Euren lorategia sortu dute

Belako taldeak bosgarren diskoa kaleratu du: 'Sigo regando'. Hamahiru kantu biltzen ditu; tartean, euskarazko hiru. Asteburuan Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Dabadaban arituko dira

Belako taldeko kideak, Sigo regando disko berria iragartzeko argazki batean. LIDE MIKELE BILLELABEITIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Kala batek janzten du Belako taldearen disko berriaren azala. «Musika ez den gainerako arte guztia osatu dugu loreen inguruan», aurreratu du Lander Zalakain taldeko bateria jotzaileak. Eta izenburua ere bide beretik doa: Sigo regando. «Gure lorategia izango balitz bezala irudikatu dugu disko hau. Hamabi urteren ostean hor jarraitzen dugula esateko modu bat da; gure bide propioa egiten, gure lorategia ureztatzen». Aurreko lanen ildo beretik osatu dute lan berria, eta estilo askotako hamahiru kantu bildu dituzte denera. Aurkezpen bira bete-betean sartuta daude oraintxe, eta asteburua Euskal Herrian igaroko dute: ostiralean Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta larunbatean, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan.

Hasieratik amaierara arteko bidaia bat proposatzen dute lan berrian. «Alde horretatik, nahiko erromantikoak gara: disko luzearen formatuaren zaleak gara», esan du Zalakainek. Kantu bakoitzean «emozio asko» tartekatu dituzte, baina badago horiek guztiak batzen dituen hari nagusi bat ere: «Pertsona bat galtzeak sortzen duen hutsunearen inguruan hitz egiten du, baina, tartean, argi asko ere badago, melodia alaien bidez islatzen dena».

Kantu bakoitzean eduki sozial handiko hitzak bildu dituzte. Izan ere, talde gisa, «nolabaiteko ardura bat» dutela sentitzen dute: «Mikro bat aurrean jartzen digutenean, mezu aldarrikatzaileak egiteko ardura sentitzen dugu». Mundu mailako kezkak salatzeaz gainera, musikaren industrian ere jarri du arreta Zalakainek: «Gizonen mundua da musikarena; lau taldekide gara, eta Cris eta Lorek egoera desatseginak jasan behar izan dituzte. Josu eta biok horren lekuko izan gara, eta, talde gisa, nolabaiteko sentsibilitatea garatu dugu: argi dugu gure bide propioa eginda ez gaituela mundu horrek zipriztinduko».

Euskara, ingelesa eta gaztelania tartekatu dituzte diskoko hamahiru abestietan. «Egia esan, oso prozesu naturala da hizkuntzarena: sonoritatean jartzen dugu arretarik handiena», nabarmendu du Zalakainek. Oraingo honetan, hiru abesti egin dituzte euskaraz: Saguzarren kanta, Orein orain eta Hegodun baleak III. Azken hori aurreko diskoetako kantuen jarraipena da. Era berean, ingelesezko kantuak errazago moldatzen dituztela kontatu du: «Gure erreferente musikal nagusiek ingelesez kantatzen dute, eta, hein batean, horregatik hasi ginen gu geu ere hizkuntza horretan abesten». Aldi berean, baina, euskaraz abesteak gogobete egiten ditu taldekideak: «Atzerrian jendea gure kantak euskaraz abesten entzutea zoragarria da; sekulako poza ematen digu». Aurten kaleratu dute euren ibilbideko aurreneko kantua gaztelaniaz, Sangre total. «Abesti hori da diskoko kanturik kinkiena eta punkiena. Naturalki atera da gaztelaniaz; proba askoren ondorioa izan da».

Urte hauetan guztietan soinu propioa garatu badute ere, esperimentaziorako tartea ere hartzen dute disko guztietan. «Kontziente gara gurea ez dela nolabaiteko estilo garaikide bat, baina beti saiatzen gara oreka bat izaten esperimentazioaren eta estetikaren artean», kontatu du.

Hilabeteotan tantaka joan dira lan berriko kantak aurkezten, sare sozialen bitartez. White Lies izan zen lehenengoa, eta haren ondotik etorri ziren Sangre total eta Orein orain kantuak, besteak beste.

Etxean zein nazioartean

Lehen diskotik oihartzun handia lortu zuen taldeak; oraintxe bertan ere milioi bat entzunaldiren bueltan dabiltza haien abesti batzuk musika entzuteko sareko plataformetan. Alde horretatik, beraz, «presio pixka bat» nabaritu dute taldekideek lan berria sortzeko orduan: «Gure asmoetako bat gure musika geroz eta jende gehiagorengana iristea da, baina, aldi berean, gu geu ere geroz eta exijenteagoak gara: egiten dugun hori guri gustatu behar zaigu lehenengo, eta gero gainerakoei. Bilakaerarik ikusiko ez bagenu, ez genuke diskorik kaleratuko».

Azken diskoetan bezala, Iñigo Irazoki teknikariarekin grabatu dute diskoa, Berako Atala estudioan (Nafarroa). «Iñigo gure zuzenekoetako teknikaria izan zen lau edo bost urtez, eta, ordutik, sekulako harremana dugu: badaki islatzen guk bilatzen dugun hori. Oso gustura aritzen gara», azpimarratu du Zalakainek. Analogikoan egiten du lan Irazokik, eta, hain zuzen, horixe nahi zuten taldekideek.

Hiru hilabeteko prozesuaren ondoren, irailean aurkeztu zuten diskoa, Londresen. Modu berezi batean, gainera: «Pandemiaren eraginez, kontzertu asko geratu ziren bertan behera; horietako asko, Ingalaterran. Jendearen arreta piztuko zuen zerbait bitxia egin nahi genuen, eta pentsatu genuen berezia izan zitekeela disko berria itsasontzi batean aurkeztea, Tamesis ibaian barrena. Esperientzia desberdina izan zen, xelebrea baina polita».

Ostiralean eta larunbatean Bilbon eta Donostian izango dira, hurrenez hurren, eta gogoz daude taldekideak : «Zuzeneko talde bat gara: asko gustatzen zaigu jendearekin egotea, bakoitzaren sentsazioak jakitea, gure kantuek zuzenean nola funtzionatzen duten ikustea... Asko disfrutatzen dugu». Kanta berriez gainera abesti zaharrak ere joko dituztela aurreratu du Zalakainek: «Errepertorioak egitea arte bat da. Bost disko kaleratu ditugu dagoeneko, eta gero eta zailagoa egiten zaigu zuzenekoetarako abestiak aukeratzea».

Horien ondotik, hainbat emanaldi dauzkate zehaztuta dagoeneko. Besteak beste, Espainian, Mexikon, Kanadan, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian. «Atzerrira nahikotxo bidaiatzeko asmoa dugu», gaineratu du. Aurrez, baina, Euskal Herriko gaztetxeetatik bira bat egiteko gogoa ere badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.