Literatura

Europako topiko nazionalak arakatu ditu Joxe Azurmendik

Jakin taldeko kideek Joxe Azurmendiren 'Europa bezain zaharra' liburua aurkeztu dute. Nazionalismoa estatua bezain unibertsala dela kontuan hartuta, Europako nazioen estereotipazioaz dihardu

Lorea Agirre eta Haritz Azurmendi Arrue, Europa bezain zaharra liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Liburu guztiak dira garrantzitsu, eta zer esanik ez argitaratu dituenarentzat, «baina honek ilusio berezia» egin diela aitortu du Jakin taldeko zuzendari Lorea Agirrek (Beasain, Gipuzkoa, 1968), Joxe Azurmendiren (Zegama, Gipuzkoa, 1941) azken liburua, Europa bezain zaharra, eskuetan hartuta. 42. liburua du filosofoak, eta Agirrek euskal abertzaletasunari errepikatu izan zaion esaldi bat hartu du liburuak zer dakarren aurkezteko: «Denok entzun izan dugu, beharbada sinetsi ere bai, bidaiatuz sendatzen dela nazionalismoa. Azurmendik kontrakoa gertatzen dela demostratu nahi du», hau da, munduan barrena ibilita, «nazionalismo mordo bat» dela aurkitzen dena. Azurmendiren esanaren arabera, «estatua bera bezain unibertsala baita nazionalismoa».

Ideia nagusia hori izanik, eta Agirreren hitzetan betiere, «kulturaren bidez, gogoeta, pentsamendu edota arkitekturaren bidez» egindako bidaia proposatzen du Azurmendik liburuan, hain zuzen, XIX. mendeko nazio-estatuen eraikuntzak sustrai sakonagoak dituela azaltzeko, eta «estaturik ez dugun herrioi egotzitako hiperabertzaletasun hori», Europaren oinarrian eta Europako estatuen oinarrian dagoela frogatzeko.

Azken urteotan Azurmendik bere begirada filosofikoa humanitatearen esparru guztietara zuzendu duela ere nabarmendu du Jakin taldeko zuzendariak, eta ez diola «bakar batek ere ihes egin», etika, politika, historia, kultura, hizkuntza, komunikazioa, artea, natura eta beste ukitu izan baititu. Hala, «euskal pentsalaririk oparoena, sakonena eta zorrotzena» dela esan du; «Euskal Herriaren aldeko pentsalaria, eta horrenbestez, pentsalari unibertsala» dela, halaber. Hitz bakarrera ekarri beharko balitz, «koloso» baten gisan ikusten du Agirrek.

Nazioa eta nazionalismoa sarri ikertu ditu Azurmendik, «bere lanean konstanteak izan dira», eta horren adibide dira argitara emandako hainbat liburu, besteak beste, Espainolak eta euskaldunak, Espainiaren arimaz eta Historia, arraza, nazioa.

Hamar atal, gai bana

Liburua apailatzeaz eta hitzaurreaz, Haritz Azurmendi Arrue (Albiztur, Gipuzkoa, 1991) Jakineko kidea arduratu da. Hain zuzen, Joxe Azurmendiren gaineko doktore tesia egina du, zehazki nazio kontzeptuan arreta jarrita. Hamar ataletan banatua dago, eta bakoitzak gai bana jorratzen duela azaldu du Azurmendi Arruek: «Batzuetan, nabari da autoreren bat irakurri ahala hartutako oharrek eman diotela hezurdura kapituluari». Besteetan, berriz, bidaia turistiko kulturalen bat iradokitzen da. Denek dute, ordea, Erdi Aroa edo Errenazimentua jomugan, garaiari dagokinez. Halaber, Europako nazioren baten funtsezko gai edo motibo kulturalen bati heltzen diote. Shakespeareren obretan barrena egindakoan, esate baterako, «estereotipazio nazionala nola egiten den, ingelesak nola loriatzen diren (eta frantsesak nola mespretxatu), halako karakterizazio nazionalak» erakusten ditu.

Beste atal batek, berriz, Dante, Petrarca eta Maquiavelo idazleei heltzen die, «italiar kontzientzia izanik, kulturatik eta hizkuntza lantzetik Italiari zerbitzua ematea helburu» dutela agerian jartzeko. Zentzu beretik doa Du Bellay idazleari eskainitako kapitulua ere: «Hizkuntza frantsesa landuz Frantziarekiko maitasuna zabaldu nahi izan zuen, eta idazleak latina utzi eta hizkuntza bulgarean idaztera akuilatzen zituen, naziotasun hori lantzeko». Finean, Frantzia Italia baino hobea zela erakutsi nahi zuen De Bellayk.

Guztira hamar atal izanik ere, «batetik besterako loturarik eta keinurik ere» badela nabarmendu du Azurmendi Arruek.

Puntu bat gehiago nabarmentzekotan, Azurmendik gauzak kontatzeko «modu ederra» duela esan du apailatzaileak: «Gai da katedral gotikoez hitz egiteko, gero Shakespeareren lanak ironia finez eta umorez iruzkintzeko, eta, hurrena, antzinateko idazki baten historia kulturala xehatzeko». Gaineratu du liburua bera «ariketa humanista bat» dela, jorratzen dituen gai ugariengatik, ezagutza klasikoagatik, eta «irakurri ahala janzten duelako» irakurlea.

Europa bezain zaharra ez da Azurmendiren beste hainbat liburu bezain «zehatza», apailatzailearen aburuz, eta Espainolak eta Euskaldunak liburuarekin alderatu du, biek ere «atal motzak, gaia antzekoa eta idazkera jostari eta bizia» dutelako. Bost mende atzerako gauzei buruz ari den arren, «gaur ere garrantzia» dutela nabarmendu du, eta gaineratu baliagarria dela «baita etorkizunera begiratzeko ere».

Azurmendi Arruek azaldu duenez, egileak zalantza agertu zuen testua bidali berritan, «gaiak inori interesik piztuko ote zion». Baietz esan zion lana begiratu aurretik, «eta gero , begiratuta, areago»: Tazitoz eta germanismoaz atal bat dauka Azurmendik, «eta kurioski, Barbarians seriea dago Netflixen, hain zuzen mito, motibo kultural eta gai horri buruzkoa». Beste horrenbeste esan liteke Shakespeareri buruz: «King Henri V obra aski xehatzen du, eta Netflixen ere The King dago».

Narratibaren eguneratzea

Topikoen itzulera ez da hutsetik jaio, Azurmendi Arruek dioenez: «Globalizazioaren hil kanpaiak entzun ahala, komunitateak, zapalduak nahiz zapaltzaileak, gu egiten gaituena zer den pentsatzen hasi direlako». Narratibak eguneratzen ari direla eta liburua esku-eskura datorrela azpimarratu du, «topikoek Alemanian, Frantzian eta gainerakoetan zein funtzio izan duten, eta batzuei barbaro deitzeko nola erabili diren» erakusten duelako.

Azkenik, «Azurmendik, askotan bezala, ondorio borobilik atera ez, baina pentsagai asko ematen» dituela aipatu du Azurmendi Arruek. «Gai hauek ez dira soilik gureak, ezta iraganeko kontua ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.