Ez da erraza adierazpen plastikoaren eta hitzezko lengoaiaren arteko bidegurutzean paratzea. Hamaika zehar lerrok gurutzatzen dute, eta konplexua da norabide argi bat ikustea. Artearen praktikak bere lengoaia propioa baitu. Arteak historikoki desafio egin diolako hitzek mundua eta haren esanahiak emateko duten moduari. Edo, Oier Etxeberriaren hitzetan jarrita, «artearen lan prozesuari atxikita dagoen zerbait delako hizkuntzaren mekanismoa zalantzan jartzea». Eta, hala ere, arte sistema orok sortzen du bere hitz jarioa, etengabe. Sistema gero eta globalagoa da hori, eta hor urtzen dira artisten hitzezko munduak. An Artist Who Cannot Speak English Is No Artist (Ingelesez hitz egin ezin duen artista ez da artista). Mladen Stilinovic artista serbiarrak eraman zuen mezua oihalean egindako izen bereko bere obrara, 1992an. Arte garaikidea eta komunikazio bide berriak kasik bereizezin bihurtzen hasiak ziren ordurako, eta jakina da: ingelesa da hor hizkuntzetan hizkuntza.
«Zer hizkuntzatan izendatzen den obra, asko esaten du. Zuk aukeratzen duzu». Zaloa Ipiñaren hitzak dira. Artista da, eta, hain justu, hizkuntza gutxituen eta arte garaikidearen arteko erlazioez ari diren obra batzuk ditu orain ikusgai, Bilboko Euskal Museoan, Gorreri bisuala erakusketan. Euskaran oinarrituta, langai bihurtu du hizkuntza oraingoan; baina bere lanaren inguruko edukia sortzean euskarara oro har jotzen duela dio. Eta jabetzen da horrek korrontearen kontra jartzen duela. «Egunero ikusten dut hizkuntza hegemonikoetara jotzen dutela artistek, baita euskaldunek ere, batez ere ingelesera. Niri euskara zergatik erabiltzen dudan galdetzen didate, euskara ez dutela denek ulertzen. Ahaztu egiten dugu, baina ingelesa ere ez». Apaingarririk gabe azaltzen du bere hautua: «Hobeto identifikatzen naiz hala nire lanarekin. Nire hizkuntza delako egiten dut, sinpleki».
Gaur egungo artista askoren joera ingeleserakoa izatea, egungo testuingurua ikusita, ulergarria zaiola dio Mikel Onandia arte historialariak. «Artea gizarte baten isla da; sistema globalizatu eta postkapitalista batean garatzen da. Ingelesa nagusi izatea ulertzekoa da, artistek beren lana klabe lokalen eta globalen arabera egiten baitute, eta ohikoa da munduan zehar bidaiak eta egonaldiak egitea». Eta Stilinovicen lana ekarri du gogora: «Esajeratua bai, baina nahiko bisionarioa da».
Artea hitzekin pentsatzea
Adierazpide plastikoa eta hitzen lengoaia elkarren erlazioan bizi ditu Ipiñak. Ezagun ditu, hala ere, beren lana hizkuntza batekin identifikatzen ez duten artistak. «Askok kanpoan egin dute bidea, eta jada jatorrizko hizkuntzarekin ez dute harreman bera; hori ere hor dago». Haatik, susmoa du ingelesez pentsatzen ez duen baina lanean ingelesera jotzen duen artistak «ahalegin handia» egin behar duela, «horrek nazioartekoago bihurtuko duelakoan». Erro sendoko uste bat, dioenez. Ipiñarentzat horrek egiten du artea Euskal Herriko «kultur adierazpideen artean erdaldunen» .
Hala dela idatzi izan du Ismael Manterola EHUko irakasle eta BERRIAko zutabegileak ere. Artea «derrigorrean» hizkuntza batean pentsatzen delakoan da bera: «Ez dago hizkuntza batean pentsatzen ez den ariketa intelektualik». Egungo artista askoren ingelesera jotzeko arrazoien artean «neutraltasuna eta nazioartekotasuna bilatzeko asmoa» ikusten ditu. «Badirudi ingelesak bizi dugun hizkuntza dominante eta gutxituaren egoeratik ihes egiteko aukera ematen duela; neutroago ikusten dela artelanaren izenburua». Ingelesa baliatzen da, Manterolaren arabera, «nazioarteko artearen joeren» ildoan kokatzeko. «Modernoago egiten dituztelakoan». Bai eta, halaber, «merkatuaren hizkuntza» delako ere.
Izenburu bat «artelanaren interpretazioa argitu edo iluntzeko trikimailua» izan daitekeela uste du Oier Etxeberriak, Tabakalerako arte garaikideko alorraren arduradunak. Baina hori zer hizkuntzatan ematen den, ez du uste hizkuntza horrekin «konpromiso gehiago» erakusten duenik. Tabakaleran bertan ikusgai den erakusketa baten komisarioetako bat ere bada Etxeberria, Diedrich Diederischen alemanarekin batera. Izena: Cybernetics of the Poor. Vienako Kunsthalle akademiarekin ekoitzitako proiektu bat, artearen nazioarteko zirkuituaren erakusle. Etxeberria: «Izenburua ingelesez jaio zen Diedrich eta bion arteko elkarrizketa batean. Oswald Wiener artistaren boutade bat da. Hugo Ballen «pobreen dandismoa» hartu, eta «pobreen zibernetika» proposatu zuen hark, glam musikarien bizimoduaizendatzeko. Horregatik, eta nahiz eta beste batzuetan itzuli izan dugun, une batean, izena zigilu bat bihurtzen da proiektuarentzat, eta ingelesez uztea erabaki genuen». Azpititulua, ordea, hiru hizkuntzatan eman dute; euskaraz: Tutorialak, ariketak eta partiturak.
