Musika

Euskadiko Orkestra, Austrian jotzeko prest

Lau kontzertuko bira eskainiko dute: Otsailaren 6an Linzen izango dira, eta otsailaren 7an, 8an eta 9an, Salzburgon. Xabier de Maistre harpa jotzailea bakarlari gisa arituko da.

(ID_13556993) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-02, Donostia. Euskadiko Orkestrak datorren astean Austriara egingo duen bidaia aurkeztu du
Euskadiko Orkestrako hainbat kide, Miramongo egoitzan. JON URBE/FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko otsailaren 3a
05:05
Entzun

«Mozarten jaioterria da, eta, gainera, musika klasikoaren sorguneetako bat; munduko jaialdirik ospetsuenetako bat antolatzen dute han». Hitz horiekin azaldu du Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularrak egunotan Austriara egingo duten lau kontzertuko biraren garrantzia. «Oso une berezia» izango dela nabarmendu du. Han lau kontzertu emango ditu Euskadiko Orkestrak guztira. Lehena otsailaren 6an izango da, Linzen, Brucknerhaus kongresu zentroan. Gainontzeko hirurak, berriz, Salzburgon eskainiko dituzte, otsailaren 7an, 8an eta 9an, Grosses Festspielhaus aretoan. Maurice Ravel, Dmitri Xostakovitx, Georges Bizet, Alberto Ginastera eta Reinhold Gliere musikagileen obrak joko dituzte, hiru programatan banatuta.

Salzburgorako irtenaldia 2021ean egitekoak ziren, baina pandemiak plan eta kultur egitasmo asko oztopatu zituen urte hartan, tartean Euskadiko Orkestrarenak. Austriako Linz eta Salzburgo plazak, halere, ezagunak zaizkio Euskadiko Orkestrari. Linzen 2018an izan ziren, Austrian eta Alemanian barrena egindako biraren barruan. Treviño gogoz azaldu da birarako. «Europako aretorik garrantzitsuenetako bat da Linzekoa, eta hango publikoa irrikatan dago Euskadiko Orkestra berriro entzuteko».

«Hara gonbidatu bagaituzte, gure grabaketei esker gonbidatu gaituzte, eta gure eboluzioagatik, gure mailagatik, gure trebeziagatik eta gaitasunagatik».

ROBERT TREVIÑOEuskadiko Orkestrako zuzendari titularra

Eboluzioaren erakusgarri

Salzburgon ere emana du kontzertua Euskadiko Orkestrak, 80ko hamarkadan ordea, eta 40 urte ez dira alferrik joan. «Orkestra aldatu egin da, Euskadi bera ere aldatu den bezala», esan du Treviñok. «Hara gonbidatu bagaituzte, gure grabaketei esker gonbidatu gaituzte, eta gure eboluzioagatik, gure mailagatik, gure trebeziagatik eta gaitasunagatik». Nazioartekotzeari aparteko balioa eman dio zuzendari titularrak, eta nabarmendu du Euskadiko Orkestra Europako garrantzitsuenen artean egotea dela bere asmo eta helburu nagusia.

Euskadiko Orkestrak Xavier de Maistre (Toulon, Frantzia, 1973) harpa jotzailearen kolaborazioa izango du Austriako lau kontzertuetan. De Maistre Vienako Orkestra Filarmonikoko harpa jotzaile bakarlaria izan zen 11 urtez, baina gaur egun bere kasa aritzen da, eta orkestra ugaritan parte hartzen du.

Euskadiko Orkestrarekin harreman estua De Maistrek. Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak aurkeztu du musikaria: «Hain da estua, familiakoa da kasik. Halere, lanez gainezka dabil, eta zaila da, eta era berean eskertzekoa, gurekin aritzeko txoko bat egin izana bere agendan». De Maistrek Euskadiko Orkestraren grabazio ugaritan utzi du bere arrastoa: Euskal Konpositoreen Bilduman kolaborazio bat egin zuen, baita Tomas Garbizuri eskainitako lan batean eta Aita Madinari eskainitako beste batean ere. Horrez gain, 2007ko abonu denboraldian ere hartu zuen parte. Euskadiko Orkestrak Austrian egingo dituen saioetan, Ginasteraren eta Gliereren Harparako kontzertuak eskainiko ditu De Maistrek, baina ez dute lehen aldia izango, bi obra horiek 2021eko kontzertu programa batean jo baitzituzten elkarrekin.

Lau kontzertu sendo

Euskadiko Orkestrarekin biran joatea «plazer handia» dela esan du de De Maistrek, «eta zer esanik ez Austrian baldin bada», musika klasikoaren herrialdea izateaz gainera bere «bigarren aberria» ere bada eta. Haren ustez, «kontzertu birtuosoak eta erritmo eta kontraste handikoak» eskainiko dituzte, baita «kalitate handikoak ere», Treviño «aparteko musikaria» delako, batez ere.

«Euskadiko Orkestrari erreparatzen diotenek asmo handiko errepertorioa nahi dute, eta nazioartekoa izan dadila, oztopo lokalistarik gabea».

ORIOL ROCHEuskadiko Orkestrako zuzendari nagusia

De Maistrek esandakoari nolakotasun gehiago erantsi dizkio Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak. Roch: «Lau kontzertu sendo izango dira, eta horrek ahalegin handia eskatzen du, baita planifikazio handia ere». Horren harira, 100 lagun inguru martxan jartzeak dakarren zailtasuna aipatu du, eta Austriako antolatzaileen eskakizunak «sintoma» esanguratsuak iruditu zaizkio. «Euskadiko Orkestrari erreparatzen diotenek asmo handiko errepertorioa nahi dute, eta nazioartekoa izan dadila, oztopo lokalistarik gabea». Alde horretatik, Rochek azpimarratu du Euskadiko Orkestraren grabaketek eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan ematen dituzten kontzertuek programatzaileen arreta bereganatu dutela, eta haientzat Euskadiko Orkestra «erakargarria» dela, besteak beste «oso obra trinkoak» direlako, eta «presentzia sendoa» eskatzen dutelako.

Rochen ustez, garrantzitsua da «tokirik toki» ibiltzea, baina «toki berera itzultzea» ere aintzat hartzekoa dela esan du, Salzburgo «kultuzko tokia» delako, eta bereziki Euskadiko Orkestrak baliatuko duen aretoa; baina, horrez gain, «nukleo garrantzitsua» ere badelako musika klasikoan, jaialdi bereziei eta urte osoko programazio egonkorrari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.