Euripides feminista bat

'Bakanteak' tragedia klasikoaren gaurkotze bat taularatuko dute Dantzertiko ikasleek, ostiralean, Getxon: 'Basatiak-Animales salvajes'

Dantzertiko arduradunak eta antzezlaneko aktore nahiz zuzendariak, herenegun, Getxon. GETXOKO UDALA.
Inigo Astiz
Getxo
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ozen entzuten da techno musika Getxoko Muxikebarri antzokiko bozgorailuetatik (Bizkaia), eta, Namaste bitches dioten neonezko argien azpian, erori eta zutitu, euforia betean ari dira dantzan sei aktore, espresuki diskotekarako jantzitako txandal dirdiratsuekin. Liskarra sortu da haien artean: neskentzako antolatu dute festa neskek, eta mutilak ez du zergatik ulertzen. «Gizon izateagatik diskriminatzen gaituzue!». Hain zuzen, genero arrakala hori da Basatiak. Animales Salvajes antzezlanaren ardatza. Gaur izango du estreinaldia, Getxon bertan, eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskolako laugarren mailako ikasleek taularatuko dute obra. Euripides idazlearen Bakanteak tragedia klasikoaren bertsio bat da funtsean, baina 2018ko martxoaren 8an kokatuta. Javier Liñera antzerkigileak egokitu du testua eta Maria Goirizelaiak zuzendu du obra. Nahasian joango dira euskara eta gaztelera obran, eta gaur ez ezik, bihar eta etzi ere egongo da ikusgai Muxikebarrin, eta Gasteizko Felix Petite antzokian ere bai, ekainaren 2an.

«Bertsio librea da», onartu du Liñerak. Baietz, Euripidesena dela oinarria, baina erabat libre egin duela egokitzapena. «Euripidesek bizitako gizartea erakusten du haren antzezlanak ere. Emakumeak erabateko periferian zeudelako orduan, hiritar izateko eta gurtzarako eskubiderik gabe». Eta antzera bere bertsioan ere. Dena festa giro horretan bildurik.

Feminismoa eta kultura urbanoa. Goirizelaiaren hitzetan ere, bi zutabe horiek baliatu dituzte antzezlana eraikitzeko. Horregatik, antzezten ez ezik, dantzan eta kantuan ere arituko dira aktoreak. Tarteka, rapean ohiko diren oilar borrokak ere eszenaratuko dituzte aktoreek, eta genero desberdintasuna izango da gatazkaren funtsa, kasu horretan ere.

Laugarren urtea

Zazpi urte dira Dantzerti martxan hasi zenetik, eta, beraz, gradua lortuko duen laugarren ikasle labealdia da hau. Sei aktore, guztira: Maialen de Pablos, Libe Estebaranz, Alejandro Gibaja, Amaia Iriondo, Nahia Sillero eta Sofia Zallio. Hilabete daramate guztiek Getxon antzezlana prestatzen.

Aurrez ere, urtero taularatu dute antzezlan bat azken kurtsoko ikasleek, baina etenaldia ekarri du hor ere koronabirusak eragindako osasun krisiak. Bertan behera utzi behar izan zuten duela bi urte proiektu hori, eta maskarak jantzita aritu behar izan zuten iaz. Horregatik, itzulera moduko bat da aurtengo proposamena, Naomi Santisteban Dantzertiko zuzendariak esan duenez. «Orain berreskuratu dugu aurrez aurrekoa». Eta ikasleei lehen mailako profesionalekin lan egiteko aukera eskaini dietela nabarmendu du Unai Izquierdo Dantzertiko zuzendariordeak. «Apustu handia da, eta inbertsioa ere bai. Beste alor batzuetan estutu behar izan dugu gerrikoa».

Orain arte ere, euskara eta gaztelera nahasiz egin dituzte gradu amaierako proiektuak ikasleek. Izquierdo: «Ekoizpen batzuetarako konpainiek euskarazko bertsio bat eta gaztelaniazko beste bat prestatzen dute, baina guk erabaki dugu, normalizazioaren alde, bi hizkuntzetan egitea zuzenean».

Dantza gradua ere eskaintzen du zentroak, bestalde, eta gaur gradua amaitzekotan diren dantzariek ere lau emanaldi eskainiko dituzte Getxon, antzezlanaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.