KRITIKA. Antzerkia

Eulalia Abaituari argazkia atera diote

2023ko abenduaren 7a
06:00
Entzun

'Mira Hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan'

Gidoia: Patxo Telleria. Musika sormena: Maite Larburu. Zuzendaritza: Getari Etxegarai. Aktorea: Maria Urzelai. Musika eta kantua: Lide Hernando. Ikus-entzunezkoak eta arte bisualak: Alphax. Argien diseinua: Arantza Flores. Lekua: Donostiako Gasteszena. Eguna: Abenduak 29. 

Loraldia jaialdiak aurreko edizioetan ekoiztu zituen Abbadiari, Elkanori eta Iparragirreri buruzko ikuskizunak, betiere, euskal kultura transmititzea azken helburu zutela. Aurten, berriz, lagun horiek baino askoz ezezagunagoa den Eulalia Abaitua (1853-1943) argazkilari bilbotarrari eskaini diote Mira Hadi izeneko antzezlana. Gauzak horrela, kontua da, ordukoetan eta oraingoan antzerkia tresna baino ez dela, alegia, teatroa aitzakia gisa erabili dela beste xede bat betetze aldera, eta baldintza hori betetzen duten piezek didaktikoegiak izateko edo haien teatraltasuna eskasian geratzeko arriskua izaten dutela.

Baina, Mira Hadi-k ondo gainditu ditu nire aurreikuspen gaiztoen trabak ordubeteko emanaldian. Bi aktoreren arteko elkarrizketek hizpide hartu dituzte egungo irudien gaindosia eta argazkilaritzaren hastapenetako margolarien kamera beltza, baita lehenbiziko argazkilarien izenak eta izanak ezagutzera eman ere. Bi antzezleek rol bana bete dute: Maria Urzelaik hizlari bat antzezten du; Lide Hernando, berriz, adituaren solaskidea izateaz gain, abeslaria ere bada, gitarra elektrikoa zein klasikoa lagun dituela. Horrela, abestiek hitz jarduna eteten dute han-hemenka, erritmoa arinduz. Hasiera bitxia izan da, jakin-mina pizten duten horietakoa: mundu digitalaren ikur den kode bitarraren proiekzioa ikustearekin batera, Laurie Andersonen O Superman melodiaren hainbat konpas entzun ditugu. Dena den, aurrera egin ahala, Maite Larbururen musikak molde esperimental elektrikoa alde batera utzi, eta gaiari ondo datorkion pop eta rock doinu konbentzionalagoaekin jantziz joan da.

Ikuskizunaren muina, dena den, Eulalia Abaituaren argazkien etengabeko proiekzio dinamikoa da. Garaiko erretratista lez, jende xehea nahiz senideak harrapatu zituen haren kamerak. Zuri-beltzeko irudiak erakargarriak dira berez, eta are xarmangarriagoak dira —eszenografikoki— haietan ageri diren pertsonekin egindako ebakinak. Batzuetan, esaterako, taldeko argazkitik emakume baserritarraren aurpegia banandu, lehen planora ekarri, eta haren gaineko hausnarketa egin du hizlariak. Beste hainbatetan, erretratatuen ezpainak mugimenduz astindu dira, ikuslearen harridurarako.

Ordubetea konturatu gabe joan zaigu. Eulalia Abaituari esker Bilboren inguruko biztanleen oroimena biziago dago. Mira Hadi ikuskizunari, berriz, argazkilariariaren memoria ikusgarriago bilakatu izana zor diogu. Transmisioa begikatez begikate, begiradaz begirada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.