Europaren «lokatzak»

Robert Menasse kazetari eta idazlearen 'Europar mezularia' saiakera itzuli du euskarara Eneko Aizpuruak, Katakrak argitaletxearentzat

Eneko Aizpurua eta Asier Blas, Europar mezularia liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batasuna du ardatz Katakrak argitaletxearen azken saiakerak: Europar mezularia. Burujabetza eta demokrazia XXI. mendean (Der Europaische Landbote, 2012). Eneko Aizpuruak itzuli du Robert Menasse idazle eta kazetariaren lana, eta Asier Blas EHUko irakasleak egin dio hitzaurrea. Liburuak eztabaidarako gonbita egiten du; horra arte ados daude Aizpurua eta Blas. Hortik aurrera, ez hainbeste.

Katakrakeko Hedoi Etxartek azaldu duenez, azpititulua jarri diote —Burujabetza eta demokrazia XXI. mendean—, nahiz eta jatorrizkoak ez duen halakorik. «Uste dugu, neurri handi batean,ezinbestekoak direla eztabaida horiek». Sarritan izan duten sentsazio bat aipatu du Etxartek: «Badirudi Europan 1840ko hamarkadan gaudela berriro, alegia, gertatzeko daudela oraindik eraldaketa sakonekin lotura izango duten ia afera guztiak: 1848ko erreboltak, 1871ko Parisko Komuna eta ezagunagoak diren XX. mendearen lehenengo erdiko hainbat askapen prozesu, mugimendu eta eztabaida».

Alde horretatik, beharrezkoa da hitz egitea, haren esanetan, nola antolatu behar diren gizarteak eta nork erabakiko duen zer. «Oso funtsezko aferak dira, eta horretarako da liburua, eztabaidatzen hasteko». Izan ere, Etxarteren ustez, «bakanak» dira gaiaren inguruko eztabaidak, eta «beti zeharka» egiten dira: besteak beste, Europako herrialderen batean eskuin muturrak emaitza onak izango dituelako beldurra sortzen denean, edo herrialderen batek EB utzi nahi duenean. «Inoiz ez da aurrez eta dedikazioz hitz egiten zer den EB, zertarako, zertarako nahi dugun, nola izan daitekeen beste modu batera, izan badaiteke...».

Ez du irakurlea ez hotz ez bero uzten, Aizpuruaren ustez. «Europa bidegurutze batean dagoela esaten digu Menassek: krisi ekonomiko, sozial eta politikoan murgilduta; eskuin muturra goraka etengabe, eta Europaren ideia hori gain behera joateko arriskuan». Europaren azterketa bat egiten du Menassek, baina ezhori bakarrik: «Europa zatitzen duten lubaki ideologikoetara jaitsi, eta bertako lokatzetan zikindu eta busti egiten da».

Bidegurutze horretan, bi bideren artean aukeratu behar dute europarrek: «Alternatiba bat proposatzen digu ataka gaiztotik ateratzeko: iraganeko nazio-estatuen galbideari jarraitu, edo Europako herritarretan eta komunitate naturaletan oinarrituko den nazioz gaindiko europar errepublikaren bideari heldu». Alde horretatik, Europan «demokrazia postnazional bat» eraiki behar dela proposatzen du Menassek, «elite nazionalen interesak gaindituz, demokrazia nazionalak eta nazio-estatuak historiaren putzu beltzera botata».

Utopiaren gabeziak

Hiru ataletan banatu du liburua Blasek. Batetik, EBri egiten zaizkion kritika asko «desmitifikatu» egiten ditu. «Gehien interesatzen zaidana da, agian, estatuarena: gaur egun, badirudi badagoela berriro ere estatuaren aldeko ideologia bat indarrean, eskuinekoen zein ezkerrekoen artean». Estatua elite batzuek euren intereserako sortutako produktutzat du Menassek, eta ados dago horrekin Blas, baina uste du EB berrasmatzeko aukera egon badagoela oraindik ere, «garai batean estatuekin egin zen bezala». Bestetik, EBren «defizit demokratikoak» kritikatzen ditu. Azkenik, Aizpuruak aipatutako demokrazia postnazionala kritikatu du: haren ustez, «utopia bat» proposatzen du Menassek, eta zenbait hutsune sumatu dizkio planteamendu horri.

Izan ere, Blasen arabera, Menassek ez du kontuan hartzen Europa postnazional batek nola eragingo lieketen gutxiagotutako nazioei eta estatu-nazio txikiei: «Ez da argi geratzen hizkuntza eta kultura txikiek EB postnazional horretan izan dezaketen rola». Blasen ustez, Menassek ez du auzi hori kontuan hartzen, besteak beste, bere ama hizkuntza hegemonikoa delako —alemana—.

Horrez gain, Menassek ez ditu «behar bezala nabarmendu» Europa barneko desberdintasun sozioekonomikoak, eta alderdi garrantzitsua da hori, Blasen ustez. «Desberdintasun horiek itzulpen geografikoa daukate, eta zentro-periferia harremanak sortzen dira: zentro ekonomikoek periferiak husten dituzte, ekonomikoki eta populazioz». Horrela, nazio horien iraunkortasuna eta haien hizkuntza ez leudeke ziurtatuta: «Egoera sozioekonomiko ahul batean baldin bazaude, zure etorkizuna nazio bezala zalantzazkoa da».

EBri egiten zaizkion kritikak desmitifikatzen dituen bezala, EB bera mitifikatu egiten duela uste du Blasek. «Mitifikatu egiten du bere jaiotzatik, proiektua bera, bere balizko izaera baketsua... Eta horrek zapore gazi-gozoa utzi dit». Blas Europa federalizatzeren aldekoa da, baina, hori egin ahal izateko, diagnosi egoki bat egin behar dela dio. «EB zertarako jaio zen, zein izan den bere funtzioa, zein gauza on eta txar egin dituen... Iruditzen zait horiek ez dituela kontatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.