Euskadi literatura sarien hiru kategoriatako irabazleak jakinarazi dituzte gaur, Gasteizko Artium museoan. Uxue Apazaolak irabazi du Euskarazko literatura kategoriako saria, Bihurguneko nasa narrazio liburuagatik. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako sariduna, berriz, Leire Bilbao izan da, Barruko hotsak umeentzako poema bildumagatik. Eta, hain zuzen, lan horren ilustratzaile Maite Mutuberriak eraman du Ilustrazioaren modalitateko saria, Irrimola album ilustratuagatik.
Apaolazak joan den urteko azaroan plazaratu zuen Bihurguneko nasa, Susa argitaletxean. Egilearen hirugarren liburua da, eta bederatzi ipuinek osatzen dute. Bi osagaik lotzen dituzte narrazio guztiak: hiri handi batean kokatzen dira guztiak, Madrilen, eta hiri horretan bizi den Lur da kontakizun guztien ahotsa. Apaolazarentzat askatasun eremu bat da literatura, «mozorrotuta» jarduten duelako idazterakoan, liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez. «Mozorroan den gezurrak uzten digu inon baino egiatiagoak izaten, gure alderdiren bat askatzen duelako. Eta, era berean, baldintzatu ere egiten ditu gure egiak. Literaturaren egia ez da egia ebidente bat. Kasu honetan, gainera, nahi nuke egia hori zalantza bat izatea. Egiaz inguratuta gaude, horietako asko kolektiboak dira, eta ez dakit zein heinetan gure neurrikoak. Egia gezurti horien aurrean, ipuin hauek gezur egiatiak izan nahi dute; gezurraren bidez egiak esan, egiak baino egiagoak direnak». Arroztasuna da ipuinetako beste gai nagusietako bat, protagonista deseroso, lekuz kanpo sentitzen baita etengabe klaseari, generoari, hiriari, etxekoei eta abarri dagokienez. Hala azaldu zuen idazleak berak joan den otsailean BERRIAri eskainitako elkarrizketan.«Berez, enkajatzea errazagoa dela dirudi, baina niri oso zaila iruditzen zait. Arau oso jakinak daude, eta horiek betetzea gogorra da, pisutsua. Uste dut hori ordaintzen dugula nolabait, eta Lurrek egiten duena dela hori ahoskatu. Araua betetzea zailagoa da zenbat eta bazterrerago egon. Lur ez da oso bazterreko pertsona bat, baina emakumea da, euskalduna, existitzen ez den klase ertain horretan sinistu duena... Batetik, enkajatzeko zailtasuna dago. Eta, bestetik, sinisten dituen diskurtsoak daude. Nik uste dut, adibidez, feminista sentitzen dela, baina zer zailtasun daude feminismoak lekurik ez duen espazioetan funtzionatu behar baduzu, eta bakarrik, ez duzunean kolektibo bat atzean? Zer indar behar duzu, nork du indar hori? Lurrek ez dauka, eta hori da kontua, nola kudeatzen den hori».
Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osatu dute kategoria horretako epaimahaia, eta, haien iritziz, Apaolazaren liburuak «identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian —ustekabean— irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen».
Haurren egunerokoa, poesia bihurtuta
Barruko hotsak albumeko poemak haurrengan pentsatuta idatzi zituen Bilbaok, eta Mutuberria arduratu zen ilustrazio lanez. Iazko abendua aurkeztu zuten liburua. Haurren egunerokoan dauden barneko nahiz kanpoko soinuekin jolas eginez, hotsak poema bihurtu zituen idazleak, eta ilustrazio irudigileak. Onomatopeiak eta kaligramak erabili zituzten bildumaren kontakizuna osatzeko, eta, hala, ume baten egunaren soinu banda izan daitekeena jaso zuten Pamielak plazaratutako bilduman. Albumarekin, egileek segida eman diote Xomorropoemak eta beste piztia batzuk eta Piztipoemak (2016) liburuekin elkarrekin hasitako bideari. Oraingoan, baina, zomorroak eta piztiak ez: hotsak hartu zituzten poemetarako lehengai.
Kategoria horretako epaimahaiak nabarmendu du «forma aldetik, poesia bisuala» landu izana, eta «kaligramaren generoa» berritu izana, errimak eta erritmoak baliatuta. «Barruko hotsak belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio, maketazio eta ilustrazio lan bikaina». Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatu dute kategoria horretako epaimahaia. Bilbaok bigarrenez irabazi du euskarazko haur eta gazte literaturaren Euskadi saria, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarekin ere jaso baitzuen, 2017an; Mutuberriarena izan zen orduan ere ilustrazio lana.
Bestalde, Mutuberriak iaz argitaratu zuen Irrimola album ilustratua, Ikaselkar argitaletxearen Kuku emozio programaren barnean —Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza programa da—. Poza du ardatz liburuak, eta baditu hainbat berezitasun; tartean, borobila dela. Javier Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiain izan dira kategoria honetako epaimahaikideak, eta iritzi diote album ilustratuaren kontzeptua «beste dimentsio batera» eramaten duela Mutuberriaren lanak: «Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena». Epaimahaiaren ustez, halaber, «Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat».
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaurko agerraldian gogora ekarri duenez, Euskadi literatura sariek aurreko urteko uzta saritzea dute xede: «Gure sortzaileen lana aintzatetsi nahi dugu, haien lana aitortu, eta idazten jarraitzera animatu. Egileei eta haien lanei ikusgarritasun handiagoa ematea ere bilatzen dugu. Eta, azkenik, irakurzaletasuna sustatzea ere badago helburuen artean. Herritarrengan istorio berriak irakurtzeko gogoa piztea, gure sortzaileek eskaintzen dizkiguten istorio horiek».
Gainerako sariak, datorren astean
Azaroaren 24an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Donostian, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Guztira zazpi sari banatuko dira, eta datorren astean iragarriko dituzte falta diren beste lau kategorietakoak: gaztelaniazko literatura, euskarazko literatura itzulpena, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera.
Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko literatura itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.