarri zuen gogora: «Erdara ahoan, euskaldun kaxkarra».
«Euskal botere baten alde»
Independentziaz, euskal estatu baten aukeraz, katalanen bideaz eta abar mintzatu dira Joxe Azurmendi eta Andoni Olariaga Jakin Fundazioak eta Martin Ugalde Foroak antolatutako buruz buruko hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu