Euskal artean ereindakoa jasotzeko unea

Txomin Badiola eskultoreak, Elena Aitzkoa diziplina askotako artistak eta Mugatxoan proiektuak irabazi dituzte Gure Artea sariak.Euskal arteari eman diotena saritu dute

Txomin Badiola iaz Bilbon, bere erakusketaren irekieran. MARISOL RAMIREZ / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Gure artea ez da epaimahaikoen artea; ez da adituen eta zaleen gotorleku baten artea, baizik eta gu guztion artea da, herri baten artea». Hitzok ahoskatu ditu Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak aurtengo Gure Artea sarien aurkezpenean. Euskal kulturari «ekarpen handia» egin dioten bi artista eta egitasmo bat saritu dituzte: ibilbide artistikoa aitortzeko saria Txomin Badiola eskultoreari (Bilbo, 1957) eman diote; sorkuntza lana aitortzekoa, Elena Aitzkoa diziplina askotako artistari (Apodaka, Araba, 1984); eta ikusizko arteen arloan lan egiten duen agentearena, Blanca Calvok eta Ion Munduatek zuzenduriko Mugatxoan proiektuari. «Haien lana oso interesgarria da, gure gizarteaz kezka daukan eta eragina izan duen jendea delako», esan du Muñozek.

Badiolak eta Aitzkoak 25.000 euroko diru laguntzak jasoko dituzte; Mugatxoan proiektuak, berriz, 15.000koa. Consonni arte garaikideko ekoiztetxearen zuzendari Maria Mur Deanek gidatutako epaimahai batek aukeratu ditu irabazleak.

Hiru sari, hiru esentzia

Ibilbide luzea. Horixe aitortu nahi izan diote Txomin Badiola eskultoreari. 1957an jaio zen, Bilbon, eta 1970eko hamarkadan sortzen ari zen jada. Minimalismotik eta kontzeptualismotik abiatu, eta konstruktibismoraino egin zuen igeri —besteak beste, Jorge Oteizaren eta Joseph Beuysen eragina zela medio—. Gero, irakaslea izan zen, bai eta Euskal Eskultura Berria taldeko kide ere.

Atzera begira jarri da Xabier Gantzarain, Kalostra arte esperimentaleko eskolako koordinatzaile eta epaimahaikidea. Hasierako garaietan Badiolak emandako urratsak izan ditu gogoan, eta egun ere indarrean diharduela azpimarratu du: «Txomin Badiola, edozertan ari dela ere, artista da. Artista izate horren berezitasuna bada kezka handia izan duela belaunaldi gazteagoekin harremanak izaten eta artearen inguruko kezka hori hedatzen». Hala, Badiolak muntatutako Nor da artearen beldur erakusketa nabarmendu du bereziki; halaber, New Yorkera joan eta euskal artista gazteak hara gerturatzeko «zubia» izan dela ere azaldu du. «Figura funtsezko bat izan da euskal artean azken lau hamarkadetan. Segur aski, hura gabe gaur egun euskal artea ez litzateke bera izango».

Elena Aitzkoa, ordea, kimu berri gisa aurkeztu dute, azken urteetako lanekin ezustekoa eman duen sortzaile gisa. Pinturan, idazketan, performancean, zineman eta eskulturan arituta, arlo askotako egilea da, baina, batez ere, eskulturan nabarmendu da. Generacion 2015 garaikurra eskuratu du aurten, Caja Madriden eskutik. «Haren lana oso berezia da; badauka artearen gaineko halako ikusketa bitalista bat, bere lana bizitzarekin lotzen duena. Badauka bulkada poetiko erradikal bat bere lan guztia biltzen duena», adierazi du epaimahaikideak, eta gehitu: «Haren lanean, sorkuntzaren indar hori berritzen da». Askatasuna. Hori du Aitzkoak, Gantzarainen irudiko.

Ikusizko artean agenteek egindako lana aupatzeko arloan, Mugatxoan egitasmoaren lana saritu dute. 1998an eratu zuten Blanca Calvok eta Ion Munduatek, dantza eta ikusizko arteak nahasteko gune bat gauzatzeko ideiarekin; geroztik, ekinaldi mordoa abiatu dute. Atzera begira hasi da Gantzarain sariaren zergatia azaltzeko bidean: «Hasieran oso modu zailean, beti esperimentazioan aritzen ziren; beste inon sartzen ez ziren praktikak aztertu eta landu zituzten dantzatik eta koreografiatik, baina ikusizko artetik; mugan ibili dira beti lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.