«Euskadiko museo nazionala»

Bilboko Euskal Museoa azalez eta mamiz berritzeko 20 milioi euroko inbertsio bat egingo dute udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskara izango du ardatz, eta 2023an irekiko dute

Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak, atzo, Bilboko Euskal Museoan egindako berritze proiektuen aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Berritze integrala izango du Bilboko Euskal Museoak. Batetik, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hirukoiztu egin nahi dutelako egungo bisitari kopurua, eta, bestetik, 2023an, lanak amaitu eta berriz ere ateak irekitzen dituenean, EMYA Europako Urteko Museoaren sarirako hautagai izatea ere nahiko luketeelako. Edukiz eta mamiz moldatuko dute eraikina horretarako, baina asmoa baino ez dute jakinarazi oraingoz. Nazioarteko lehiaketa bat jarri dute martxan proiektu museografiko eta arkitektonikoak jasotzeko, eta bederatzi hautagai ditu jadanik epaimahaiak aukeran. 20 milioi euroko inbertsioa izango dute lanek, apirilean jakinaraziko dute irabazlearen izena, eta orduan ezagutaraziko dituzte proiektuaren nondik norakoak ere. «Guztiok dugu oso argi Euskal Museoa Euskadiko museo nazional bilakatzea dela helburua», Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez. Eta nazioartea izan du gogoan Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: «Euskal kulturarentzako sarbide handi bat izango da».

Euskara izango da museo berrituaren ardatza, Sorkunde Aiarza museoko koordinatzaileak azaldu duenez, baina ez du ideiaren zehaztapen gehiegirik eman.

Aiarzaren hitzetan, metafora bat izan dute oinarri berrikuntza planteatzeko orduan: Aretz bizia-ren metafora, zehazki. Berez, «haritz bizia» litzateke euskara batuko forma, baina modu horretara idatzita, museoa «fonetikoki» Bilborekin eta Bizkaiarekin uztartzen dela uste dute arduradunek. Eta Aiarzak eman du metaforaren zergatiaren azalpena ere. «Museoa, euskal gizartea eta kultura bera, organismo biziak dira, eta iraunkorki hazten ari dira, herritar guztien ekarpenaren laguntzaz». Nazioarteko izateko asmoa ere izango du proiektuak.

Metro koadro gehiago

«Euskal kulturaren hedapena» izango du xede nagusia, Museoko koordinatzaileak zehaztu dutenez, eta, horretarako, eraikinaren bidez familia guztiarentzako bisita bat eskaintzea dute burutan. Hala kanpotik etorritako bisitarientzat, nola euskal herritarrentzat ere. Museoaren asmoa izango da «antzinako kultura txiki baten jarraipen zentzua eta balioak transmititzea», kultura hori gaur egun ere bizirik dagoela nabarmenduz, «Mendebaldeko zibilizazioarentzako erreferente» ere badela gogoraraziz eta haren etorkizunerako proiekzioa kontuan hartuz.

Berez, 2016an hasi zuten berritze arkitektonikoa. Orduan estali zuten eraikineko atrioa, eta dagoeneko hasiak dira museoko 40.000 piezak gordailu batera eramaten. Bestalde, Unamuno plazara ematen duen izkinan dagoen eta museoari atxikita dagoen Kurtze eraikina ere erosi dute aldundiak eta udalak, bost milioi euroren truke, eta metro koadro batzuk irabazi dituzte horri esker. Horrekin eta garaile suertatzen den proiektuaren proposamenekin, %57 eta %85 artean haziko da museoak erabilera publikorako duen eremua. 6.400 metro koadroren bueltan izango dituela, kalkulatu dute arduradunek.

«Erakusketa handitu bat edukiko du solairu guztietan, eta euskara izango da diskurtsoaren izerdia», azaldu du Aiarzak. Hiru areto baliatuko dituzte horretarako, eta izango da aldian aldiko erakusketetarako beste espazio bat ere. Horiez gainera, gordailu bisitagarri bat ere aurreikusi diote eraikinari, laborategi gastronomiko bat, emanaldietarako areto bat, merkataritza gune bat izango duen harrera gune bat, protokolo areto bat, erabilera askotarako espazio bat, eta baita baratze bat ere, azken solairuan. Hori da eskeletoa, behintzat, zeren eta, finean, lehiaketan garaile suertatzen den hautagaitzaren arabera egokituko dira gune horiek guztiak.

Ez dute eman berritze proiektuen egileen izenik, oraingoz hautagaitzak anonimoak direlako eta euren proposamenen eskutitzak itxita daudelako. Hautagaitza aurkezteko interesa erakutsi duten arkitekto batzuk «ibilbide kontrastatukoak» direla soilik aurreratu du museoko koordinatzaileak. Iazko abenduan antolatu zuten bisita, museorako proiektuak aurkezteko gogoz zirenentzat, eta hamabi enpresa egon zirela esan dute. Nazioarteko batzuk tartean, Aiarzaren hitzetan. Oraingoz, epaimahaiak esku artean dituen bederatzi proposamenen izenak soilik jakinarazi dituzte: Haritz berria, Eko-nekta, Errotik, Hasieraren hazia, Hartzulo barri, Aztarna, El lauburu, Sustrai biziak eta Gu geuk.

Zazpikaleak eraldatzea

Bizkaiko Foru Aldundiak jadanik martxan dituen beste bi kultur konpromiso izan ditu gogoan Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bilboko Guggenheim museoa aipatu du Rementeriak, batetik, eta Bilboko Arte Ederren Museoa berritzeko lanak ere bai, bestetik. Eta, zehaztu duenez, Euskal Museoarena da orain hirugarrena. Beste proiektu batzuekin ere lotuta egongo dela gogorarazi du Rementeriak. «Baionako Euskal Museoarekin eta Donostiako San Telmo museoarekin konektatuko da, baina hau da gure euskal museoa».

Museoak Bilboko Zazpikaleetan izango duen eragina ere nabarmendu du alkateak. Haren hitzetan, «lagungarri» izango baita, hirigune hori «sortzailea», «berritzailea», «modernoa» eta «merkataritzan eta ostalaritzan aberatsa» izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.