1983 eta 2000 artean Lasa eta Zabalaren aferaren bueltan gertatutako gauza asko kanpoan utzi behar izan dituztela dio Unax Ugaldek (Gasteiz, 1978). «Lekurik ez zegoen den-dena aipatzeko». Aktorea Mexikora joango da laster. Salin Nayar zinemagilearen esanetara ariko da Manuel del buen presidente pelikulan. «Ni izango naiz presidente hori», adierazi du, irribarretsu.
Asko hitz egin da filmaz azken hilabeteetan. Pisu bat kendu al duzu gainetik behin estreinatuta?
Ez dut nabaritu pisurik. Tira, orain hilabete eta erdira arte, aurrenekoz ikusi genuen arte, igartzen nuen nolabaiteko zama bat... Gero, lasaitu egin nintzen. Izan ere, filma errespetu osoz egin da, eta, GALenak barne, terrorismoaren biktima guztiei eskainita dago. Pelikula, gainera, sumario batean oinarritzen da, eta hori Espainiako justiziak frogatua eta Estrasburgokoak berretsia dago.
Iñigo Iruin abokatuarena egiten duzu. Nola prestatu duzu pertsonaia?
Irakurriz, dokumentatuz. Iñigo Iruinekin ere bildu naiz pare bat aldiz. Kasuaz, familiarekin zuen harremanaz eta bizipen propioez hitz egin dit. Hamabi urte igaro zituzten haien [Joxean Lasa eta Joxi Zabala] berri eduki gabe.
Gero, egia esan, ez zegoen denborarik haren pertsona antzezteko. Iñigo Iruinena egin behar nuen, baina Iñigo da pelikulan; izan ere, ez gaude hartaz hitz egiten, kasuaz baizik. Hark ulertu zuen.
Iruinen karakterizazio fisikoa ez dela erabatekoa, alegia.
Hori da. Haren keinu batzuk-eta mantendu ditut. Pelikularen helburu nagusia, baina, kasua aurrera eramatea zen, hura erakustea. Orduan, gauza batzuk kendu dira, beste batzuk ipini... Dramatizazio bat da finean.
Iruinek nola hartu du?
Oso ondo. Tira, pelikula ikusi du, eta, hartan gauza batzuk ikustean, esan izan du, adibidez: «Nik hori ez nuke inoiz egingo» [umorez]. Baina, zinemazalea izanik, hasieratik ulertu du hau film bat dela eta inportanteena dela mundu osoko jendeak urte horietan zer gertatu zen ulertzea.
Zer iritzi dauka filmaz?
Hori hari galdetu beharko zenioke [barrez].
Pablo Malok rol nagusirako aukeratu zintuen. Zerbait zehatza eskatu al zizun?
Hamabost urteotan pare bat aldiz lan egin dugu elkarrekin, eta lagunak gara. Proiektuaz arduratu den ekoiztetxeak Pablo [Malo] aukeratu zuen zuzendaritzarako, eta gero nitaz akordatu ziren. Deitu eta jakinarazi zidatenean zein rol jokatu behar nuen, asko poztu nintzen; poztu, erantzukizuna handia delako.
Agian pertsonaia asko agertzen dira filmean, eta ez da egiten inoren erretratu psikologiko sakonik, esaterako. Atentzioa ematen du horrek...
55 aktore gaude... Bai, igual egia da... Baina hitz egiten ari gara 12.000 orrialde zituen sumario batez, hamabi urtez desagertuta egon ziren bi gorpuz, torturez, erailketez... Sentsibilitate asko-asko min daitezke film honekin. Guk eztabaidaren atea ireki dugu, eta gertatu zena erakutsi. Egia esan, Europa demokratiko osoko ekintzarik tragikoena da, kontatu beharrekoa. Kasu honek sail eta saga oso baterako ematen du.
Zein balio dauka Lasa eta Zabala-k?
Egoera asko aldatu da. ETAk hiltzeari utzi izanak eragin du hori. Beraz, horrek gaiari buruzko pelikula asko ekarriko du. Eta zinemak dauzkan balioetako bat da jendea pertsonaien larruan sartzen dela; eta jendeak sufritzen du, adibidez, Lasa eta Zabalaren senideen moduan, edo enpatia du nire pertsonaiarekin. Izan ere, estatuko estamentu guztiei aurre egin zien, erailketaren egileak haiek beraiek zirela frogatzeko. Zinema ona da eztabaida irekitzeko. Gurea ez da panfleto politiko bat. Etorriko dira, eta beharrezkoak dira beste film batzuk Gregorio Ordoñezi buruz, Miguel Angel Blancori buruz... Gurearen moduko filmak ondo datozkio bake prozesuarentzat.
Gertatu zena Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo ezagutzera ematea ere bada zerbait.
Noski. Jende askok ikusi du jada, eta mundu osoko banatzaileak daude interesatuta.
Malok adierazi zuen ez zuela egin nahi biolentziaren pornografiarik, baina tortura sekuentziak latzak, oso gordinak dira.
Hala behar dute; eta, egia esan, benetan bortitzagoak izan ziren.
Madrilen bizi zara. Errepresalien beldur al zara?
Ezer ez gertatzea espero dut. Errespetuz egindako lana da. Gaia politizatzeko eta egun gertatzen ari diren beste kontu askoz ere ilunagoetatik atentzioa aldentzeko interesa badago, bada, tira... Baina ez diezagutela adarrik jo!
Zer ekarpen egin dizute pertsonaiak eta pelikulak?
Mina. Pablok eta biok komentatzen dugu badaramagula urtebete pelikularekin, eta ikusten duzu eraildakoen senideek sufritu dutena, konturatzen zara zigorgabetasunaz... Nire hurrengo filmak argi gehiago edukitzea nahiko nuke.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Unax Ugalde. Aktorea
«Europa demokratikoko ekintzarik tragikoena da, kontatu beharrekoa»
Iñigo Iruin abokatuarena egin du Unax Ugaldek 'Lasa eta Zabala'-n. Kasuaren gordintasunagatik, mina sentitu zuen lana ontzen ari zenean, baina uste du gisa horretako filmak ondo datozkiola bake prozesuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu