Euskal artearen kartografia

Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen kokapena eta soslaia biltzen dituen mapa sortu du Okela Sormen Lantegiak.Sortzaileen arteko harremanak erraztea eta haien lana ikusaraztea da helburua

Bilboko Kafe Antzokian atzo Euskal Herriko artista bisual eta plastikoen mapa aurkezteko egindako saioko momentu bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Sorkuntza latitudeak zehaztu ditu Okela Sormen Lantegiak. «Euskal Herrian dauden artisten artxibo bat osatzeaz harago, tresna bat eskaini nahi dugu; artisten sare edo errizoma bat. Argi genituen beharrak: kolektibizatzea, ikusaraztea eta belaunaldi arteko zubiak sortzea. Eta horretarako sortu dugu Euskal Herriko artista plastiko eta bisualen mapa. Nahi genuen sare bat osatu eta zer edo zer erabilgarria egin. Benetako tresna bat sortu nahi genuen, ahalik eta informazio eta aukera gehiena eskaintzen dituena». Izaro Gonzalez Ieregik, Nora Aurrekoetxea Etxebarriak eta Irati Urrestarazu Zubizarretak osatzen dute Okela proiektua, eta atzo aurkeztu zuten proiektua Bilboko Kafe Antzokian. Euskal Herriko artista guztien kokapena eta bakoitzaren soslaia ageri ditu mapa interaktiboak.

Urrestarazu Zubizarretak azaldu du proiektuaren genesia. «Ikusten genuen artistak oso indibidualizatuta geundela eta bakoitza bere kabuz ari zela. Horiapurtzea eta kolektibizazio batera jotzea izan da gure asmoa, eta, horretarako, gure arteko amaraun bat sortzea izan da asmoa, eta hori erraztuko duen tresna bat eskaintzea». Bilaketak egiteko aukera ere badu erabiltzaileak; lurraldeka, diziplinaka, baita landutako gaien arabera ere. Puntu gorri batez ageri dira mapan bilaketa alor horiek betetzen dituzten artistak, baita marra gorri batez elkarri lotuta ere. Sortzaileen arteko harremanak bultzatzea baita Okelakoen helburu nagusietariko bat.

Egun, 47 artista ageri dira mapan, baina kopuru hori haziz joango da denborarekin. Zabala da deialdia, eta mapan egoteko aukera izango du hala nahi duen artista orok. Mapan izena emateko hainbat deialdi egingo dituzte horretarako Okelakoek. Abenduaren 5era arteko epea dute orain sortzaileek izena emateko, adibidez, eta urtarrilaren 5ean zabalduko dute berriz deialdia. Sortzaile bakoitzaren soslaia osatu ahal izateko datuak bidali beharko dituzte horretarako sortzaileek, baita beren lanak erakusten dituzten argazkiak ere. Kolpeka joango da mapa osatuz, beraz, eta deialdi bakoitzean gehienez ere lurralde bakoitzeko hamar artista gehituko dituzte Okelakoek webgunean. Mapa osoa biltzea da azken helburua.

«Guretzat oso garrantzitsua da hasi berri diren artistekin batera ibilbide luzea duten artistak ere erakutsi, eta zubi horiek sortuzjoatea». Espresuki jo dute horregatik ibilbide luzea duten sortzaileengana, Urrestarazu Zubizarretak azaldu duenez, eta, oraingoz,pozik daude jasotako harrerarekin. Soslai bana dute jadanik Saioa del Olmok, Alain M. Urrutiak eta Kepa Garraza artistek, adibidez. «Jendeak ikusi du halako tresna baten beharra». Baina mapa ez da soilik artisten mesedetan sortu. Okelako kideen hitzetan, erabilgarri egingo zaie museo, erakunde, ikerlari, galeria eta arte komisarioei ere.

Diagnosirako tresna

«Mapak balio dezake alorraren diagnostikoa egiteko», azaldu du Urrestarazu Zubizarretak. Oraindik artista gutxi dauden arren, ikusten ditu joera orokor batzuk jadanik. «Orain arte izena eman duten artisten %80 emakumezkoak dira; pentsatzen dut kolektibizatzeko eta lanak ikusarazteko behar hori argiago ikusten dutelako dela». Lehen begi kolpean ere agerikoak dira artista gehien biltzen dituzten guneak: Bizkaian eta Gipuzkoan dago sortzaile plastiko kopururik handiena.

Bilatu, bilatu dituzte, baina ez dute gisako proiekturik aurkitu. «Ingalaterran badago zerbait, baina batez ere arte guneak ageri dituzten mapak aurkitu ditugu, baina ez espresuki artistei eskainitakorik». Orain zazpi urte Jose Luis Moraza artistak egindako artisten mapa aipatu du Okelako kideak erreferente ia bakartzat. Bilboko Guggenheim museoak hamar urte bete zituenean euskal artegintzaren argazki orokorra erakutsiko zuen erakusketa bat antolatzeko eskatu zion museoak Morazari, eta hainbat artistaren kokapen eta soslaiak ageri zituen mapa bat sortu zuen berak, beste hainbat lanekin batera. Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak izendatu zuen sortzaileak erakusketa hura; baina Urrestarazu Zubizarretak dioenez, guztiz bestelakoa da beraiek sortu nahi duten mapa. «Ehun artista elkarrizketatu, eta bakoitzari garrantzitsuen zitzaizkion bost artista izendatzeko eskatu zien Morazak. Osatu zuen noski euskal artisten mapa, baina euskal artista handienen mapa zen hura. Guk zulo argia ikusten genuen hor, eta ikusten genuen hasi berri diren sortzaileen lana ikusarazteko beharra ere».

Beste sorkuntza alorretan ere gisako mapak sortzeko aukera ere ikusten dute Okelakoek. Kopiatu egingo dituzten? Urrestarazu Zubizarretak erantzuna. «Espero dugu baietz. Guk pozik azalduko diegu nola egin dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.