Linzen kontzertu arrakastatsua eman izanaren hauspoaz eta harro heldu da Euskadiko Orkestra Salzburgora. Austriako lau kontzertuko birak hiru saio ditu Wolfgang Amadeus Mozarten sorterrian; hain zuzen, Grosses Festspielhaus aretoan. Toki ikusgarria da: atzealdean duen harkaitzean barrena luzatua du espazioa, oholtzari sakontasuna ematearren. 2.200 lagunentzako tokia du, eta Dmitri Xostakovitxen hamargarren sinfonia programatu duten egunerako 1.700 aulki bete dituzte. Maurice Ravelen errepertorioa programatutako bi egunetarako, berriz, bukatu egin zaizkie sarrerak, kontzertuak astegun buruzurian izanagatik ere.
Thomas Heissbauer aretoko zuzendari artistikoak Austriako biraren aurkezpenean entzundako hitzak baieztatu ditu: «Euskadiko Orkestrak dakarren programa oso garrantzitsua da; haren gaitasunaren lagin ederra da, baina, areto honen ikuspegitik, Ravelen errepertorioa nabarmendu behar da batez ere, orkestrak bere DNAn itsatsita baitarama euskal konpositorearen indarra».
«Areto honen ikuspegitik, Ravelen errepertorioa nabarmendu behar da batez ere, Euskadiko Orkestrak bere DNAn itsatsita baitarama euskal konpositorearen indarra».THOMAS HEISSBAUERGrosses Festspielhaus aretoko zuzendari artistikoa
Alborada del Gracioso, Rapsodia espainiarra, Pavane pour une infante defunte eta, jakina, Bolero obrek osatu dute konpositore ziburutarraren omenezko programa, eta, bereziki azken horrek eskatzen dituen baliabide instrumentalak asetzeko, zenbait kolaboratzaile gehitu behar izan dizkiote orkestrari.
Grosses Festspielhaus izen handiko aretoa da, baita musika zentro garrantzitsua ere. Talde sinfonikoak hartzen ditu batik bat. Heissbauerrek azaldutakoaren arabera, publikoaren herena salzburgotarra da, beste heren bat eskualdetik heldu da, eta gainontzekoak, Austriako toki urrunagoetatik eta Alemaniatik. Hori bera adierazten dute ilaran heldu eta aretoaren atariko plazan aparkatzen duen autobus andanaren matrikulek.
Salzburgon batzen den entzulea «konformagaitza eta hotza» dela entzun zitekeen backstage-an, lehen kontzertua eman aurreko entseguan; bertakoek metatutako jakinduria, musika klasikorako ohitura eta erakutsitako maila koska bat gorago dagoelako izan liteke. Robert Treviño zuzendari titularrak, ordea, ez du zalantzarik: «Aparteko zerbait nahi dute, eta Euskadiko Orkestra bada horretarako gauza».
Xostakovitxen birtuosismoa
Baina Ravel ez da amu bakarra, Xavier de Maistre harpa jotzaileak ere (Toulon, Frantzia, 1973), bakarlari gonbidatua izanik, protagonismo handia hartu baitu biran. Instrumentu hori balioesteko obrek osatu dute lehen zatia lau kontzertuetan; besteak beste, Reinhold Gliereren eta Alberto Ginasteraren obrek. De Maistrek bere «bigarren aberria» du Austria, 11 urte eman baitzituen Vienako Orkestra Sinfonikoan bakarlari titular gisa, eta ezagun du, ezagun duenez. Oholtzara agertu orduko, sekulako txalo zarta jaso du saio guztietan, eta amaieran, gainera, oinekin lurra joz ere adierazi diote arrakastaren baieztapena.
«Musikariak dena emanda aritu dira; Xostakovitxen obrak eskatzen dituen kolore emozional guztiak erakutsi dituzte».ROBERT TREVIÑOEuskadiko Orkestrako zuzendari titularra
Xostakovitxen hamargarren sinfoniak ere erabat bereganatu ditu zaleak. Treviñoren hitzetan, «obra sakona da, biziki intentsoa, eta musikariak dena emanda aritu dira; obrak eskatzen dituen kolore emozional guztiak erakutsi dituzte». Ez da bere batutapean aritutako musikariei eskainiriko losintxa hutsa. Adin guztietako entzuleak ageri ziren jendartean, eta halako aretoetan oso salbuespenekoa den jarrera bat erakutsi dute denek: lehenik txalo zarta amaigabea jo, gero bisak behin eta berriz eskatu, eta, azkenik, zutik eta gartsu, oihu egin.
Esker ona erakusteko jo dituzten bisen artean, Johanes Brahmsen Dantza hungariarra, Guridiren Hamar euskal melodien artetik seigarrena, eta Geronimo Gimenezen Boda de Luis Alonso zarzuela izan dira aipagarrienak. Bisetarako egin den hautuak, hain zuzen, txantxarako aitzakia eman die backstage-an batu diren kolaboratzaile batzuei, Basquetour turismoaren euskal agentziak liburuxkak banatu dituela kontuan hartuta: Guridiren obrarekin austriarrak Euskal Herrira begira jarri badira ere, azken obra entzun eta gero ez ote diren denak Benidorm aldera bideratu. Miresmenez, betiere.