2011. urtean hil zen Antxon Ezeiza zinemagilea (Donostia, 1935). Aitzindaria izan zen euskal zinemagintzan, eta haren material osoa bildu dute orain Euskadiko Filmategian. Bilduma material bibliografikoz, zinematografikoz eta audioz osatuta dago, eta guztira 257 erregistro sortu dituzte; haien artean, Ezeizak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak daude. Gehienak mekanografiatuak badira ere, eskuz idatzitako batzuk ere gorde dituzte. Gainera, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak digitalizatu dituen 51 audio zinta magnetiko bildu dituzte, baita Ikuska sailaren filmetako irudiekin eta baztertutako eszenekin sortutako sei bobina ere.
Euskadiko Filmategiaren artxiboan funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa kontserbatuko dira, eta komunitate zientifikoaren eskura egongo da aurrerantzean. Josefina Rubiok, Antxon Ezeizaren alarguna zenak, Errenteriako, Pasaiako, Hernaniko eta Andoaingo Udalei (Gipuzkoa) eman zien zinemagilearen materiala, eta 2020. urtean sinatu zuten hitzarmena filmategiarekin.
Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta zinema eskolak lankidetza «oso aktiboa» izan dute Ezeiza funtsa osatzeko lanetan. Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek defendatu du funts hori osatzen duten lehen mailako iturriak ikertzaileentzat eskuragarri jartzea urrats garrantzitsua dela euskal zinemaren historia hobeto ezagutzeko. Horretaz gain, euskal ondare zinematografikoa babesteko, erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona ere badela gaineratu du zuzendariak.
Ezeizaren Funtsa kontsultatu nahi duenak ordua hartu beharko du aldez aurretik, Euskadiko Filmategiaren egoitzan, Donostian.