Euskal bikoizleek planto egin dute, eta kolokan da Zinema Euskaraz programa

Bikoizle Euskaldunen Elkarteak uko egin dio haurrentzako filmak bikoizteari. Lan baldintza hobeak eta egonkortasuna eskatzen dituzte

Erredakzioa
Donostia
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak uko egin dio haurrentzako filmak bikoizten jarraitzeari. Hala jakinarazi zuen Xabier Alkiza elkarteko kideak atzo, Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan. Lanaren egonkortasuna eta baldintzak hobetzea galdegiten diote bikoizleek Eusko Jaurlaritzari. Kultura Sailak, berriz, arazo bat dagoela onartu bai, baina «konponbide zaila» ikusten diola azaldu zion irratiari. Horrenbestez, Zinema Euskaraz programak aurrera jarraituko ote duen zalantzan da uneotan.

Heldu den astean iritsiko da zinema aretoetara Dragoi Bola filma, eta, haren ondotik, Lego 2 estreinatuko dute. Hortik aurrera, egoera aldatu ezean, haurrentzako euskarazko beste lanik ez dute emango. Aurten, Zinema Euskaraz programan, haurrentzako hamabi film bikoizteko konpromisoa hartua du Eusko Jaurlaritzak.

Euskaraz ariko diren profesionalak egongo badira, haien lan bolumena handitzea ezinbestekoa dela adierazi zuen Alkizak. Urteotan euskal bikoizleen lana «erabat» prekarizatu dela salatu du elkarteak: azken sei urteotan erakunde publikoek prezioak %35 jaitsi dituztela, eta gaineratu dute euskarazko lanak laurden batera murriztu direla. Horiek horrela, Jaurlaritzarentzat haurrentzako film gehiago ez bikoiztea erabaki dute.

Kultura Saileko iturriek, berriz, Euskadi Irratiari adierazi diote ezin dutela bermatu bikoizleek eskatzen duten egonkortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.