Durangoko 58. Azoka

'Eukaliptus' antzezlanak Durangon hasi du bere ibilbidea

Jon Ander Urrestik Durangoko Azokaren sormen beka irabazi zuen iaz proiektu honekin, eta, urtarrileko estreinaldiaren atarian, lehen aldiz erakutsi du gaur Durangon. Eukaliptoa ardatz hartuta, gaurko hainbat auzi soziali buruz hausnartzen du piezak.

(ID_13412229) (Jon Urbe/@FOKU) 2023-12-08, Durango. 58
Beñat Urrutia eta Jon Ander Urresti, 'Eukaliptus' obran, Durangon. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Euskal Herria
2023ko abenduaren 8a
18:00
Entzun

Iaz egun hauetan sormen beka eman ziotenean, eukaliptotik abiatuta, «lurren eta bizitzen kudeaketari buruzko» lan bat sortzeko asmoa zuela aurreratu zuen Jon Ander Urrestik (Bermeo, Bizkaia, 1992). Urtebete izan du asmo hori mamitzeko, eta, arian-arian ideia norabide ugaritan hazi bada ere, ardatza bere horretan mantendu da: eukaliptoa ardatz hartuta, gaurko eta hemengo bizimoduaren zenbait galdera eta kontraesanetan arakatzea. Urresti: «Hori finko mantendu da, baina, zenbat eta gehiago jakin eukaliptoaren inguruan —eukaliptoaren friki batzuk bihurtu gara—, orduan eta simil gehiago sortu dira, eta harreman horrek konplexutasun handiagoa hartu du».

Gaurko bizimoduaren eta eukaliptoaren hedapenaren arteko antzekotasunei begira, ekonomiaren inguruan biratzen duen jarduteko modua ikusten du nabarmenen Urrestik. «Hori da arrazoi nagusia gure basoen azalera gehiena —tira, ez dira basoak, dira zuhaitz landaketak, ze basoa beste kontzeptu bat da; hori ere ikasi dut bidean— eukaliptoa izateko». Kanpotik ekarritako zuhaitz espezie bat da eukaliptoa, azkar hazten dena, eta, beraz, etekin ekonomiko azkarrak ematen dituena; eta horren atzeko begiradari ere sakonago begiratu gura dio obrak. «Zer den exotiko izatea, zer gustatzen zaigun exostismotik; gero eta efizienteagoa den gauza bat. Kanpotik etorritako langilea bezala da; ez bada lanerako, ez dugu alboan gura».

«Dantzatik abstrakziorako eta irudimenerako joera gustatzen zait, eta antzerkitik terrenalerako joera, irisgarritasuna. Bien arteko mugan mugitzea gustatzen zait».

 JON ANDER URRESTI Aktorea

Izatez, eukaliptoak oso alboan ere ez ditu inork nahi, Urrestiren arabera. «Denok gura ditugu gure baserri ateetan sagarrondoak, haritzak… baina bazoaz ehun metro atzera, eta, ganadua dagoen lurretik aurrera, kilometroak eta kilometroak eukaliptoa da. Badakigu zertarako den gauza bakoitza, urrun dagoena nahi dugu dirua egiteko, eta gertu dagoena nahi dugu guri boterea emateko, noblezia emateko; nork ez du gura 400 urteko haritz bat bere baserri alboan».

Umorea eta lizentzia poetikoak

Obra osoan zehar, bi lagun ageri dira agertokian, Urresti bera eta Beñat Urrutia, eta bakoitzak bere pertsonaia jokatzen du: Urrestik, bere basoak esplotatzen dituen lur jabe batena, eta Urrutiak, kanpotik heldu den langilearena. Urrutia dantzaria da, gainera, eta dantzatik ere badu antzezlanak; ez pieza koreografiko osoak, ezpada gorputz keinuak. «Dantzatik abstrakziorako eta irudimenerako joera gustatzen zait, eta antzerkitik terrenalerako joera, irisgarritasuna. Bien arteko mugan mugitzea gustatzen zait», azaldu du Urrestik. Hala, modu «postdramatiko» batean josi dituzte ideiak eta irudiak emanaldian: «istoriotxoak» eta «lizentzia poetikoak».

Gailentzen den tonua, baina, umorearena da. «Euskaliptoaren gaia agian hitzaldi batean errazago sartzen da kontakizun batean baino», esan du aktoreak, eta, hain justu, horregatik erabaki dute «ironiari, kritikari, umoreari eta satirari» leku handia egitea. Tartean, halaber, artxiboko materialen bat ere baliatu dute, eukaliptoa heldu zeneko testuingurua oroitzeko, eta Euskal Herriko basoaren historiaren zertzeladak ere tartekatu dituzte.

Lantaldean, Urrestiz eta Urrutiaz gain, Matxalen de Pedro aritu da —zuzendaritzan eta dramaturgian—, eta testuetan Nerea Ibarzabalek ere hartu du parte. Urtebeteko prozesuan, gainera, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka ere irabazi du proiektuak, eta Urrestik poza agertu du, horrek «baldintza duinetan» lan egiteko aukera eman dielako. «Ez da beti erraza izaten hori».

Obraren estreinaldia urtarrilaren 19an izango da, Aulestin (Bizkaia), baina Durangoko Azokan aurrestreinaldia egiteko aukera izan du lantaldeak, eta «instrumentua afinatzeko» aukeratzat hartu dute. «Probatzeko modu bat izango da. Azkenean, antzerki obrak ez dakit bukatzen diren inoiz, baina, bukatzen badira, publiko aurrean bukatzen dira. Herri bakoitzean antzokia ezberdina da, publikoa ezberdina da, gu ezberdinak gara domeka batean eta ostiral batean… norabide egokian goazen ikusteko modu bat izango da».

hurrengo emanaldiak

  • Urtarrilak 19: Aulesti (Bizkaia, estreinaldia).
  • Urtarrilak 21: Antzuola (Gipuzkoa)
  • Otsailak 25: Lesaka (Nafarroa)

  • Martxoak 9: Sara (Lapurdi)
  • Martxoak 29: Ajangiz (Bizkaia)
  • Apirilak 6: Bergara (Gipuzkoa)
  • Apirilak 12: Ataun (Gipuzkoa)
  • Apirilak 26: Villabona (Gipuzkoa)
  • Apirilak 27: Larrabetzu (Bizkaia)
  • Apirilak 28: Mutriku (Gipuzkoa)
  • Maiatzak 5: Uharte (Nafarroa)
  • Maiatzak 10: Larraun (Nafarroa)
  • Maiatzak 12: Oiartzun (Gipuzkoa)
  • Ekainak 21: Ziortza Bolibar (Bizkaia)
  • Irailak 22: Usurbil (Gipuzkoa)
  • Urriak 4: Legutio (Araba)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.