Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 150.000 euroko ezohiko diru laguntza baliatu du bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erosteko. Guztira, hamabost artistaren (zazpi emakumezkoren, zazpi gizonezkoren eta talde baten) 49 lan eskuratu dira. Honako artista hauen artelanak dira: Raisa Alava, Malus Arbide, Manu Arregi, Juana Cima, Patxi Cobo, Detritus, Raul Dominguez, Iñaki Garmendia, Iñaki Gracenea, Asuncion Goikoetxea, Kimia Kamvari/Nader Koochaki, Gala Knorr, Erlea Maneros Zabala, Merche Olabe eta Manu Uranga. Hautatutako piezen artean margolanak, argazkiak, eskulturak, collageak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta obra grafikoak daude, besteak beste.
Jaurlaritzak azaldu du helburu hirukoitza duela laguntza lerro horrek: batetik, «COVID-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea»; bestetik, «ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea»; eta, azkenik, «museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea».
Hain zuzen ere, Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren museoak eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarrekin erabaki dute zer artelan erosi diru laguntzaren bidez. Artium izango da titulartasun publikoko funts horren egoitza, eta gainerako museoekin partekatuko du bilduma. Zehaztu dutenez, «plan honen barruan eskuratutako obrak Artium Bilduma Museoan sartuko dira izaera publikoko ondare funtsaren zati gisa, eta Bilduma partekatua epigrafean katalogatuko dira».
Erositako obrak aurkezteko ekitaldia egin dute gaur, Artium museoan. Bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako ahaldun nagusi eta Artium fundazioko patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium museoko zuzendari Beatriz Herraez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabal.
Bigarren aldia
Bigarren aldia da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ezohiko diru laguntza hori baliatu duena bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erosteko. 2020an izan zen lehena, eta, orduan, guztira, 24 artistaren 34 lan eta edizio grafikoko zortzi ale erosi ziren.