Euskadi sariak, Zubizarreta, Urretabizkaia eta Larratxerentzat

Patxi Zubizarretaren 'Zerria' lana saritu dute haur eta gazte literaturan, Arantxa Urretabizkaiaren 'Azken etxea' narratiban, eta Joseba Larratxeren 'Ni ez naiz Mikel Laboa' ilustrazio lanean

Patxi Zubizarreta, Arantxa Urretabizkaia eta Joseba Larratxe, atzo, Donostiako San Telmo Museoan, sarien berri emateko agerraldia hasi baino lehen. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Patxi Zubizarretaren Zerria lana «topiko tipikoetatik aldentzea», Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea nobelaren «kontatzeko teknika bihurritua» eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanean Joseba Larratxek egindako ilustrazioen «proposamen fresko eta oroigarriak» saritu dituzte Euskadi literatura sarietako epaimahaikideek, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzo adierazi zuenez: «Egile hauek istorio zoragarriak utzi dituzte irakurleon eskuetan». Aurtengo lehen irabazleak dira hirurak; haur eta gazte literaturaren, narratibaren eta ilustrazio lanen modalitateetan, hurrenez hurren.

Zubizarretak iazko apirilean atera zuen Zerria, Erein argitaletxearekin. Gizatasunaren eta animaliatasunaren inguruko gogoeta egin zuen bertan. Leire Bilbaok, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Xabier Etxanizek eta Ruben Ruizek osatu dute haur eta gazte literaturako Euskadi sariko epaimahaia, eta, haien iritziz, «errazkeriatik aldentzen den lan landu bat» da Zerria, eta, nabarmendu dutenez, gomendagarria ez ezik, «literaturaz gozatzeko, pertsona moduan hazteko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide egokia» ere bada.

Garaikur hori aintzat hartuta, modalitate horretan lortu duen bosgarren Euskadi saria du Zubizarretak Gizon izandako mutila (Pamiela, 1998); Pantaleon badoa (Pamiela, 2006); Xia Tenzinen bidaia miresgarria (Ibaizabal, 2010); eta Korri, Kuru, Korri! (Ibaizabal, 2019) lanengatik eskuratu zuen lehenago. Hain zuzen ere, Zerria-rengatik jaso du oraintsu Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria, «narrazioaren kalitate apartagatik» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abileziagatik».

Urretabizkaiaren bosgarren eleberria da Azken etxea. Pamielarekin argitaratu zuen, iazko apirilean. Liburuko pertsonaia guztiak zaharrak dira, baina «aitona-amona maitagarriak izatetik urruti» daudenak, idazleak lanaren aurkezpenean esplikatu zuenez. Josu Jimenezek, Idoia Carramin?anak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek epaitu dute narratibaren modalitatea, eta, zehazki, «eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak» nabarmendu dituzte Urretabizkaiaren lanetik; eta baita «ikuspegi zein planteamendu narratiboan hartutako arriskuak» ere.

Bigarrenez saritu dute Urretabizkaia Euskadi literatur sarietan, baina aurtengoa du lehenbizikoa narratiban. 2017an, idazlearen Bidean ikasia saiakera lanari egin baitzioten aitortza sarietan. Halaber, Euskadi saria ez ezik, 111 Akademiaren saria ere jaso du Azken etxea-k.

Ilustrazio sarian, berriz, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) nabarmendu dute modalitate horretan aritutako epaimahaikideek —Maite Mutuberria, Maria Carmen Fernandez, Jose Carlos Torre, Miren Asiain eta Jose Antonio Morlesin—,eta Joseba Larratxe Josevisky ilustratzailea saritu dute hala. Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin elkarlanean ondu zuen lana Larratxek. Zehazki, Iturriaga eta Cano arduratu ziren gidoia idazteaz, eta Larratxe izan zen hitza irudietara eraman zuena.

«Erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua da». Horixe diote lanaz epaimahaiko kideek. «Irakurketa arinerako modua ematen du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira liburuan, baita askotariko ikuspegiak ere, hainbat irakurketa geruzarekin», gaineratu dute.

Datorren astean beste lau

Euskadi literatura sarien helburua da «irakurleen eta gizartearen arreta egileen lanetan jartzea», Zupiriaren hitzetan. Sailburua egileei mintzatu zitzaien: «Zuen lanari bultzada bat ere eman nahi diogu. Herritarrek zuen sormen lana eta zuen obra ezagutzea nahi dugu, eta lan hauen sustapenean ere lagundu nahi dugu. Nahiko genuke sari hauek irakurzaletasuna bultzatzeko balio izatea».

Atzo hiru sari horien berri eman bazuten ere, zazpi dira, denera, Euskadi sariak. Horrenbestez, lau falta dira jakinaraztekosaiakera, itzulpena, eta gaztelaniazko saiakera eta narratiba. Datorren astean emango dute horien berri. Azaroaren 15ean egingo dute sari banaketa, Getxoko Muxikebarri antzokian (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.