Dferia

Euskal artistentzako arnasgune izango da dFeria, beste urte batez

Astelehenean hasiko da dFeria Donostiako arte eszenikoen 31. azoka. Urtero bezala, hainbat euskal taldek beren obrak aurkeztuko dizkiete programatzaileei eta publikoari.

Dferian parte hartuko duten euskal artista batzuk, Viktoria Eugenia antzokian. GORKA BRAVO / DFERIA
Dferian parte hartuko duten euskal artista batzuk, Viktoria Eugenia antzokian. GORKA BRAVO / DFERIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko martxoaren 14a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iaz 30 urte bete ostean, agenda betearekin itzuli da dFeria, Donostiako Arte Eszenikoen Feria. Esplotazioa hartu dute gaitzat aurtengo azokan, eta, astelehenetik ostiralera bitarte —igandean egongo dira ikusgai lehen lanak—, emanaldi andana bat egingo dituzte. Orotara, 33 konpainiaren 34 ikuskizun hartuko ditu dFeriak; horien ia erdiak dantza ikuskizunak izango dira, hamalau hain zuzen, eta antzerki emanaldiak, berriz, hamahiru. Lau zirku emanaldi ere antolatu dituzte, eta zenbait diziplina uztartzen dituzten hiru saio.

Azokan parte hartuko duten zortzi euskal taldek hedabideen aurrean aurkeztu dituzte oholtzara eramango dituzten lanak: Amaia Elizaran, Zirkuss, Hika Teatroa, La Dramatica Errante, Osa + Mujika, Tanttaka, Haatik eta Pikor Teatro taldeek. Euren lanak ikustera joango dira hainbat programatzaile, baina publikoak ere badu emanaldietara joateko aukera. Sarrerak salgai daude, azokaren web orrian.

'RedNudes'

Pikor Teatro 

  • Martxoaren 17an, 18:30ean, Intxaurrondo kultur etxean (euskaraz).
  • Martxoaren 18an, 09:15ean, Intxaurrondo kultur etxean (gazteleraz).

Pikor Teatroren lan berria 13 eta 17 urte bitarteko publikoari zuzendutako areto ikuskizuna da, eta euskarazko lana estreinatuko dute azokan. «Nude-ak, bideo eta argazki intimo konprometituak, lapurtuak eta baimenik gabe publikatu eta sareetan biralak egingo direnak». Gai horixe jorratuko dute antzerkian. Lide protagonistak institutua utziko du egun batetik bestera, bere argazki intimo batzuk biralak egingo direlako. Haren lagunek bere egunerokoa irakurriko dute, eta protagonistaren minaren berri izan. Ander Chamorro interpreteak azaldu duenez, obra «genero perspektiba batetik» idatzita dago: «Antzerkian ikusiko da feminismoak eta berdintasuna bultzatzen duten ideiek aske sentiarazten gaituztela».

(ID_17419594103675) REDNUDES
'RedNUDES' obrako antzezleak, bizkarrez. DFERIA

Tonua eta diskurtsoa gazteei zuzenduta dago, baina jorratzen diren gaien gaurkotasunak eta tratamenduak gogoeta eginaraziko die helduei ere. Hala azaldu du Miguel Olmeda proiektuaren koordinatzaileak: «Erronka handia da guretzat. Hizkuntza eta eduki jakin bat bilatzen saiatu gara, gazteak gure edukiarekin identifikatuta senti daitezen eta antzerkiari gustu hartu diezaioten».

'MI DEUDA'

Hika Teatroa

  • Martxoaren 19an, 09:15ean, Intxaurrondo kultur etxean (gazteleraz).

Bira betean daude oraindik ere Hika Teatroa konpainiako kideak, Zorretan antzezlana Euskal Herrian barrena zabaltzen. Donostia Antzerki Saria irabazi dute obra horri esker, eta orain antzezlanaren gaztelerazko bertsioa izango da ikusgai. Azokan egingo dute Mi deuda «anaia bikiaren» estreinaldia, eta berritasun nabarmen bat izango da: euskarazko bertsioan Miren Gaztañagak egiten duen pertsonaiaren rola Vito Rogadok egingo du gaztelerazkoan.

Iñake Irastorza Hika teatroaren Zorretan antzezlanaren entseguan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñake Irastorza Hika teatroaren 'Zorretan' antzezlanaren entseguan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Agurtzane Intxaurraga zuzendariak berak egin du obraren itzulpena, eta haren hitzetan hizkuntza bakoitzak «bere musikaltasuna eta beste emateko joera bat» ematen dizkio obrari. Era berean, Rogadok Gaztañagaren ordezkapena egingo duen arren, aktoreak pertsonaiari «bere kolorea eta nortasuna» emango dizkiola nabarmendu du. Rogadok esan duenez, «erronka itzela» izan da antzerki horretan parte hartzea, obrak bere «konfort eremutik ateratzea» eskatu baitio.

'Sustrai'

Zirkuss

  • Martxoaren 20an, 20:30ean, Viktoria Eugenia antzokian. 

Zirkuss taldeak emango dio amaiera feriari, Sustrai lanarekin. Zirkuak eta arte plastikoek bat egiten duten mundu batean murgilduko da Miren Barrena artista plastikoa, bi munduen arteko loturak «aztertzeko» prest. Bide horretan, protagonista hainbat pertsonarekin gurutzatuko da, eta askotariko bizipenak izango ditu.