Sahatsa Jauregirentzat, «arte praktikaren osotasunean» bai, eragiten du hizkuntzak, nahiz eta «lengoaiaren logika» ez duen martxan sentitzen lanean dabilenean. Proiektuei izenburuak jartzea asko kostatzen zaio, eta beldurraren eta lotsaren artean bizi du. «Uste dut orokorra dela; horregatik dago ingelesez jartzeko joera. Distantzia bat mantentzeko». Haren kasuan, gaztelera da arteari lotuta gehien «ateratzen» zaion hizkuntza. «Euskarak askotan eskolara eramaten nau, aurreiritzia bada ere». Egunotan webgunea egiten jardun du, eta hizkuntza izan du, hain justu, buruhauste: «Euskaraz egingo dut hautu politiko moduan? Euskaraz eta gazteleraz, eta itzuli? Azkenean, ingeles hutsean egin dut». Ingelesak klase auzi bat gorde dezakeela ere aipatu du: «Ez beti, baina ingeles ona duten artistek kanpoan izateko aukera izan dutelako da, akademietan ikastekoa... Hor klase banaketa bat ageri da».
Bestalde, Onandiak argitu du euskaraz izendatzeko tradizio falta aspalditik datorrela: «Modernitatea heltzean, nahiz eta euskal arte moderno bat egiten saiatu, hizkuntzaren ikuspegitik gaztelania zen nagusi». Aldaketa gerraostean sumatu zen; sentsibilitatean bai, baina apenas praktikan. «Oteizak, Txillidak, Basterretxeak... euskal kulturaren gaineko kezka handia zuten. Abangoardiaren bidez euskal nortasunarenerroak aurkitzen eta estetika berri bat ematen saiatu ziren. Baina euskara ez zen zentrala izan. Euskarazko izen batzuk jarri arren, gehienek ez zuten euskaraz egiten; beraz, ezta lanean ere». Remigio Mendiburu nabarmendu du salbuespenen artean. «80ko urteetan eta batez ere 90ekoetan, globalizazioarekin eta postmodernitatearekin, tradizio hori desmuntatu zuten artistek, errepikatzen diren interes lokal batzuk agertu arren. Oraingo gazteek ez dut uste horrelako kezkarik dutenik».
Gaur, aurreiritziak eta konplexu giro orokor batsumatzen ditu Ipiñak euskararen leku urria aztertzean. «Oraindik gurea lokala dela uste da, ez kanporakoa».
Euskal artea zertan den
Gaian aztarrika ireki da Pandoraren kutxa. Hizkuntzak definitzen du euskal artea? Zalantza aitortu du Ipiñak: «Ez dakit gauza bera den euskal artea edo Euskal Herriko artea. Euskal literatura argiago dugu, adibidez. Baina dena da euskal artea egilea Euskal Herrikoa bada? Hemengo artista askok kanpoan egin dute ibilbide ia osoa. Baditut zalantzak». Oro har, auzia norabide okerrean planteatzen dela iruditzen zaio Etxeberriari: «Euskal nortasun batetik eratorritako artean baino interesgarriagoa da pentsatzea nortasun horren artearen praktiketako efektuetan. Azkenean, nortasun oro asmakizun estetiko bat da».
Euskara euskal artearen sisteman modu integralago batean bizitzeko lan asko dagoela egiteko uste du Etxeberriak. Baina ikusten du Tabakalerakoa eredu posible gisa. «Talde osoaren hizkuntza euskara da, eta arte praktikaren inguruko gogoeta oro euskaraz egitea posible da». Euskarazko edukiak sortzeko proiektuak ere badituzte; Kearen politikak, esaterako.
Bilboko Okela Sormen Laborategian ere bada euskararekin lotutako lan ildo bat. Han aritzen da Jauregi: «Euskal arte komunitatearen gehiengoa Bilbon bizi da; gehiengoa euskaraz ikasi duen baina erabiltzen ez duen jendea. Hor euskaraz eroso aritzeko espazio bat eskaini nahi dugu».
Salbuespenak izan daitezke, eta aintzat hartu beharrekoak direla gogorarazi du Onandiak. Argazki orokorra, baina, beste bat dela dio: «Artista garrantzitsuak ditugu, museo esanguratsuak, bekak, komunikabideak... Arte sistema bat existitzen da gurean, baina euskarak ez du zentralitaterik, ez sorkuntzan, ez haren inguruan. Eta hori aztertzea zentrala da».
EUSKAL ARTEA ERDALDUN
Euskal Herriko arte garaikidearen paisaian gero eta ingeles gehiago ikustera ohitu da bisitaria, obren izenburuetatik hasita; euskarazkoak, aldiz, urriak dira oso. Hizkuntza eta artea elkartzen dituen errealitate baten islatzat har daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu