Emir Kusturica: «Europa desegin egingo da, Jugoslavian gertatu zen bezala»

Emir Kusturica zinemagilea
Emir Kusturica zinemagilea. F. CARRION
Mecavnik
2024ko otsailaren 11
05:55
Entzun
Eskuin muturra, historiako sasoi nahasietara garamatzan hori, berpizteko bidean da. Zer deritzozu gertakari horri?

Bitxia da: faxismoa sor dadin beharrezko diren baldintza guztiak sortu dituzte, eta, hala ere, beste batzuei deitzen diete faxista. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ez zuten askorik egin nazi eta arduradun asko justiziaren aurrera eramateko, eta haietako askok, gainera, AEBetara, Kanadara eta Hego Amerikara jo zuten; orain, 50 urte geroago, hor dugu Ukrainan gertatutakoa: 2005eko maiatzean sortutako erreboltaren harira, Ukraina independentea izateko historiaren heroi gisa itzuli ziren nazi horiek guztiak, eta Stepan Banderaren figura goratzen zuten.

Eta zer diozu Errusiaren jarreraz?

Hemen, Serbian, tragedia hura bizitzen ari ginelarik eta gu txikitzen ari zirelarik, nik Putin babestu nuen, hura izan zelako gertatzen ari zenaren aurka ahotsa goratu zuen bakarra. Ezin dugu ahaztu hemen harreman historiko oso estua izan dugula Errusiarekin. Beraz, logikoa da nik hura babestu izana, Zelenski aktorea babestu beharrean; izan ere, Zelenski, aktore txarra ez ezik, presidente txarra ere bada, eta, gainera, gehiegi hitz egiten du, eta beti dago duintasuna galtzeko prest. Ukrainako gerra gehiago da gertatzen ari den aldaketa geopolitiko globalak piztutako galdera bat, hari emandako erantzun bat baino. NATOk zin egin zuen ez zituela Errusiako mugak mehatxatuko, eta ikusten ari gara zer gertatzen ari den.

Amaiera iragar daiteke?

NATO noraino iristeko prest dagoen, horren araberakoa izango da amaiera. Orain arazo bat du; izan ere, zenbat eta gehiago inplikatu, orduan eta gehiago konplikatzen ari da egoera, eta biktima zibil gero eta gehiago dago. Ipar Amerikako politikak onartuko du bide horretan jarraitzea, edo konpromisoak eskatuko ditu? Gerrak sekula ez dira hasten CNNk iragartzen dituenean, eta Ukrainan ere, 2008an hasi zen, 2014an areagotu egin zen gero, eta hala heldu gara gaur egungo egoerara.

Ekialde Hurbileko gatazka areagotu eta berraktibatu izana ere sartuko zenuke aipatutako jokaleku horren barruan?

Askoz ere gatazka konplexuagoa da. NATOk bere aparatu militarra justifikatu behar du, eta gutxienez zazpi gerra handi piztu ditu horretarako, ia guztiak Ekialde Hurbilean. Zergatik? Bada, han daudelako petrolioa, gasa, ura... Baina Errusiarenaz bestelakoa da haren taktika, lehenik bonbardatu egiten baitu, eta gero tropak bidali: suntsitze horrek kalte erraldoiak dakarzkio zibilen biziari.

Nola ikusten duzu gizateriaren etorkizuna hainbeste mehatxuren artean?

Samuel Huntingtonek esan zuen bezala, uste dut hainbat zibilizazio izango ditugula paraleloki bizitzen. Ez dakigu, ordea, zer lurraldetan. Zeren eta kontuan hartzekoa baita, adibidez, Frantziako biztanleen herenak direla musulmanak egun, eta berdin Britainia Handian edo Alemanian ere. Eta ez ditugu aipatu AEBetako migrazio olatuak. Baina nork sortzen ditu migranteak? Gerra eta arpilaketa inposatzen dituzten horiek berek ateratzen diete etekina gero. Arazoa da Amerikak sortuak direla bai gerra, bai Human Rights Watch; alegia, bai gerra, eta baita gerraren aurkako sendagaia ere.

Eta Europa?

Europako buruzagiak ergelak eta ustelak dira. Inork ez du haien alde bozkatu. Europa desegin egingo da, Jugoslavian gertatu zen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.