Bere kezkak eta galderak eskaiolaren bitartez islatuko ditu, «istorioz eta mugimenduz beteriko gorputz hutsak» sortuz, eta espazio hutsei «protagonismoa» emanez.

'IRAUN'

Amaia Elizaran eta Neonymus.

  • Martxoaren 18an eta 19an, 20:30ean, Viktoria Eugeniako Dantza aretoan.

Amaia Elizaran dantzariak Iraun ikuskizuna estreinatuko du Neonymus musikariarekin batera. Bien arteko dantza garaikideko proiektuak «berpizkunde eta berritze esperientziei buruz gogoeta egitera» gonbidatzen du ikuslea, betiere gorputzaren bidez. Formatu laburreko pieza izango da, eta beste bi obrarekin batera taularatuko dute: Mercat Dance taldearen Dual, eta Lucia Montes eta Mado Dalleryren After the drop.

'Adiorik ez / Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán'

La Dramatica errante.

  • Martxoaren 15ean, 19:30ean, Antzoki Zaharrean (euskaraz).
  • Martxoaren 16an, 20:00etan, Antzoki Zaharrean (gazteleraz).

La Dramatica Erranteren antzezlan berria euskaraz eta gazteleraz taularatuko dute ferian. Aita batek eta haren alabak Donejakue bidean egingo duten bidaia da antzezlanaren abiapuntua. «Heriotzari eta horren inguruan hartzen den jokabideari» buruzko istorioa da, eta «zainketa aringarriak eta ‘heriotza ona’» ditu ardatz. Tristea irudi dezakeen arren, Ane Pikaza aktore eta produktoreak nabarmendu du ez dela umorerik faltako: «Umore handiarekin egindako lana da, tentsio handiko egoera zail horietan umoreak beti aurkitzen baitu bidea errazteko modu bat».

Maria Goirizelaia zuzendariak azaldu duenez, Pikazaren osabak, gaixo zegoela, «Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán» esan zion ilobari, eta horregatik du izen hori gaztelerazko bertsioak. «Antzezlana omenaldi bat da. Omenaldi bat hiltzen diren ingurukoei eta bizitzaren azken etapa horretan laguntzen dietenei».

'Sabes que las flores de plástico nunca han vivido, ¿verdad?'

Tanttaka teatroa

  • Martxoaren 18an, 18:30ean, Antzoki Zaharrean (gazteleraz).

«Luciak identitate disoziatuaren nahasmendua dauka, hau da, nortasun anizkoitza. Yoldi da Luciaren beste ‘ni’-a edo identitatea, Luciak duen traumagatik desgaitasun intelektualak dituena». Pertsonaia hori du ardatz Tanttaka teatroaren obrak. Mireia Gabilondok zuzendu du lana, eta aktore lanak ere egiten ditu, Telmo Iruretarekin eta Aitziber Garmendiarekin batera.

Endredoz eta gezurrez betetako «komedia tragiko» moduan definitu du antzezlana Gabilondok. Hain da tragikoa, ez baitago barre egitea beste erremediorik. «Ez dago gauza mingarri eta garrantzitsuen gainean barre egitea baino gauza hoberik», adierazi du Gabilondok berak.

(ID_17419591157145) FLORES DE PLASTICO
Telmo Irureta, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia emanaldietako batean. GORKA BRAVO / DFERIA

Euskarazko bertsioa azken hilabetean estreinatu dute, Beasainen (Gipuzkoa), eta, azokatik kanpo bada ere, beste hainbat herritan egingo dute euskarazko bertsioa.

'LANA'

Osa + Mujika

  • Martxoaren 19an, 11:15ean, Gazteszenan.

Osa + Mujika taldearenbosgarren obra luzea da Lana. Sortzaileen arabera, «arrakasta, balioa, estatusa» eta antzeko kontzeptuekin lotzen da lana gaur egun, baina galdera bat egiten dute: «Hain arrakastatsua bazara, zergatik ari zara oraindik astean 40 ordutik gora lan egiten?».

Jaiotz Osa koreografoak azaldu duenez, gatazka horren inguruan hausnartzen dute obran: «Ikusi genuen gizarte osoa gaudela lan kultura obsesiboaren menpe. Txikitatik hezten gaituzte langile perfektuak izateko, eta kasik hiltzen garen arte irauten du gatazka horrek».

'OTS'

Haatik dantza

  • Martxoaren 20an, 11:15ean, Gazteszenan.

Haatik taldeak Herri Gogoa —Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoa— ekarri nahi izan du gogora bere dantza lan berrian. Zentsura zela medio, ez zen inoiz zigilu moduan ofizialki existitu, baina berrehun disko baino gehiago argitaratu zituzten, helburu bakar bat buruan: euskal kultura biziberritzea eta berritzea.

Haatik taldearen Ots ikuskizunaren artxiboko argazkia. HAATIK TALDEA
Haatik taldearen 'Ots' ikuskizunaren aurrestreinaldiko irudia, Urnietako Sarobe aretoan. IKER GOZATEGI

Gaur zortzi estreinatu zen emanaldia, Donostian bertan. Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiarrak sortu du koreografia, eta euskal dantzak izan ditu inspirazio iturri. Amaiur Luluaga dantzariaren arabera, euskal dantzako pauso sinpleenei «zukua atera» die koreografoak: «Iruditzen zait euskal dantzako dantzariak batzuetan konplexuak izaten ditugula euskal dantzari izateagatik. Eta oraingo honetan pisu eta balio handia eman dio Jonek euskal dantzari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.