Ostiralean hasi eta maiatzaren 1era artean eginen dute Baigorriko Kulturaldia

Euskal Herria Eguna berreskuratuko dute aurten: apirilaren 20an eginen dute, «euskal herritarren arteko harremanak bultzatzea xede». Nafarroaren Eguna apirilaren 28an ospatuko dute.

Basaizea kultur batasuneko kideak Iruñean, Kulturaldiaren eta Nafarroaren Egunaren aurkezpenean
Basaizea kultur batasuneko kideak Iruñean, Kulturaldiaren eta Nafarroaren Egunaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko apirilaren 3a
13:00
Entzun

Euskararen hedapena ez dadin izan erakusleihoetako kontua bakarrik, marketinarena. Euskara eta euskal kultura ez daitezen izan museo, baizik bizitoki. Eta horiek bi adibide baizik ez dira, baina Basaizea kultur batasunak dozenaka, zientoka argudio konta ditzake esplikatzeko zergatik behar duen Kulturaldia Baigorrik (Nafarroa Beherea), are Euskal Herriak. «Ez dugu begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi badugu horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla, euskal kulturak leku ttipiegia baitu gure lurraldean», esan du Basaizea elkarteko Xalbat Altzugaraik. Hain justu, esparru hori ahalik eta gehien zabaltzeko antolatu dituzte dozenaka kultur jarduera eta emanaldi beste behin: antzezlanak, solasaldiak, musika emanaldiak eta beste. Kasik hilabete iraunen du programazioak; ostiralean hasiko da, apirilaren 5ean, eta maiatzaren 1ean bukatu. Nafarroaren Eguna ere ospatuko dute tartean: apirilaren 28an izanen da, igandearekin. 

Basaizea elkarteak 1979an antolatu zuen Kulturaldia estreinakoz —lehen, Kultur Astea zuen izena—, izan dituzte aldaketak ordutik, baina tinko eutsi diete aldarrikapenei, moldaketak izanik ere. «Gure aldarrikapenak ez dira harri bihurtzen», zehaztu du elkarteko kide Oihana Bidartek. Izatez, ideia horri loturik, Joxean Artzeren hitz batzuk hartu dituzte lelo gisa aurtengo aldirako: «Iturri zaharretatik edaten dut/ beti berria den ura». Eta tesi hori garatu du Bidartek, honela: «Gure iturri zaharretatik sor dezagu guk nahi dugun aldaketa, guk nahi dugun ur emari geldigabea. Iturri zaharreko tradizioa ez dadin museoko pieza bihurtu, gure esku baita euskal kultura berritzea, tradizioa gaurko garaietara ekarriz, etengabeko ur isuri berria sortuz». Bestalde, Basaizea elkartekoek irmo kritikatu dute «kanpotik» euskal kulturari emaniko tratua eta erabilera, eta salatu dute, besteak beste, euskara «irizpide seduzitzaileekin» paratzen dela erakusleihoetan, eta «salmenta produktu bihurtu», batik bat.

Hortaz, euskaraz euskal kultura biziaraztea helburu, egitarau zabala ondu dute Basaizea taldekoek, eta Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eginiko agerraldian aletu dute, zehazki, egun bakoitzerako zer antolatua duten. Ostiral arratsean hasiko da Kulturaldia, migrazioari buruzko hitzaldi batekin; Izpegiko Bereko Bentan eginen dute, 19:30ean. Biharamunean izanen du segida jaialdiak, larunbatean: Anche et Cie orkestrak emanaldia eginen du 16:00etan Baigorriko Biletxean.

Lau eguneko etena hartu, eta apirilaren 11rako antolatu dute hurrengo jarduera; zinemari eginen diote txokoa. Mirande, film bat egiteko zirriborroa filma emanen dute Biletxean, 20:30ean, eta solasaldia izanen da ondotik. Hizlariak, hauek: Josu Martinez —zuzendaria—, Joseba Sarrionandia eta Nora Alberbide.

Apirilaren 12an Gora euskal herrientsak! liburu ilustratuaren aurkezpena izanen da Urepeleko Amerikanoenean (Nafarroa Beherea). Basaizeakoek nabarmendu dutenez, Asisko Urmenetaren saiakera grafiko bat da lan hori, Dom Campistronen kolaborazioarekin egina. Kulturaren transmisioan hainbat emakume aitzindarik eginiko bideak omentzea du xede, besteak beste, eta, hori hala, «memoria historikoaren berreskurapen ariketarako lanabes» ere bada liburua, era berean.

Euskal Herria baturik

Apirilaren 20an izanen da aurtengo egitarauaren nobedade nagusia: Euskal Herria Eguna berreskuratuko du Baigorrik. Egun osoko programazioa ondu dute ordurako, Bixentaenean. Basaizeakoen esanetan, festa horren helburua da «Euskal Herriko eskualdeen arteko harremanak bultzatzea». Antolatzeko maneran ageri-agerian gelditzen da hori: Euskal Herriko lurralde bakoitzeko gutxienez herri batek parte hartuko du: Algorta (Bizkaia), Ibarra (Gipuzkoa), Agurain (Araba), Lizarra (Nafarroa), Baigorri, Itsasu (Lapurdi), Sara (Lapurdi) eta Maule (Zuberoa).

Kulturaldiaren azken asteburua bete-betea izanen da Baigorrin. Apirilaren 27an, larunbatean, Patxo Telleriaren Ai, gure juaneteak! antzezlan musikatua emanen dute Biletxean, 20:30ean, eta biharamunean Nafarroaren Eguna ospatuko dute egun osoan. Hala eta guztiz ere, joan den urtean ez bezala, aurten Nafarroaren Eguna ez da izanen programazioaren amaia. Maiatzaren 1ean izanen da itxiera: Mejillon Tigre kolektiboak Hitz esana ikuskizuna emanen du Arrosako Elgenian (Nafarroa Beherea).

Ohi bezala, Nafarroaren Egunari buruzko xehetasunak argitara ateratzeko ere baliatu dute Iruñeko aurkezpena Basaizeakoek. Apirilaren 28an izanen da, goiz-goizetik hasita. Hainbat jarduera izanen dira Gaineko plazan eta Behereko plazan, haur, gazte eta helduentzat. Besteak beste, kontzertu hauek iragarri dituzte: Kiki Bordatxo, Cumbian Bero, Belako eta DJ Uzkülüz. Gainera, bertso saio musikatua eginen dute aurrez, 15:00etan: Amets Arzallus, Xabat Illarregi, Ane Labaka eta Miren Amuriza ariko dira kantuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.